Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak segurtasuna indartuko du Athletic-Schalke 04 partidurako

2012.eko apirilak 04

Alemaniako mila eta seiehun zale inguru etortzea espero da

Bihar osteguna San Mamesen Athletic eta Schalke 04 taldeek jokatuko duten partiduan segurtasun-neurri handiak ezarriko ditu Ertzaintzak, Alemaniako poliziarekin koordinatuta, norgehiagoka normaltasun osoz egin dadin.  Babes-neurrien artean, aurrekoetan bezala, honako hauek daude: taldeei, talde teknikoei eta epaileei laguntzea eta Bizkaiko hiriburuan zaleak elkartu ohi diren zenbait gune zaintzea.  Partidua ikustera Alemaniatik Bilbora mila eta seiehun zale inguru etortzea espero da.

Bihar, osteguna, San Mamesen, Europa League-eko final-laurdenetako bueltako partidua jokatuko dute Athletic de Bilbao eta Schalke 04 taldeek. Hori dela eta, Ertzaintzak segurtasun-neurri handiak ezarriko ditu, martxoko partiduan ezarri zituen neurrien antzekoak. Orduan, final-zortzirenetako bueltako partidua jokatu zuten Athletic eta Manchester United taldeek.   

Segurtasun-neurri horiek zehazteko, Alemaniako poliziarekin koordinatuta lan egin da, eta, aurrekoan bezala, polizia-neurriak hiru mailatan ezarriko dira: bi taldeen zaleak zaintzea, futbol-zelaiaren barruan zein kanpoan, kanpoko taldeari, talde teknikoei eta epaileei laguntzea Bilbora iristen direnetik, eta Bizkaiko hiriburuan zaleak batu ohi diren guneen zaintza globala egitea.

Segurtasun-neurri horiek ezartzeko baliabideak Bilboko Burutzak koordinatuko ditu, eta ertzain-etxe horretako, Brigada Mugikorreko eta Indartzeko Brigadako kideek parte hartuko dute. Bitartean, beste unitate batzuk prebentzio-egoeran egongo dira, badaezpada, esku hartu behar badute.    Halaber, Udaltzaingoarekiko lankidetza indartuko da.

Joaneko partiduan ez zen inolako istilurik egon, eta hori eta bi zalegoen ezaugarriak eta ibilbideak ikusita, Ertzaintzaren ustez, biharko norgehiagokak ez du zertan segurtasun-arazo berezirik sortu. Horretarako, bi taldeen jarraitzaileen portaera egokia izango dela espero du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan