Azaroak 25 kanpaina
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko osasun sistema publikoaren estrategiak definitzeko fasean sartu da Euskadiko Osasun Ituna

2025-01-29
  • Osasuneko sailburu Alberto Martinez foroaren bosgarren bileraren buru izan da gaur Irunen. Bertan, printzipio eta balioen dokumentua aztertu da; bertan, eragileen ekarpenak jaso dira
  • Gaur goizeko saioak hirugarren faseari hasiera emateko balio izan du. Fase horretan sei esparru jorratuko dira: osasuna eta herritarren eskaria; kalitatea eta segurtasuna; profesionalak; informazioa; osasun-sektorea, balioaren eta hazkundearen sortzaile gisa; eta osasun-azpiegituren modernizazioa
  • Aldi bereko lantaldeak sortuko dira estrategia eta jarduketa-ildo desberdinetarako, prozesua dinamizatu eta arintze aldera. Hurrengo hitzordua otsailaren 26an izango da

Euskadiko Osasun Itunaren Mahaia hirugarren fasean sartu da, estrategien definizioaren fasean, gaur Irunen egindako bileraren ondoren. Bilera horretan, printzipioen eta balioen dokumentua aztertu da, eta eragileen ekarpenak jaso dira.

Osasuneko sailburu Alberto Martínez izan da FICOBAko azoka-barrutian egin den bosgarren bilera honen buru. Bertan, euskal osasun-zerbitzu publikoa indartzeko, ongizatean hazteko eta etorkizuna prestatzeko balioko duen herri-akordio bat eraikitzeko lanean ari diren Euskadiko eragile sozial, politiko eta sanitarioen inplikazioa aintzatesteko aprobetxatu du sailburuak.

Azken testuak, eragileen ekarpenekin, unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea eta autonomia jasotzen ditu Euskadiko Osasun Sistema Publikoaren funtsezko BALIO gisa. 

Halaber, Euskadin osasun-laguntza zehaztuko duten PRINTZIPIOAK definitzen ditu:

  • Pertsonetan eta populazioetan oinarritutako osasun- eta ongizate-eredua, prediktiboa, prebentiboa eta aurrea hartzen duena, gaixotasunen aurrean soilik erreaktiboa den ereduari kontrajarrita.
  • Partaidetza-kultura eta osasun-arloko erantzunkidetasuna
  • Enpatia, errespetua eta duintasuna sustatzea, harremanen oinarri gisa.
  • Lankidetza eta talde-lana.
  • Kalitatea eta etengabeko hobekuntza ardatz eta motor gisa.
  • Une bakoitzean eskuragarri dagoen ebidentzia zientifiko onenaren araberako estrategiak.
  • Emaitzen ebaluazioa, herritarrei emandako balioaren adierazleen bidez.
  • Asistentzia-eredu integratua, etengabeko arreta pertsonalizatura zuzendua.
  • Espezializazio estrategikoan oinarritutako antolaketa-eredua, herritar guztien eskura egongo dena.
  • Plangintza estrategikoa, herritarren beharren arabera.
  • Profesionalak eta langileak aitortzea, beren estrategiak garatzeko giltzarri gisa.
  • Lanbide-kategoria bakoitzerako legez ezarritako gaitasunak optimizatzea, sistema efiziente eta malgu bat bilatuta.
  • Jasangarritasunaren bermea.
  • Eraldaketen inplementazio progresiboa, malgua eta iraunkorra.
  • Kultura eta lidergo eraldatzaileak, pertsonei zuzendutako sistema berritzaile eta jasangarri baten oinarri gisa.

Hala, Osasun Ituna bere hirugarren fasean sartzen da, printzipio horien gainean garatu beharreko ESTRATEGIAK zehaztera bideratuta. Eta horretarako, otsaileko lehen hamabostaldian aldi bereko lantaldeak sortuko ditu estrategia eta jarduketa-ildo desberdinetarako, prozesua dinamizatu eta arintze aldera. Hurrengo hitzordua otsailaren 26an izango da. Metodologikoki definitutako 6 hausnarketa-esparruak honako hauek dira: herritarren osasuna eta eskaria; kalitatea eta segurtasuna; profesionalak; informazioa; osasun-sektorea, balioa eta hazkundea sortzeko; eta osasun-azpiegituren modernizazioa.

Lantaldeek 17 estrategietan lan egingo dute – agenteek epe jakin bat izango dute beste estrategiaren bat gehiago proposatzeko - eta estrategia horiek, aldi berean, zazpi blokeren inguruan multzokatzen dira:

  1. Osasunaren Prebentzioa eta Sustapena, Osasunaren Prebentzioa eta Zaintza barne; eta Osasunaren Sustapena eta Ekintza Komunitarioa, gizarte-baldintzatzaileetan oinarrituta, ekitate-ezak murrizteko.
  2. Lehen Mailako Arreta eta Arreta Komunitarioa indartzea, ikuspegi integral, luzetarako, irisgarri eta proaktiboarekin.
  3. Gaixotasuna artazea: kronikotasuna; denbora-mendekotasuna duten Patologien arreta; eta arreta soziosanitarioa.
  4. Espezifikoak Lehentasunezko Arloetarako: Plan Onkologiko Integrala; Gaixotasun Kardiobaskularren Arreta; eta Osasun Mentaleko Estrategia.
  5. Kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna hobetzea: balioa eta emaitzak osasunean; antolaketa-berrikuntza, laguntza-ereduak eta gobernantza; I+G+b osasunean; eta digitalizazioa osasunean.
  6. Profesionalak garatzeko estrategiak: ezagutza, osasunaren arloko prestakuntzan eta irakaskuntzan oinarrituta; eta pertsonen politika, atxikipenera, fidelizaziora, parte-hartzera eta lidergora bideratua.
  7. Herritarren Partaidetzarako Estrategia.

Aurreikuspenen arabera, aurtengo lehen seihilekoan martxan egongo da Euskadiko Osasuna Ituna; mahai horretan osasun-esparruko hainbat adituk parte hartzen dute: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, optikoen eta optometristen elkargo ofizialetako ordezkariek, gizarte-langileek, fisioterapeutek, biologoek eta albaitariek, baita paziente-elkarte desberdinek ere. Medikuen Sindikatuak, SATSEk eta SAEk ere parte hartzen dute. Foroan alderdi politikoak, sindikatuak, UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitateak eta Confebask ere ordezkatuta daude.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2025-01-29

    Comentario de X:
    👉El consejero de Salud, Alberto Martínez, ha presidido hoy en Irun la quinta reunión del foro, donde se ha analizado el documento de principios y valores, en el que se han incluido las aportaciones de los agentes

    https://t.co/D3R5tTurCh

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak