Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2012. urteari dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu dute

2012.eko martxoak 28

2011-2016 hitzarmen-markoaren barnean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell-ek eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari François Maïtiak  2012. urteari dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur, Baionan. Hitzarmen honen bidez, 2012rako elkarlanerako lan-ildoak finkatu dituzte

"Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Erakunde Publikoaren arteko elkarlanak gero eta oinarri sendoagoak ditu, harremanak erabat naturalizatu dira, eta horrek, zalantzarik gabe, etorkizunari lasaitasun handiagoz begiratzeko aukera ematen digu. Hitzarmen honi esker, elkarlanean lurralde guztietan eta kasu honetan, Iparraldean, euskara garatzen, sustatzen jarraitzeko aukera izango dugu". Blanca Urgell Kultura sailburuak gaur izenpetze-ekitaldian esandako hitzak dira horiek.

Iaz, 2011-2016 epealdirako bi aldeek hitzarmen-markoa sinatu ondoren hasitako bide berriari jarraipena eman zaio gaurko ekitaldian. "Izan ere, hitzarmen-marko horren xedea hizkuntza politika gaietan erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza garatzea da. Lankidetzaren oinarriak eta printzipioak zehaztu ditugu, eta horien artean, bereziki, azpimarratu nahi dut alde biek hizkuntza politika alorrean benetako elkarlana garatzeko borondatea adierazi izana", nabarmendu du Urgell-ek.

Horrenbestez, marko horren barnean, 2012. urteari dagozkion elkarlanerako lan-ildoak zehaztu dira gaurko ekitaldian. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetza zehaztu eta antolatuko da; helduen euskalduntzearen garatzeko laguntza dispositiboei buruzko azterketa ere egingo da.

Horrez gain, EITB eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmena gauzatzen laguntzeko lankidetza sinatuko da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatuko da.

Eusko Jaurlaritza V. Inkesta Soziolinguistikoa osatzeko egiten ari den zeregin garrantzitsu horretan ere, Kultura sailburuordeak aipatu du, "Iparraldeko datuak  esplotatu, emaitzak aztertu, azterketa-txostenak idatzi eta hedapenerako euskarriak argitaratzeko, bi erakundeok elkarrekin lanean arituko garela. EAEko datuak duela aste gutxi eman genituen jakitera, eta Iparraldeko nahiz Nafarroako datuak uda aurretik zabaltzeko asmoa dugu".

Horrenbestez, Iparraldeko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko 1.600.000 euro jarriko dituzte bi erakundeek, iazko kopuru bera, hain zuzen. Kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 457.600 euro bideratuko ditu aurten Euskararen Erakunde Publikoarekin batera Iparraldean egitasmoak garatzeko. Kopuru horren zati handiena (440.000 euro) Iparraldeko eragileen lana -deialdi eta hitzarmenen bidez-, sustatzeko erabiliko da; zati txikiago bat, berriz,  (17.600 euro) euskarazko argitalpenak Iparraldeko Irakurketa Publikoko Sarean hedatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)