
Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eramango du Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektua, bertan eztabaidatzeko (Gobernu Bilera 2024-12-23)
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak eskatuta, Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur, datorren hamarkadarako Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana sortzeko prozesuaren hurrengo fasea irekitzeko. Plana —bost urtean behin berrikusiko da— Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, bertan eztabaida dezaten, Mugikortasun Jasangarriaren Legeak ezartzen duen bezala, legebiltzar-taldeen ekarpenak jasotzeko. Gainera, jendaurrean jarriko da datozen asteetan, herritarren eta erakunde publikoen ekarpenak jasotzeko.
Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren —Legean ezarritako emaitzak lortzeko tresna nagusia— helburua da garraiobide desberdinen integrazioan aurrera egitea, haien efizientzia hobetzeko, jasangarritasun-irizpideak jarraituz eta irisgarritasun unibertsala bermatuz. Trenbideko garraioaz, autobusaz, mugikortasun aktiboaz eta ibilgailu pribatuaz gain, aireko eta itsasoko mugikortasuna, logistika eta salgaiak ere hartzen ditu kontuan.
Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planak aurretiko diagnostiko bat eta epe labur, ertain eta luzerako ehun jarduketa baino gehiago biltzen ditu. Beste gai batzuen artean, trafikoa arintzeko neurriak udalerri ertainetara zabaltzea planteatzen du, Estatuko araudira egokitzeko hiri handiak dagoeneko ezartzen ari diren Emisio Gutxiko Eremuekin batera.


