Berriak Kultura
Eu

Zabalateko Gune Arkeologikoa monumentu-multzo izendatu da (2012-04-03(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko apirilak 03

Dekretua; Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena.

Kulturako sailburuaren proposamenez, Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoaren Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak. Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du gune arkeologiko hori.

Kultura Sailak dekretu honen berri emango dio Zambranako udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari. Halaber, eskaera egingo dio Zambranako udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumentu multzoaren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara.

Multzo honetarako markatu diren mugak historian zehar herrixka babesteko askitzat jotako mugak dira, neurri handi batean lurraren eite natulararekin bat datozenak. Horrenbestez, iparraldeko muga izango da alde horretatik Portilla herrira daraman bidea, lurrak toki horretan berez duen malda handiaz haraindi; hegoaldetik, bi sakan-lerroak (mugaketaren barruan haitz bakan batzuk geratzen dira, talaia gisa); ekialdetik, muga lurraren bihurgunean egongo da, gorantz hasten den horretan, hain zuzen ere, eta mendebaldetik, muga Portillatik gaztelura igotzen den bidetik gertu doan lerro paraleloa izango da.

Deskribapena
Zabalateko multzoa Portilla de Ibda herritik hegoekialderantz dago. Herri horretatik abiatuta erraz iristen da multzoa dagoen goragunera (793 m). Ikuspegia bertatik zabala da: Zambrana eta Berantevilla (mendebaldean eta iparraldean), bai eta Miranda de Ebroren arroaren zati handi bat ere. Tokiaren ohiko izendapena "Portillako Gaztelua" izan arren, aztarnategia hori baino handiagoa eta konplexuagoa da; horregatik erabaki da "Zabalateren Multzoa" erabiltzea.

Zabalateko Multzoa aztarnategian gizakiaren okupazioa Protohistoriatik Aro Modernora arte izan dela erakutsi dute urtez urte egindako ikerketa kanpainek. Zehazkiago, Brontze Aroaren bukaera aldeko - Burdina I garaiko aztarnak berreskuratu dira, Erdi Arokoak ere bai (XI-XIV mendeetakoak), eta XVIII. menderainoko banakako aztarna batzuk ere.

Gaur egun, errazen ikusten dena eta, nolabait, aztarnategia ezaugarritzen duena haren harrizko murrutzarrak dira, Erdi Aroko Portilla hiribilduaren harresia, eroria dagoen elizaren hormatzarrak, eta gazteluaren harresia eta dorrea, punturik gorenean. Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko gotorlekuaren eta hiribilduaren harresi estuetatik landa, herrixka hegoalderantz eta mendebalderantz zabaltzen da, eta bertako aztarnek kronologia zaharragoa salatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan