Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Bizkaian gertatutako sexu eraso eta abusuei buruzko monografia bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

2012.eko apirilak 14

Lana Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko bertako auzitegiko medikuek gauzatu dute

Justizia eta Herri Administrazio Sailaren menpekoa den Bulego Fiskal eta Judizialaren Zuzendaritzak, Bizkaian 2009-2010 biurtekoan gertatu diren sexu eraso eta abusuei buruzko monografia bat argitaratu du. Guillermo Portero Lazcano, Ana Eugenia Abasolo Tellería, María Luisa de Francisco Maíz, Ainara Sudupe Moreno eta Ana Hidalgo Ocaña Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen (AMEE) Bizkaiko Zuzendariordetzako auzitegiko medikuek egin duten lan honen 500 ale liburu formatuan eta beste 500 CD formatuan kaleratu dira guztira.

‘Agresiones y abusos sexuales en Bizkaia. Víctimas. Bienio 2009-2010' izeneko lanak hiru zati ditu. Lehenengo atala teorikoa da eta bertan auzitegiko medikuek Justizia auzitegiak jakinaren gainean jartzeko erabil dezaketen literatura zientifikoa jaso dute 11 kapitulutan banatuta. Bigarren atala, enpirikoa da. Auzitegiko medikuek ikertu dituzten sexu-eraso eta -abusu guztiak jaso dira. Hainbat aldagai ikertu eta estatistikoki landu dira.

Hirugarren atalak "Eranskinak" izena du eta hiru azpi-ataletan banatuta dago: lehenengoan, delitu hauei buruzko zigor legedia jaso dute; bigarrena jarduteko protokoloei buruzkoa da (erakundearteko II. akordioan jasotakoa); eta hirugarrenean, berriz, heldu zein adingabekoek egindako sexu-erasoen kasuan informazioa jasotzeko formularioak jaso dituzte.

"Justizia eta Herri Administrazio Sailetik ikerketa-lan bikain baten hedapenari lagundu nahi diogu. Alde batetik, lan hau interesatuta dauden talde guztiek (auzitegiko medikuntzako erakundeak, epaileak, osasun zerbitzu publikoak, abokatuak, delitu hauek eraginda dauden pertsona-taldeak eta abar) erraz eskura dezakete eta, bestetik, lan honek aintzatesten du profesional batzuek, gure auzitegiko medikuek, ikertzeko asmo hutsarekin betetzen duten lana", adierazi du Rosa Gómez andreak, Eusko Jaurlaritzako Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariak, hain zuzen.

Gómezek, halaber, garrantzia ematen dio AMEEko profesionalen beraien inplikazioari. "Erakundeko pertsonen parte-hartzea, praktikan sartu behar den kudeaketa-printzipioa da, ezin hobe agerian uzten duelako pertsonak garrantzitsuak direla eta horien ekarpenak, motibazio-bidea izateaz gain, erakundean bertan eragin handia dutela. Bertako kideak dira bere lana inork baino hobeto ezagutzen dutenak, berritu beharreko arloak baita hobetzekoak ere", esan du zuzendariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan