Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak bere Aholkularitza Batzordearekin aztertu ditu krisiak Euskadin enpleguaren gainean izan duen eragina eta programa berri bat planteatu du gazteak euskal enpresen nazioartekotzean sartzeko

2012-03-28

Lehendakariak Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordea batu du Euskadiko lan-merkatuaren egoera eta Langabeziaren Aurkako Plana aztertzeko. Batzordeak zehatz aztertu du Euskadiko enpleguaren egoera, bai eta Jaurlaritzak duela gutxi Gizarte Elkarrizketarako Mahaian onartutako Langabeziaren Aurkako Plana ere. Ildo horretan, Lehendakariak ekimen bat proposatu dio Aholkularitza Batzordeari, atzerriko merkatuetan ezarrita dauden euskal enpresen laguntzarekin, profesional gazteen prestakuntza-aukerak bultzatzeko atzerrian.

Lan-bilera 10:00etatik 14:00etara izan da, eta, bertan, Lehendakariak azaldu duenez, krisi ekonomiko larriko hiru urteren ondoren, nazioarteko erakundeek zerabiltzaten adierazle eta aurreikuspenen arabera, 2012an susperraldia etorriko zen, baina urte hasieran nazioarteko zenbait organismo eta erakundek bertan behera utzi dituzte euroguneko ekonomiarako aurreikuspen horiek; izan ere, duela bi hilabete eskas egindako hazkunde-aurreikuspenak zuzendu eta nabarmen jaitsi dituzte, hau da, 2012rako euroguneko BPGd-ren hazkundea % 1 ingurutik -% 0,3ra jaitsi dute.

Hori dela eta, Lehendakariak bi gogoeta egin ditu:

• Lehenengo eta behin, zuzenketa horrek agerian uzten du 2010eko bigarren seihilekoan martxan jarritako austeritate-politikak erabat okerrekoak zirela. “Austeritate hedakorra” deritzonaren arabera, murrizketa handiak egin zitezkeen gastu publikoan eta, aldi berean, hazkundea eta enplegua sortzea lortu; baina kontua da neurri horrek atzeratu egin duela krisiaren amaiera eta enplegu askoz gehiago galdu direla nazioarte mailan.

• Bestetik, hazkunde-aurreikuspenen zuzenketaren ondorioz, Jaurlaritzako Sail guztiei agindu die ahaleginak areagotzeko Euskadin krisiari aurre egin ahal izateko eta enpleguari eusteko.

Baina aurtengo ekitaldirako dauden aurreikuspen ekonomiko txar horiek gorabehera, Lehendakariak adierazi duenez, Jaurlaritzak, krisitik irteteko, Euskadi Eredua aplikatzen jarraituko du. Honela definitu du eredu hori: “krisiari aurre egiteko beste modu bat, enplegua defendatuz, zerbitzu publikoei eutsiz eta gure ekoizpen-sareari lagunduz”.

Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, eredu hori hasi da dagoeneko datu positibo batzuk eskaintzen egungo egoera ekonomiko zailean; esate baterako, 2011n euskal esportazioek inoizko daturik onenak lortu zituzten –Euskadik sekula ez du “horrenbeste eta hain modu dibertsifikatuan esportatu”– eta turismoan ere 2011n datu historikoak lortu dira.

Datuak onak izanik ere, Lehendakariak azaldu du Jaurlaritza ez dela geldi egongo, eskura dituen baliabide guztiak enplegua eta ekonomia sustatzera bideratzea baita bere helburu nagusia.

Hala, krisiaren eraginei aurre egiteko eta enpleguari eusteko bi ekimen handiren berri eman da azken asteotan.

• Lehenbizikoa da Langabeziaren Aurkako Plan bat, Gizarte Elkarrizketarako Mahaian Confebask patronalaren eta sindikatuen artean hitzartua. Plan hori Aholkularitza Batzordearen bilkurako gai-zerrendako puntuetako bat izan da; bertan izan da Gemma Zabaleta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua, Aholkularitza Batzordeko kideei bertatik bertara azaltzeko jardun horren ildo nagusiak. Jakin beharra dago 321 milioi euro bideratuko dituela langabeziaren aurka ekiteko.

• Bigarrena, berriz, Enpresari finantza-laguntza emateko ezohiko programa da; hori da Eusko Jaurlaritzak arazoa jasaten ari diren enpresei erantzuteko proposatutako tresna: 2.180 milioi euro jartzen ditu enpresa-sarearen esku.

Jaurlaritza krisiari aurre egiteko eta langabeziaren kontra egiteko egiten ari den ahaleginekin bat etorriz, Lehendakariak ideia baten garapena azaldu die batzordeko kideei; ideia horren ernamuina Langabeziaren Aurkako Planean jasotzen zen: prestakuntza-maila jakin bat duten gazteek atzerrian prestakuntza hartzeko eta praktikak egiteko programa berri bat sustatzea, atzerrian ezarritako euskal enpresa nagusiekin lankidetzan.

Estrategia honen xedea da Industria Sailak gazteak nazioartekotzeko abian jarritako programak osatzea ("Nazioartekotzeko Bekak" eta "Nazioartekotzeko Praktikak egiteko Bekak", hain zuzen).

Langabeziaren aurkako planetik eratorritako programa berri horren bitartez lortu nahi den helburua da beste ehunka gaztek praktika ordainduak egin ahal izatea atzerrian, nazioartean ezarrita dauden euskal enpresa nagusien lantegi edo delegazioetan.

Hiru programa horien bitartez estrategia bat eratuko da gure gazteak nazioartekotzeak dakarren erronkari aurre egiten jartzeko; hain zuzen ere, erronka horri erantzuten ari dira euskal enpresak, eta, hartara, gazte horiek ekonomia geroz eta globalizatuago baten funtzionamenduari buruzko esperientzia profesionala eta ezagutza jasoko dituzte. Bilkuran zehar, Aholkularitza Batzordeko kideek eztabaida egin dute aurkeztutako informazioari eta proposamenei buruz.

Aholkularitza Batzordeak harrera oso ona egin dio enplegua sustatzeko eta gazteen talentua nazioartean kapitalizatzeko Lehendakariaren ekimenari, hartara eragotzi egingo baita hainbat eta hainbat gazte, egungo egoera honetan, atzerrira atera daitezen beren prestakuntza eta beren lan-aukerak hobetzeko aukera emango dien laguntzarik gabe.

Bilkura amaitzeko, Lehendakariak eskerrak eman dizkie Aholkularitza Batzordeko kideei beren parte-hartze, aholku eta laguntzengatik, eta jakinarazi die Gizarte Elkarrizketarako Mahaira eramango duela gazteen talentua nazioartekotzeko proposamena.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @EmpreSEA
    2012-03-28

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari ha analizado con su Consejo Asesor las consecuencias de las crisis sobre el empleo http://t.co/r8cdGgWy

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)