Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du datorren iganderako, urtarrilak 26, Arabako eta Bizkaiko mendebaldeko haizeguneetan

2025-01-24
  • Hego eta hego-mendebaldeko haize-boladek 120 km orduko abiadura gaindi dezakete, batez ere bi lurralde horietako mendebaldeko haizeguneetan.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du igandean, urtarrilak 26, 06:00etatik 24:00etara Arabako eta Bizkaiko haizeguneetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako.

Aldi berean, ordu tarte berean, haizeagatik beste bi abisu hori indarrean egongo dira: bat Gipuzkoako haizeguneetan, batez ere mendi inguruetan, haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako, eta bestea EAE osoan, haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako, bereziki lurraldearen mendebaldean.

Euskalmeten arabera, datozen egunetan, haizeak eta itsasoaren egoerak okerrera egiteaz gain, prezipitazioa eta tenperatura-jaitsiera eragingo dituzte hainbat frontek, eta, ondorioz, baliteke elur-kota 1.500 metrotik behera egotea eta tarteka elurra egitea leku altuetan.

GOMENDIOAK BIZTANLEEI

Haizearen intentsitate handieneko orduetan:

  • Urrundu erlaitz, horma, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean.
  • Itxi eta ziurtatu ateak, leihoak eta olanak.
  • Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.

GOMENDIOAK UDALEI

  • Egin zure udalerrian dauden aldamioen, garabien eta obrako beste elementu batzuen jarraipena, eta ziurtatu aseguratu egin direla.
  • Ziurtatu hiri-altzariak, zaborrontziak edo istripuren bat eragin dezakeen beste edozein objektu.
  • Instalazio ez-iraunkorren, eramangarrien edo desmuntagarrien jarraipena egin, hala nola karpena, eta ziurtatu.

Iragarpenen eta abisuen eguneratzeak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da, bai haren webgunean (euskalmet.euskadi.eus), bai X kontuan (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak