qrcode

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin nekazaritzako elikagaien analisiak egiteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko (Gobernu Bilera 2025-01-28)

2025-01-28

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako ekoizpenaren baliabideen laginak aztertzeko hitzarmen bat sinatzeko.

Bere garaian, aurreko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin batera, administrazioen arteko lankidetza-akordio bat sinatzea sustatu zuen. Orain Amaia Barredo zuzentzen duen sail berria arduratuko da lan horietaz.

Hitzarmenak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arteko lankidetza-esparrua ezartzen du nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako ekoizpen-baliabideen analisien arloan eta produktu horien kontrol analitiko ofiziala hobetzearekin lotutako gainerako ekintzen arloan; bai eta elkarrekikotasun-printzipioa aplikatuz, bi administrazio publikoen mendeko elikagai-laborategiek egindako laginen analisi ofizialen zerbitzuengatiko tasak elkarri ordaintzetik salbuestea ere.

Bi aldeek honako konpromisoak hartzen dituzte: beste aldeak eskatzen dituen nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako ekoizpen-baliabideen laginen analisi ofizialak egitea, dagozkien tasen salbuespena aplikatuz; laborategietako tekniketako adituen aholkularitza teknikoa ematea elkarri, bai eta aditu horiek elkarrekin antolatu ahal diren ikastaro eta jardunaldi teknikoetan laguntzea ere; eta administrazio autonomikotik laguntza ematea, beharrezkoa denean, iruzurra kontrolatzeko zerbitzu autonomikoek ardogintza-prozesuan hartutako laginen analisian, datu isotopikoen bankua osatzeko.

Lankidetza-jarduerak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren aldetik, nekazaritzako elikagaien laborategien bidez egingo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aldetik, nekazaritzako elikagaien arloko autonomia-erkidegoko laborategien bidez. Hitzarmenak ez dakar konpromiso ekonomikorik aldeentzat. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko