qrcode

Hurtado sailburua: "Euskal Autonomia Erkidegoa liderra da eragile guztiei eta gure herritarrei mesede egiten dien turismo-eredu jasangarri batean"

2025-01-20

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoak 2025eko Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur) izango duen parte-hartzea. Azoka urtarrilaren 22tik 26ra egingo da Madrilen. Lander Imaz Basqueturreko Marketing Zuzendariarekin batera egin du prentsaurrekoa Sailburuak. Bertan, euskal turismo-industriak bizi duen une garrantzitsua azpimarratu du, pandemiaren erronkak gainditu ondoren sektore sendo, lehiakor eta berritzaile gisa indartuta baitago.

"Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa ez da 110.000 familia baino gehiagori lana ematen dien BPGd-ren % 6,6 soilik, beste sektore batzuetarako motorra ere bada, hala nola garraioarentzat, kulturarentzat eta merkataritzarentzat. Arrakasta hori hamarkada bat baino gehiago bultzatzen daramatzagun gure turismo jasangarriaren ereduan datza, bisitarien, sektoreko profesionalen eta gure herritarren arteko oreka lehenetsiz", nabarmendu du Hurtadok.

Aurtengo edizioan, Euskal Autonomia Erkidegoak bi ardatz nagusi izango ditu Fiturren: jasangarritasun turistikoarekin duen konpromisoa eta profesionalen lan bikainaren aintzatespena. Protagonista izango diren ekimenen artean, sailburuak turisten eta egoiliarren arteko bizikidetza sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat aurkeztuko dela azpimarratu du, baita Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa finkatu dela ere; azken horretara dagoeneko 800 enpresa baino gehiago daude atxikita. "Kode Etikoa ez da asmoen adierazpen bat soilik; sektoreak jasangarritasunarekin eta kalitatearekin duen konpromisoa islatzen duten prestakuntza, ebaluazioa eta auditoriak barne hartzen ditu kode horrek", azaldu du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren stand-a 900 metro karratuko espazio berritzailea izango da, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen txalaparta handi gisa diseinatua. Pantaila handiek irudi inprimatuak ordeztuko dituzte, Grand Tour Euskadi Basque Country-ari bizia emanez. Zortzi etapako ibilbidea da, eta ekoturismo, zikloturismo, industria-turismo, familia eta gastronomiako esperientziak uztartzen ditu. Diseinu horrek turismoaren desestazionalizazioa eta lurralde osoan barrena bisitari-mugimendu handiagoa sustatzea du helburu.

Gainera, stand-ak 200 metro karratu baino gehiagoko bilera-gune zabal bat izango du, harreman eta topaketa profesionalak gauzatzeko. Hurtadok adierazi duenez, aurreko edizioan 800 bilera baino gehiago egin ziren, eta aurten kopuru hori gainditzea espero da, Fiturrek turismoaren sektorerako funtsezko plataforma gisa duen garrantzia indartuz. Halaber, 25 aurkezpen instituzional eta enpresarial baino gehiago egingo dira, streaming bidez ikusi ahal izango direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren ikusgarritasuna indartzeko nazioarteko bisitarien aurrean.

"Euskal Autonomia Erkidegoan turismoa zifrak baino askoz gehiago da; gizarte kohesionatuagoa eta orekatuagoa eraikitzeko tresna da. Herritarrak turismoaren onuren partaide izatea nahi dugu, ez bakarrik ekonomikoki, baita kulturalki eta sozialki ere", azpimarratu du sailburuak. Azkenik, Hurtadok berretsi egin du bere sailak turismo arduratsua garatzeko duen konpromisoa, sektorearen eskubideak zein herritarren ongizatea defendatuz.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2025-01-23

    Plastiko birziklatuari irteera gehiago ematea; adibidez, babes pasiboko estaldura aplikatzea aire zabalean edo lurperatuta dauden elementuak oxidatu egiten dira, beste babes mota batzuekin batera produktuak bizitza baliagarri handiagoa izan dezan, abandonatutako leku guztietan plastikoak ikusi beharrean, baliabide gisa ez ikusteko moduan. Beste kasu batzuetarako mikroorganismoak daudela ere esaten da, eta azpiproduktuak ere aprobetxa daitezke.

  • Argazkia Xaver
    2025-01-23

    Dar más salidas al plástico reciclado, por ejemplo aplicación de recubrimiento protección pasiva elementos a la intemperie o enterrados se oxiden que junto a otro tipo de protección pueda con algunos cuidados tener mayor vida útil el producto en vez de ver plásticos en todo lugar abandonados como que no se viera como recurso. También se dice hay microorganismos para otros casos lo consumen generando subproductos también se puedan aprovechar.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak