NIK Patrika Digitala
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden 2.000 pertsona baino gehiago detektatu eta artatu ditu, duela hiru urte Oraintsuko Suizidio-ahaleginaren Kodea ezarri zenetik

2025-02-13
  • Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren tresna nagusietako bat da. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzak 2019an abiarazi zuen, jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta inpaktua murrizteko Euskadin.
  • Osasun Sailak adierazi du prest dagoela Osasun Ministerioak ostiral honetan Lurralde arteko Osasun Kontseilura eramango duen planari heltzeko orduan Euskadin metatutako esperientzia partekatzeko; izan ere, euskal estrategiaren esparruan dagoeneko hedatuta dauden neurriak aurreikusten dira plan horretan

Osakidetzak suizidio-arriskuan dauden 2.004 pertsona (564 2022an, 647 2023an eta 793 pertsona 2024an) detektatzea eta artatzea lortu du, duela 3 urte Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategian jasotako tresna nagusietako bat den Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea ezarri zenetik.

Euskal estrategia 2019an jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta inpaktua murrizteko Euskadin. Nahiz eta COVID19aren pandemiak zailtasunak eragin dituen, Euskadiko erakundeek koordinatuta eta zeharka jardun dute lanean jokabide suizidaren prebentzioan, detekzioan eta geroratzean eragina izateko gaitasuna duten eremu sektorialetan eta administrazio-mailetan.

Ez soilik osasun-esparruan; hartan, Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodearen ezarpenaz gainera, beste aurrerapen batzuk ere izan dira, hala nola Osasun Kontseiluak prebentzio-lanean izan duen inplikazioa, Osakidetzako Larrialdiek bideratutako pertsonei 024 telefonoaren bidez emandako asistentzia, Lehen Mailako Arretako Pediatriak nerabeetan depresioa prebenitzeko eginiko baheketaren ezarpena edo pazientearen segurtasun-estrategian suizidioaren prebentzioa sartu izana, gauzatutako jarduketa batzuk aipatzearren.

Ingurune komunitarioan ere urratsak eman dira, hezkuntza-eremuan arreta berezia jarriz, Hezkuntza eta Osasun Sailek ikastetxeetan prebentzio, esku-hartze eta geroratzeko plan bat jarri baitute abian.

Estrategian aurreikusi den beste jarduketa-ildoetako bat da Osakidetzak aurrez aurreko eta online prestakuntza-ikastaroak abian jartzeko aukera eman duena; ikastaro horiek osasun-arloko langileei eta osasun-arloaz bestelakoei, herritar orori eta kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei zuzentzen zaizkie. Zehazki, BIZI programak —prebentzioko online prestakuntza-ikastaro bat, profesional ez-sanitarioentzat edo klinikoak ez diren profesional sanitarioentzat, arriskuan dauden pertsonak detektatzeko, lehen laguntza eskaintzeko eta baliabide espezializatuetara bideratzeko tresnak emateko helburua duena— 3.700 pertsona baino gehiago (azken datuak) trebatu ditu 2022an abian jarri zenetik, eta Europako Batzordeak osasun mentalean etorkizun handiko praktika gisa hautatu du.

Era berean, Euskadiko erakundeek bizirik irten direnen elkarteei babesa eta laguntza emateko ekintzak garatu dituzte, elkarte horien eginkizuna ezinbestekoa baita esparru horretan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila prest agertu da metatutako esperientzia eta azken urteotan Euskadin lortutako aurrerapenak partekatzeko, Osasun Ministerioak bihar, ostirala, Lurralde arteko Osasun Kontseilura eramango duen 2025-2027 aldirako suizidioa prebenitzeko ekintza-planari ekiterakoan. Izan ere, plan horretan, euskal estrategiaren esparruan dagoeneko hedatuta dauden neurriak aurreikusten dira.

 OSASUN MENTALEKO ESTRATEGIA GLOBALA

Suizidioa prebenitzeko estrategia espezifikoaz gain, Lurralde arteko Kontseiluaren bilera horretan osasun mentalari heltzeko estrategia globalak ere jorratzea aurreikusita dago.

Euskadin, Osasun Mentaleko Aholku Batzordea Osasun Mentaleko Euskal Estrategia 2023-2028 garatzen ari da. EAEn arlo horretan egindako lan historikoari jarraipena ematen dion ekintza-plana, asistentzia-sistema osasun mentalaren sustapenarekin eta nahasmendu mentalen prebentzioarekin bateratuz.

Izan ere, euskal estrategiaren helburu orokorra da osasun mentalari arreta integrala bermatzea Euskadin, ikuspegi komunitarioan oinarrituta, pertsonan zentratuta eta hura suspertzera bideratuta. Horretarako, 10 jarduketa-ildo nagusitan taldekatutako hainbat ekintza garatzen ditu:

  • Autonomia eta eskubideak; arreta pertsonan zentratuta
  • Herritarren osasun mentala sustatzea eta nahasmendu mentalak prebenitzea
  • Prebentzioa, detekzio goiztiarra eta jokabide suizidarekiko arreta
  • Gaixotasun mentalak dituzten pertsonei arreta ematea, komunitate-esparruko errekuperazio-ereduan oinarrituta
  • Osasun mentala haurtzaroan eta nerabezaroan
  • Familiaren arreta eta esku-hartzea
  • Koordinazioa
  • Herritarren parte-hartzea
  • Prestakuntza
  • Ikerketa, berrikuntza eta ezagutza

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2025-02-13

    Ez litzateke ikusi behar tratamenduan dauden pertsonak deklaratzen ez badira, eta gidatzen ari dira, ez beren buruarentzat ideia txarrak dituztelako, baizik eta kalteak pertsona gehiagori eragin diezaieketelako. Era berean, ezin da gama altuko ibilgailu oso indartsua hartu, arriskua are gutxiago aitortu gabe ezintasun-egoera batean.

  • Argazkia Xaver
    2025-02-13

    No debería verse sin declarar personas en tratamiento y conduciendo ya no por que tuvieran malas ideas para si mismas sino por el daño pueden causar a más personas. Igualmente no cabe coger vehículo muy potente de alta gama sin siquiera declarar el riesgo menos aún en una situación de incapacidad.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak