Berriak Lehendakaritza
qrcode

Cambridgen egonaldiak egiteko Ikerlarientzako laguntzak eta musika, dantza eta kirol ikasketen baliozkotzeak

2025-01-21

Lehendakariak "Euskadi Globala" estrategiaren oinarriak azaldu ditu gaur Gobernu Kontseiluan. Ekimen honek planteatzen du jauzi kualitatibo bat ematea eta Euskadi etorkizuneko erronka global handietarako prestatzea.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, "Euskadi Globala" estrategiak ardatz gisa ditu: sare eta aliantza estrategiko berriak ehuntzea, Europan erabakiak hartzen diren mahaietan ahots propioa izatea eta enpresa-ekosistemaren alde egitea, Euskadira inbertsioa eta talentua erakartzeko.

"Euskadi Globala" estrategiak ardatz gisa ditu sare eta aliantza estrategiko berriak sortzea, Europan erabakiak hartzen diren mahaietan ahots propioa izatea eta enpresa-ekosistemaren alde egitea, Euskadira inbertsioa eta talentua erakartzeko.

Lehendakariak gaurko kontseiluan datorren astearte eta asteazkenean Bruselara egingo duen bidaiaren helburu nagusiak zein diren ere jakinarazi du. Ildo horretan, Maria Ubarretxenak azaldu du, Lehendakariaren Europako bigarren bidaia honen xedea dela Euskadi posizionatzea eta Europako erakundeekin harremanak sendotzea, Euskadiri eragiten dioten gaietan.

"Beste lan-bilera batzuen artean, Teresa Ribera presidenteordearekin batzartzea aurreikusita dago, besteak beste, trantsizio energetikoarekin lotutako gaiak jorratzeko " azaldu du Ubarretxenak.

Azkenik, Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Lehendakaria Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioarekin ere bilduko dela. Bilera horretan, Alain Rousset Nouvelle Akitaniako presidentea izango da eta Abiadura Handiko Trena Frantziarekin lotzea izango da bileran jorratuko den gaietako bat.

Osakidetza-AMEE hitzarmena

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen eta Osakidetzaren arteko lankidetza-hitzarmenari. Hitzarmenaren helburua da profesional sanitarioei prestakuntza ematea, prozesu judizialetan Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eskatzen dituen peritu-probak egin ditzaten.

Gainera, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute interes komuneko gaiei buruzko ikerketa-proiektuetan.

Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du hitzarmenak prestakuntza-egonaldien programa bat ere aurreikusten duela, auzitegi-medikuek Osakidetzako ospitaleetan praktika klinikoak egiteko aukera izan dezaten. Era berean, Osakidetzako langileek Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen prestakuntza jasotzeko aukera ere izango dute.


Cambridgeko ikerlarientzako laguntzak

Gobernu Kontseiluak, halaber, 2025-26 ikasturtean Cambridgeko Unibertsitatean ikerlari bisitari gisa egonaldiak egiteko lau laguntza onartu ditu.

Maria Ubarretxenak azaldu duenez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak laguntza horien kopurua eta iraupena handitzea erabaki du, Euskadi-Erresuma Batua lankidetza-ikerketa sustatzeko hezkuntza-eremuetan.

Horrela, sailak 9 hilabeteko bi egonaldi egiteko laguntzak eskainiko ditu (Visiting Fellow modalitatea), 130.000 euroko aurrekontu partidarekin eta 2 hilabeteko beste bi egonaldi egiteko laguntzak ere emango ditu,  29.000 euroko aurrekontuarekin (Post Visiting Fellow modalitatea).

DBH eta Batxilergoko ikasgaien ta musika dantza eta kirol ikasketen arteko baliozkotzeak  

Eusko Jaurlaritzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zenbait ikasgairen eta Musikako eta Dantzako Ikasketa Profesionaletako hainbat irakasgairen arteko baliozkotzeak ezartzen dituen Dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluan.

Dekretu horrek, gainera, jasotzen du zer eragin izango duen goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateak edo dantzako ikasketa profesionaletako ikasle izateak gorputz-hezkuntzaren ikasgaian.

Modu honetara, Hezkuntza Sailak bultzatu eta erraztu nahi izan du aldi berean egin ahal izatea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak eta Musika eta Dantzako Irakaskuntza Profesionalak. Gainera, ikusi da egokia dela Gorputz Hezkuntza arautzea kirolarientzat, hau da, goi-mailako edo errendimendu handiko ikasleentzat eta Dantzako Ikasketa Profesionaletako ikasleentzat.

Bide batez, dekretuari esker, baliozkotzeei buruzko araudia moldatu eta eguneratu da, indarrean dauden zenbait legetara egokitzeko.

Araubide bereziko kirol-irakaskuntzak emateko ikastetxe pribatuen baimen arautzea

Eta amaitzeko, beste dekretu-proiektu bat ere onartu da gaur, hain zuzen, ikastetxe pribatuek araubide bereziko kirol-irakaskuntzak emateko baimenaren prozedura arautzen duena.

Araubide bereziko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatuei baimenak emateari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumena baliatu izan du Estatuko legeria modu osagarrian aplikatuz. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak proposatuta Gobernu Kontseiluan onartutako araudiaren helburua da horrelako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatuek bete behar dituzten espazio, instalazio, ratio, irakasle eta abarrei buruzko baldintzak ezartzea.

Prentsa dosierra

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak