
Urte Zahar Eguneko Lehendakariaren Mezua
Arratsalde on!
Badakit, saiatuta ere, gaur originala izatea ez dudala lortuko.
Ez naiz originala izango euskal herritarroi hitz egitea ohore itzela dela esatean, aurreko Lehendakariek egin zuten bezala.
Ezta gurekin ez daudenak bereziki oroitzean ere. Aurten bertan utzi gaituen Ardantza Lehendakaria gogoan, gugan bego!
Eskertu egin nahi dut, bihotzez, jaiak beranduago ospatu beharko dituztenen konpromisoa.
Osakidetzako langileak, babesten gaituzten ertzainak, kale-garbitzaileak, edozein larrialdiren aurrean prest dauden suhiltzaileak, gure adinekoen zaintzaileak… horiei guztiei buruz ari naiz. Egun berezi hauetan ere, urte osoan bezala, euskal zerbitzu publikoak ematen dituzten profesionalei buruz ari naiz.
Ostalariak, taxistak, banatzaileak, okinak, fruta-saltzaileak, kazetariak, dendariak… eta sektore pribatuan lan egiten duten gainerako pertsonei buruz ere ari naiz.
Gaur, beren erantzukizunak direla eta, lanean ari dira, gure herriak martxan jarrai dezan.
Sufritzen ari diren pertsona guztiekin ere badago gaur nire gogoa: pertsona zaurgarrienak, gehiegitan ikusezinak direnak, bakarrik sentitzen direnak, ondo sentitzen ez direnak, edo gurera bizimodu hobe baten bila iritsi berri direnak, bere etxea atzean utzita.
Badakit Eguberri hauek ez direla behin amestu zenituztenak. Espero eta desio dut, urte berriarekin, hurrengo urtekoak hobeak izatea.
Euskal Herritar guztioi Osasuna, Zoriontasuna eta Oparotasuna opa dizkizuet.
Eta, jakina, espero dut 2025. urterako jarritako helburu horiek guztiak betetzea: erretzeari uztea, kirola egiten hastea edo zuen gertukoekin denbora gehiago ematea.
Benetan espero dut hori guztia eta askoz gehiago egitea.
Lehen ‘Gabon’ mezu honetan, gazteei hitz egin nahi dizuet. Seguru aski mezu hau entzuten egongo ez zaretenoi, hain justu.
Seguru nago, egun hauetan betiko esaldiak entzungo dituzuela: “guk, zuen adinean, hau edo beste egiten genuen”.
Edo… “zuen adina bagenu, ez ginateke denbora galtzen ibiliko garrantzirik gabeko kontuetan”.
Aspertuta egongo zarete horretaz. Eta ez naiz harritzen.
Bizi ezazue gaztaroa zuen erara. Bizi zuen esperientziak zuen erara. Azken finean, horixe egin genuen guk, hain justu, zuen adinean.
Baina, hori bai, askatasuna ez doa arduraren kontra.
Agirre Lehendakariak 1947ko Gabon mezuan adierazi zuen, erbestean zegoela: “gaztaroa dela etorkizuna eta bere gainean oinarritzen direla herrien itxaropenak”.
Eta gaineratu zuen: “kezka bizia sentitu behar dute gure herriaren etorkizunagatik. Gure askatasun tradizio guztia, gure praktika demokratikoa, ahuldu egingo da, gazteen artean oihartzunik ez badu”.
Horixe duzue -dugu- jokoan, antieuropeismoa, demagogia eta estremismoa hazten ari diren egun hauetan.
Hori da jokoan duzuena, duguna, intransigentziaren eta autoritarismoaren olatuak indarra hartzen ari diren honetan, hamarkadetan zehar eraiki ditugun babes-hormak kolpatuz.
Askatasuna, demokrazia eta etorkizuna ez daude ziurtatuta. Eta, etxeko nagusiek erakutsi diguten bezala, beste edozein aukera okerragoa da. Askoz okerragoa.
Badakit zenbaitek zailtasunak dituzuela. Badakit zailtasunak dituzuela lan on bat aurkitzeko edo etxetik joateko.
Badakit zenbaitek kezkaz eta ezkortasunez begiratzen diozuela etorkizunari. Eta ulertzen dut.
Baina ez erosi kontakizun manipulaturik. Ez erosi irtenbide magikorik. Egin aurre mezu populistei!
Konplexuak dira ditugun arazoak, ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Eta ez dira egun batetik bestera ere konpontzen.
Horregatik eskatzen dizuet pazientzia, itxaropena eta konfiantza izan dezazuela Euskadirengan. Baita zuen buruengan ere.
Gure herriak beti jakin izan du egoera berrietara egokitzen. Arazoei aurre egiten.
Eta oraingoan ere egingo du. Zuen lana eta konpromisuarekin.
Ez dut inolako zalantzarik. Gure herriaren indarrean sinisten dut, baita zuengan guztietan ere.
Euskadi da gure etorkizunik onena.
Horregatik, etorkizunarekin mugarik gabe amets egitera animatzen zaituztet.
Egin dezagun elkarrekin Euskadi Berria eraikitzeko bidea: herri irekia, oparoa, justua, segurua eta askea. Zuen bizi proiektuak garatzeko aukerak sortuko dituenak.
Zuen Euskadi, merezi duzuena. Nahi duzuen erritmo eta doinuan dantza egingo duena. Zuen ahaleginarekin, Kriston martxa izango duena!
Iraganean sinesten dugu, eta etorkizunean ere bai. Adinekoen eta gazteen arteko elkartasunean eta ekitatean.
Egunero lan egiten duen eta ahalegintzen den Euskadin sinesten dugu.
Autogobernuan aurrera doan herrian.
Autogobernu horrek gaitasun politiko handiagoak emango dizkigu, zuzenean eragiten diguten erabakiak gure Herrian har ditzagun, gure bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuz.
Euskadi heldu bat, bere gauza on eta txarrekin, bere etorkizunaren lema hartzen duena.
Europaren biziberritzean protagonista den Euskadi.
Eta, batez ere, Euskadi alai batean sinesten dugu, non jendeak ondo pasatzen eta irribarre egiten dakien. Familian, lagunekin, lankideekin, edo bakoitzak nahi duenarekin.
Komunitatea dugulako aurrera egiteko euskarri, eta gozamenerako esparru.
Joxean Artzeren olerkiarekin Benito Lertxundik kantatzen duen abesti ederrak dioen bezala:
Zoriontsu, libre behar zaitut; zure askatasunean, zure zorionean, nerea ikusten dudalako.
Horren alde egingo dugu lan datorren urtean ere. Gure onena emanez.
Gure herrian sinesten dut. Gure herriaren etorkizunean sinesten dut.
Itxaropenez eta konfiantzaz, 2025. urte hasieran, Lehendakari gisa, nire desiorik onenak opa dizkizuet:
Zorionak eta Urte berri on!