Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Magisteritzako eta Pedagogiako graduek afektibitate eta sexu aniztasunari eta familia aniztasunari buruzko irakasgai bat izango dute

2012.eko martxoak 28

Lanbidek lantokian homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko lankide onaren dekalogo bat sortu eta hedatuko du. Eskola-jazarpen homofoboaren aurkako protokoloak sortuko dira

Etorkizuneko irakasleak eta profesionalak afektibitate- eta sexu-aniztasunean eta familia-aniztasunean prestatzea da Sexu-orientazioarengatiko eta genero-identitatearengatiko diskriminaziorik ezaren eta berdintasunaren aldeko 2011-2013 lehen lan-planaren helburu nagusietako bat. Gemma Zabaletak zuzentzen duen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren barruko Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzak egin du plan hori. Plan horrekin, 2011-2013 denbora-tartean afektibitate- eta sexu-aniztasunaren alorreko politika publikoak bideratu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak

Gemma Zabaleta sailburua Legebiltzarrean agertu da gaur berak eskatuta Plan hori aurkezteko; Magisteritzako- eta Pedagogiako graduetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrean –garai bateko IGIan– afektibitate- eta sexu-aniztasunari eta familia-aniztasunari buruzko irakasgai bat txertatzea jasotzen du arestian adierazitako Plan horrek.

Sailburuaren hitzetan, sail anitzen arteko lan-plan horrek 2013ra arteko indarraldia izango du, eta “euskal gizartearen aniztasunak aitortzearen eta ikusaraztearen alde Jaurlaritzak egindako konpromisoan emandako beste pauso bat da”.

Plana garatzeko, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak hasieratik izan du Euskadin lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen (LGBT) eskubideen alde diharduten kolektibo nagusien lankidetza eta konpromisoa; izan ere, kolektibo horien baterako lanaren ondorioz, 12 helburu orokor eta 66 jardun zehaztu dira hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, osasunean, enpleguan, bereziki ahulak diren kolektiboen laguntzan eta herritarren sentsibilizazioan.

Magisteritzako eta Pedagogiako graduetan irakasgai bat txertatzeko prozesua izapidetzeaz gain, planak beste hainbat neurri ere jasotzen ditu hezkuntza-esparruan, planaren arlorik garrantzitsuenetakoa hezkuntza izanik. Esate baterako, gurasoen elkarteetarako prestakuntza-jardunaldiak/-topaketak antolatzea, Garatu programan prestakuntza-ikastaroak txertatzea (irakasleen etengabeko prestakuntza), gai horretan espezializaturiko aukera askeko irakasgai bat sortzea Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Era berean, eskola-jazarpen homofoboaren aurkako protokoloak sortzea ere aurreikusita dago.

Enpleguaren esparruan, planean kokaturiko jardunek, funtsean, enpresaren eta ekonomiaren munduan kontzientziatzeko xedea dute, “kontratazioan sexu-orientazioagatiko edota -identitateagatiko diskriminazioa saihesteko”, LGBT kolektiboetarako enplegu-sustapenerako politikak garatuz. Zehazki, Lanbidek aniztasuna kudeatzeko politika espezifiko bat jarriko du abian, zenbait taldek eta pertsonak lan-merkatuan sartzeko dituzten oztopoak murrizteko. Horretaz gain, Lankide onaren dekalogo baten hedapena ere aurreikusita dago; lantokian homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko neurriak hartuko ditu barnean dekalogo horrek.

Orobat, LGBT kolektiboei dagokienez, osasunaren alorrean hobekuntzak sartzea ere planteatzen du planak. Horrela, Unitate horretako zerbitzuak etengabe hobetzeko aukera jasotzen du Planak: hainbat zerbitzu, hala nola foniatria, logopedia, berreraikuntzako kirurgia-operazioak, edota sexologian eta transexualitatean prestakuntza duten profesionalen presentzia.

Sexu-orientazioarengatiko eta genero-identitatearengatiko diskriminaziorik ezaren eta berdintasunaren aldeko planaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Genero-identitate arrazoiengatik ez diskriminatzeko eta transexualen eskubideak onartzeko lege-aurreproiektua onartu baino apur bat geroago gertatu da; izan ere, arestian aipaturiko lege-aurreproiektua ezaugarri horiek izanik estatuan izapidetzen den bigarrena dugu, Nafarroako foru-erkidegoarenaren ondoren. Proiektu horren helburua, transexualitatearen izaera zehazteaz gain, martxoaren 15eko 3/2007 estatu-legea –sexuaren eta izenaren erregistro-marka aldatzeko bete beharreko baldintzak arautzen dituena– areagotzea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)