Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Ingurumen Sailak argazki lehiaketa bat antolatu du, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta baita LIFE programa europarraren 20garren urteurrena

2012.eko apirilak 06

Argazkiak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a da

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna maiatzaren 22an ospatzearen kariaz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak argazki lehiaketa bat antolatu du. Deialdi hau Euskadiko LIFE+ Estuarioak Proiektuaren baitan sartzen da, 2010az geroztik euskal kostaldeko hiru estuariotan garatzen ari baita: Urdaibai, Lea eta Txingudiko padurak. Aurten, gainera, Europar Batzordearen LIFE Programaren 20. Urteurrena ospatzen da.

Bi data horiek ospatzeko, "Estuarioak; mehatxuak eta kontserbazioa" izeneko argazki lehiaketa antolatu da, espazio preziatu horien kontserbazioak duen garrantzia azpimarratzeko xedez.

Lehiaketa herritar guztientzat dago irekita, eta pertsona bakoitzak gehienez 5 argazki aurkez ditzake. Bi sari emango dira, 1.000 eta 500 eurokoak, eta 20 obra onenak erakusketa ibiltari batean erakutsiko dira, Txingudi Ekoetxean, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan eta beste leku batzuetan. Argazkiak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a da.

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna maiatzaren 22an ospatzen da, munduko dibertsitate biologikoa kontserbatzearen garrantzia nabarmentzeko xedez. Biodibertsitate aberatsena duten ekosistemen artean, estuarioak eta padurak ditugu; aldi berean, baina, presio eta mehatxu ugari pairatzen dituzte, hala nola, espezie exotiko inbaditzaileen ugalketa.

Euskadiko estuario eta padurak lehengoratzen lagundu duten jardueretako asko LIFE programaren sostenguarekin gauzatu dira. Programa hori Europar Batzordearen ingurumenaren finantziaziorako tresna da, eta maiatzean bere 20. Urtemuga ospatuko du. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako ingurumen, lurralde plangintza, nekazaritza eta arrantza Saila Ihoberen laguntzarekin LIFE proiektu bat garatzen ari dira, espezie exotiko inbaditzaileen ugalketaren eraginez narriatuta dauden estuarioetako habitatak lehengoratzera zuzendua.

Informazio guztiak eta oinarri osoak webgune honetan kontsulta daitezke www.euskadi.net/life_estuarios.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko