Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Funtzio Publikoak Euskal Herri Administrazioko Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko lehenengo Plana prestatu du

2012.eko apirilak 10

Administrazioari lan-prebentzioren arloan sistema bakarra ematen dion plan honek sindikatu guztien adostasuna izan du

Justizia eta Herri Administrazio Sailekoa den Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzako Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko lehen Plan Nagusia prestatu du. Jaurlaritzaren Kontseiluan orain dela gutxi onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor osoan eta bere erakunde autonomoetan aplikatu behar da. Plan honetatik kanpo geratuko dira Ertzaintza eta horren laguntza-zerbitzuetako langileak, unibertsitateaz kanpoko irakasleak eta Administrazio orokorreko eta horren erakunde autonomoetako langileak (baldin eta segurtasuneko eginkizun publikoen, babes zibileko ekintza-zerbitzuen eta auzitegiko-ikuskatze lanak, arrisku larriko egoeretan, hondamen-egoeretan eta zoritxar publikoko egoeretan, betetzen badituzte).

Sindikatu guztien (LAB, ELA, UGT eta CC OO) ekarpenak eta adostasuna dituen lehenengo Plan Nagusi honek duen helburua da Administrazioari sistema bakarra ematea lanpostuan prebentzio-jarduerari ekiteko, 54/2003 Legeak aldatutako Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluak jasotzen duenaren arabera. Legeak ezartzen duenez, "laneko arriskuen prebentzioa Administrazioaren sistema orokorrean gehitu beharko da, bere baitan dituen jarduera guztietan nahiz bere hierarkia-maila guztietan; horretarako, laneko arriskuen prebentziorako plan bat ezarri eta aplikatuko da". Orain arte, Legea indarrean sartu zenetik 15 urte pasatu eta gero, Administrazioak laneko arriskuen prebentziorako alorkako planak baino ez zituen.

Plan berrian, oro har eta oinarri gisa, prebentzio-politikak eta horien ezarpen-eremua, horren eginkizunak eta erantzukizunak edo Euskal Herri Administrazioan prebentzio-jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideen antolamendua ezarrita daude.
"Laneko segurtasun eta osasunaren arloan baldintza nagusiak ezartzen dituen kudeaketa-tresna bat da eta zehaztutako prebentzio-politikarekin bat etorri behar duten Administrazioak gai honen inguruan bete behar dituen jardueren helburuak zehazten ditu", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordea den Juan Carlos Ramos jaunak.

Era berean, planak esparru material eta funtzional honi dagokion arautegia jasotzen du, hura burutzeko prozedurak zehazten ditu eta, laneko segurtasun eta osasunari dagokienez, Administrazioaren hierarkia-mailei erantzukizunak eta eginkizunak esleitzen dizkie. Horrela, planak hiru helburu nagusi ditu: laneko arriskuak prebenitzeari buruz indarrean dauden arauak eta erregelamenduak betetzen direla ziurtatzeko baliabide egokiak ezartzea; segurtasuna eta osasuna babesteko prebentzioaren kudeaketa-sistema bat ezartzea; eta Administrazioaren eta horren erakunde autonomoen jarduera zehaztutako prebentzio-politikarekin bat datorrela ziurtatzea.

Prebentzio Plana gauzatze aldera, guztira 17 prozedura jasotzen ditu, langile berriei egin beharreko harreratik hasita simulakroetan edo jarrera matxisten aurrean egin beharrekoetara. Honako hau da jasotzen dituen prozeduren zerrenda osoa:

1. Langile berriei egin beharreko harrera.
2. Arriskuen komunikazioa.
3. Arriskuen ebaluazioak.
4. Norberaren babeserako ekipoak erosi eta ematea.
5. Langileen prestakuntza.
6. Ezaugarri bereziko langileak zehaztea.
7. Haurdun dauden langileen babesa.
8. Lanpostuz aldatzea osasun-arrazoiak direla medio.
9. Jarrera bortitzak prebenitu eta horien aurrean jardutea.
10. Lan-gatazken kasuetan jardun eta ikerketa egitea.
11. Laneko jazarpen moral edo sexuala gertatzen den kasuetan jardun eta ikerketa egitea.
12. Lan-zentroetako larrialdi-planak prestatu eta ezartzea.
13. Simulakroak eta ebaluaketa-ariketak egitea.
14. Istripuen berri eman eta ikerketa egitea.
15. Lan-ekipoak erostea (makinak eta produktu kimikoak).
16. Enpresen arteko koordinazioa.
17. Osasun-zaintza.

Planak abantaila asko sortzen ditu langile publikoari begira. Zentzu honetan Juan Carlos Ramos-ek azpìmarratu du "laneko segurtasuna eta osasuna hobetzera laguntzen du baita Administrazioaren atal eta mailen arteko laneko segurtasun eta osasun arloko kultura komuna sortzera ere". Sistemak prebentzio-politikari lotetsitako jomugak eta helburuak praktikan ipintzeko prozedurak ematen dizkio Administrazioari eta laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako kudeaketa-estrategiak ebaluatu eta praktikan ipintzeko arauak eskaintzen ditu.

Funtzio Publikoko sailburuordearen iritziz, "planak aukera ematen du ere sisteman berrikuntzak etengabe sartzeko eta, horiek, lan-bizitzaren kalitatea handitu eta bermatzen dute eta, aldi berean, langileen prestakuntzarako, kalifikaziorako eta motibaziorako tresna gisa balio du beraien segurtasunaren eta osasunaren babesari dagokionez".

Plana bi fasetan jarriko da martxan: lehenengo fasea 2013ra artekoa izango da eta horren ondoren planaren berrikusketa bat egingo da, bigarren fasea 2014. eta 2016. urteen bitartean ezartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan