Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Erakundeek proposamenak bateratu dituzte Gipuzkoako turismo-datuen joera-aldaketa zuzentzeko

2012.eko apirilak 03

Eusko Jaurlaritzak harrera egin die Aldundiari eta Donostiako Udalari, eta iaz abian jarritako esperientzia-programa indartzeak duen garrantziaz jabetu dira.

Erakundeek turismo-sektorearekiko konfiantza berretsi dute turisten eta ostatu-gauen kopurua berreskuratzeko.

 

Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala gaur bildu dira, Gipuzkoako lurraldera iritsitako turisten azken datuak aztertzeko.

Pilar Zorrilla Merkataritza eta Turismoko sailburuordea eta Isabel Muela Turismoko zuzendaria Gipuzkoako erakunde nagusietako turismo-arduradunekin bildu dira gaur Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzan. Bilera hori "asmo konstruktiboarekin" eta azken joera-aldaketari irtenbideak bilatzeko asmoarekin egin da, azken hiru hilabeteetan lurraldean turista kopuruak behera egin baitu, batez ere estatuko turistei dagokienez.

Urteko bi lehen hilabeteetan bakarrik, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) zifra ofizialek adierazi dute Donostiak % 10,2 beherantz egin duela estatuko turisten kopuruan (edo bestela esanda, 3.621 bisitari gutxiago). Gipuzkoako lurralde osoak % 7,6 egin du beherantz estatuko turisten kopuruan, aurreko urtearekin alderatuta (4.774 bisitari). Datu horiek 2011ko azken hilabeteetan dagoeneko ikus zitekeen joera-aldaketa berretsi dute, bi urtez baino gehiagoz hazi ondoren.

Hori ikusirik, gaurko bilera baliagarria izan da erakundeek joera-aldaketa hori zuzentzeko proposamenak bateratzeko. Hiru administrazioek konpromisoa hartu dute Euskadi, Gipuzkoa eta Donostiaren sustapena ildo beretik joan dadin formulak bilatzeko. Horrela, Jaurlaritzaren politikak esperientzien aldeko apustua egiten du produktu azpimarragarrien gisa. Berrogeita hamar inguru eskaintzen dira, eta horietako batzuk Gipuzkoako lurraldekoak dira.

Erakundeek bat egin dute dagoeneko garatzen ari diren teknologia berrien aldeko apustu batzuekin (bidaietan espezializatuta dauden atarien bitartez sustatuz, adibidez), baita Euskadiren lehentasunezko merkatuetan bertan egoteak duen garrantziarekin, adibidez Frantzian, Alemanian, Italian edo Erresuma Batuan.

Hiru erakundeek, era berean, Donostia 2016an Kulturaren Europako Hiriburu izatearen aldeko apustua konpartitzen dute, baita negozio-turismoa zaindu beharra ere, Euskadiren erakargarritasunaren alderdi garrantzitsua delako, baita Euskadi barneko sustapena ere.

Era berean denok bat datoz tradizio, esperientzia eta kalitate handikoa den Gipuzkoako turismo-sektorearekiko konfiantza berresterakoan, azken bi urteetan lortu ziren turisten eta ostatu-gauen kopurua berreskuratzeko.

Jaurlaritzak, gainera, hiru aldundien eta hiru hiriburuen artean harremana indartzeko ideia iradoki du, Euskadi helburu turistiko gisa bere osotasunean hobeto sustatzeko.

Turismo-politiken jarraipena egiteko eta turisten eta ostatu-gauen kopuruaren joera perspektibarekin ikusteko, hiru erakundeek aurreikusi dute beste bilera bat egitea aurtengo lehen seihilekoa amaitu baino lehen (martxotik maiatzera doan hiruhilekoaren datuak ezagutu ondoren).

Euskal erakundeek, nolanahi ere, tresna komunak dituzte turismo-administrazio eta -sustapenaren alorrean politika bateratu bat planteatu ahal izateko. Zehazki, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana eta Marketin Plana daude, eta euskal turismoari emaitza garrantzitsuak ematen ari diren bi tresna dira.

 

Donostia, 2012ko apirilaren 3a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)