Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartu du (2012-04-03(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko apirilak 03

Dekretua, Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartu du, zeinak Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legea garatzen baitu.

Erregelamendua egiterakoan garraio-eredu jasangarriago baterako bidean aurrera egiteko beharra ikusi da, eta hiru ikuspegitatik gainera; ingurumenaren jasangarritasuna lortu nahi da, energia garbiagoak erabiliko dituzten eta energia-kontsumo eraginkorragoa egiten lagunduko duten garraiobide jasangarriagoen aldeko apustu garbia eginez; jasangarritasun soziala, guztiek izan dezaten garraiobideak erabiltzeko aukera, behar handiena dutenen kolektiboengan arreta bereziak jarriz; eta jasangarritasun ekonomikoa, eta horrek eskatzen du baliabideen esleipen eraginkorragoa egitea, Eusko Jaurlaritzak koordinatuta, legean aurreikusten diren plangintza-ahalmenak baliatuz, era horretan garraio-zerbitzuen eskaintza eta baliabide publikoen kudeaketa optimizatzeko.

Bestetik, Erregelamenduaren helburua da errepideko garraioan kalitatea eta batez ere segurtasuna sustatzea, eta zehatzago esanda, ikastetxeetako joan-etorrietako segurtasuna.

Gainera, erregelamenduaren asmoa da merkatu irekiagoa, askeagoa eta lehia-zuzenbidearen azken joerei hobeto egokitzen zaiena sortzen laguntzea, eta horrela, zerbitzu hobe eta merkeagoa lortzea erabiltzailearentzat, eta horretarako, errepideko erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularraren kudeaketa adjudikatzeko, oro har, emakida-sistemara joko da, (betiere publizitate, lehia eta gardentasun printzipioei jarraituz), halako moldez non emakida-eredu benetan meritokratikoa lortuko den, hau da, beste ezeren gainetik zerbitzurik egokiena emateko merezimenduak lehenetsiko dituena.

Horregatik, estatuan eta Europar Batasunean lehendik dagoen araudiarekiko harmoniari eutsi zaio legea garatzerakoan.

Testuak arautzen ditu oinarrizko printzipioak, administrazioen plangintza-ahala, administrazioen arteko lankidetza eta beste garraiobide batzuekiko koordinazioa, tarifen araubidea eta garraiolari gisa jarduteko araubide juridikoa.

Era berean, herri arteko zerbitzua ezartzearen ingurukoak arautzen ditu; zerbitzua ezartzeko ekimena administrazioarena, ofizioz, partikularrena edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuena izan daiteke, eta ezartzeko kontuan izango dira garraio-eskari errealak edo potentzialak, horiei erantzuteko dauden baliabideak, zerbitzu hori sarean sartzeak izango duen oihartzuna eta zerbitzua ezartzean eragin dezaketen gainerako inguruabar sozialak; eta gainera, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen den zerbitzuren bat garraio-programa eta -planetan jasota ez badago, edota alderantziz, jasota egon arren, gerora ikusten bada ez dagoela zerbitzu jakin hori sortzeko edo mantentzeko beharrik, programa eta plan horiek eguneratu egin beharko dira.

"Emakida-araubidea" izeneko atalean gardentasunaren, lehian parte hartzen duten operadoreak berdin tratatzeko eta proportzionaltasunaren printzipioak bermatzeko aurreikuspenak garatzen dira; zehazten dira zerbitzu publiko gisa dagozkion betebeharrak, zeinak emakidaren baldintza-agirian sartu beharko baitira; eta emakiden iraupena ere arautu egiten da, zerbitzuaren ezaugarri eta beharren araberakoa behar duena, baina 10 urteko epea gainditu gabe, nahiz eta berariaz aipatzen diren hainbat kasutan, hasierako epea, gehienez ere, beste % 50 luzatu daitekeen.

Erregelamenduak gainera, interes publikoko garraio zerbitzuen araubide juridikoa arautzen du. Horrela, bada, erabilera txikiko zerbitzuak eta ohiz kanpoko eta aldi baterako beharrengatik aldi baterako zerbitzu erregularrak ezartzeko arauak finkatzen ditu.

Erabilera bereziko garraio erregularrak ere arautzen ditu, bai eta eskatu ahalako zerbitzuak, garraio turistikoa, garraio pribatu osagarriak, herriko eta herri arteko garraioa, bidaiari-geltokiak, instalazioek izan behar dituzten gutxieneko eskakizunak, eta ikuskapen eta kontrol-araubidea.

Plangintza orokorra
Eusko Jaurlaritzari dagokio herri arteko garraioaren plangintza orokorra egitea, sektorearen aurreikuspenak, helburuak eta lehentasunak zehazteko, eta horrela, garapen harmoniko, orekatu, eraginkor eta jasangarria bermatzeko; bai eta garraio-zerbitzu publiko guztiak koordinatu eta eskaintzea, garraio-sistema orokorrarekin uztartuta. Horrela, bermatuko da beste garraiobide batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuekin eta, oro har, erlazionaturik daude beste administrazio-jarduketa batzuekin ere koordinatuko direla, azken finean, helburua baita baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa lortzea.

Garraio-plan orokorrak, besteak beste, alderdi hauek jasoko ditu: Euskadiko mugikortasunaren analisia eta diagnostikoa bereziki errepidez egiten den garraio publikoko mugikortasunarena; sarearen estalduraren eta irisgarritasunaren analisia; eta eskari globalaren eta egungo zerbitzuak, azpiegiturak eta instalazioak eskari horretara zenbateraino egokitzen diren aztertzeko analisia. Analisi horiek abiapuntu gisa hartuta, garraio-plan orokorrak ezarriko du garraio-zerbitzu erregularren sarearen diseinu orokorra, haren oinarrizko ardatzena eta bestelako garraio-sistemekin eta Euskadiko garraio publikoko eskaintzarekin nola integratu behar den.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan