qrcode

Urtarrilaren 7an (asteartea), 12 urte bete arteko adingabeentzako doakotasuna sartuko da indarrean Vitoria-Gasteizko tranbia zerbitzuan

2025-01-02

Datorren asteartetik (hilak 7) aurrera, 12 urte bete arte adingabeek doan bidaiatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren barruan dagoen Euskotren sozietate publikoak kudeatzen duen Vitoria-Gasteizko tranbia zerbitzuan. Aldi baterako, urtarrilaren 7tik otsailaren hasierara arte, txartel pertsonalizatuak eskatzeko egokitzapen-aldi bat ezarriko da. Epe horretan, neurri horren onuradun diren adingabeek doan bidaiatu ahal izango dute, inolako baliozkotzerik egin gabe, baina edozein tranbia-agentek hala eskatuz gero, haien adina egiaztatu beharko dute. Horrela, Arabako garraio publikoko operadore guztiek doakotasuna izango dute 12 urte bete arte urtarrilaren 7tik aurrera.

Egokitzapen-aldia amaitu ondoren, otsailetik aurrera, txartel pertsonalizatuarekin bidaiatu beharko da, joan-etorri bakoitza hasi aurretik baliozkotu beharko da, tranbiako gainerako bidaiariek bezala, eta adingabeentzako baimena eraman beharko da bakarrik bidaiatzen badute (baimen-eredua www.euskotren.eus webgunean edo web orri honetan deskarga daiteke). Bestalde, gaur egun txartel pertsonalizatu guztiekin gertatzen den bezala, beharrezkoa da NANa edo familia-liburua eramatea, behar izanez gero nortasuna egiaztatu ahal izateko.

BAT txartel pertsonalizatuak Vitoria-Gasteizko Tranbiaren Bezeroei informazioa emateko bulegoan eros daitezke, urtarrilaren 7tik (asteartea) aurrera. Bulego hori Antso Jakituna kaleko 9. zenbakian dago. Ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 08:00etatik 19:30era.

Gaur egun, doakotasuna 6 urte bete arte dago ezarrita, Vitoria-Gasteizko hiri-autobusen kasuan izan ezik (Tuvisa), 12 urte bete arte doakoa baita.

Neurri horren helburua da familia-ekonomiak arintzen laguntzea eta belaunaldi berriek mugikortasun jasangarriaren ohitura har dezaten bultzatzea, klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko urrats gehigarri gisa. Euskadi osoko 130.400 haur inguruk eskuratu ahal izango dute neurri hori, eta 22.000 inguruk Araban.

Erabiltzaileek informazio gehiago jaso dezakete 945135554 telefono-zenbakian eta www.euskotren.eus webgunean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko