
Gripearen intzidentziak Euskadin garai honetan gertatu ohi den igoerarekin jarraitzen du, baina larritasun berezirik gabe, birusaren portaeragatik eta txertaketaren eraginagatik
- Urteko bigarren asteko tasa 80,2 kasukoa da 100.000 biztanleko (aurreko astean 47,7 kasukoa zen). Ospitaleratzeak, berriz, jaitsi egin dira, data hauetan iaz zeuden kasuen azpitik baitaude
- Gaur argitaratutako txostenaren arabera, Arnas Infekzio Akutuaren (IRA) tasa larria murriztu egin da Osakidetzako ospitale-sarean; izan ere, lehen astean 100.000 biztanleko 29,4 kasu izatetik, bigarren astean 27,2 izatera igaro da
- Datorren astean denboraldi honetako gailurrera iristea aurreikusten da, eta, beraz, Osakidetzak erabat aktibo mantentzen du bere kontingentzia-plana
Gripearen intzidentziak (80,2 kasu 100.000 biztanleko) garai honetan eman ohi den goranzko ereduari jarraitzen dio Euskadin; ospitaleratzeek, berriz, behera egin dute. Hala jasotzen du Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko arloak astero egiten duen txostenak (urteko bigarren asteari dagokiona); epe hori bat dator Gabonetako oporren ondoren eskola- eta lan-jarduerara itzultzearekin.
Txosten horren arabera, gripe-sindromearen tasa, urteko lehen astean, 100.000 biztanleko 47,7 kasu izatetik, urtarrilaren 6tik 12ra 80,2 kasu izatera igaro da. 2 urtetik beherakoen artean bronkiolitis-tasa 641,3tik 420,3ra jaitsi da 100.000 biztanleko, eta COVID-19arena egonkor mantendu da balio txikietan (1,9 kasu aste honetan eta 1,6 aurrekoan).
Datu horiek baieztatzen dute gripearen portaera ohikoa dela, intzidentzia handiarekin data hauetan, eta kopuru maximora datorren astean iristea aurreikusten da.
Hala ere, intzidentzia handia izan arren, birusa ez da larritasun bereziarekin agertzen ari; neurri handi batean, txertaketari esker, kanpaina honetan haren estaldura % 4 baino gehiago handitu baita, gripearen aurkako 531.722 dosi eta COVIDaren aurkako 366.114 dosi jarri ondoren.
Izan ere, gaur argitaratutako txostenaren arabera, Arnas Infekzio Akutu (AIA) larriko tasa murriztu egin da Osakidetzako ospitale-sarean, 2025eko lehen astean 100.000 biztanleko 29,4 kasu izatetik, bigarren astean 27,2 izatera igaro ondoren. Era berean, intzidentzia handia izan arren, ospitaleratzeen kopurua aurreko ekitaldietan izandakoa baino txikiagoa dela egiaztatu da, baina adierazle horrek gora egingo duela aurreikus daiteke gailurrera hurbiltzen garen heinean.
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erabat aktibo dute abenduaren hasieratik aurreikusitako baliabide gehigarrien esku-hartzea, egon daitezkeen beharrei eta eskariei aurre egiteko. Errefortzu horrek, lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan, 508 ohe gehiago aurreikusten ditu ospitaleratze-kasuetarako. Gaur egun, intzidentzia handiko egoera horretan, 338 ohe prestatu dira: 34 Araban, 133 Gipuzkoan eta 171 Bizkaian. Gainera, errefortzu-plangintzak larrialdietan behaketa- eta aurreospitaleratze-eremuak gaitzea ere jasotzen du.
Aldi berean, eta aste erabakigarri batean gaudenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute, inoiz baino gehiago, komeni dela herritarrek gripea eta beste arnas-gaixotasun batzuk (COVID, adibidez) prebenitzeko gomendioak kontuan hartzea, neurri sinpleak hartuz, hala nola eskuak sarri garbitzea, pilaketak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea.

