qrcode

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Lekeitio Hiribilduaren 700. urteurrena ospatzeko 85.000 euroko laguntza bideratuko du (Gobernu Bilera 2024-12-23)

2024-12-23

Gobernu Kontseiluak 85.000 euroko urte anitzeko dirulaguntza zuzena Lekeitioko Udalari ematea onartu du gaur 2024-2025eko epealdian hiribilduaren 700.urteurrena ospatzeko antolatuko dituen jarduerak laguntzeko.

Izan ere, 2025ean beteko da María Díaz de Haro Bizkaiko andreak egungo hirigune historikoan bizi ziren eta egungo Lekeitio sorrarazi zuen biztanleei hiribilduaren estatutu juridikoa eman zien egunaren zazpigarren mendeurrena. Hori dela eta, Lekeitioko Udala, tokiko hainbat eragile sozial eta kulturalen parte-hartzearekin, jarduera-programa zabal bat garatzen ari da 2024an eta 2025ean, urteurren hori ospatzeko.

Tokiko kultura-ondarea ikertzeko eta zabaltzeko jarduerek osatzen dute programa, eta kontzeptu horretan sartzen dira ondare arkeologikoa, artistikoa eta arkitektonikoa, baina baita ondare immateriala ere (jai-tradizioak, euskara, literatura, musika...). Zuzeneko jarduerak barne hartzen ditu, hala nola hitzaldi-zikloak, bisita gidatuak, tokiko musikarien lana ezagutarazteko kontzertuak, app formako joko interaktibo baten diseinua eta garapena Lekeitioko kultura- eta natura-ondarea haur eta gazteen artean zabaltzeko, paperezko edizioa eta argitalpena eta tokiko kultura-ondareari buruzko dibulgazio-lanak Interneten.

Horrez gain, egitasmoan aurreikusten da Lekeitioren iraganari buruzko erakusketa bat egitea elizaren atarian, eta herriguneko leku batzuk edertzea, Lekeitioko eguneroko bizitzari eta lekuei buruzko argazki zaharrekin, Armintxe kobako arte parietalarekin eta XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Lekeitio bisitatu zuten pintoreen obren erreprodukzioekin. Urteurrenaren kultura programazioa bertsolari, euskal dantza eta ekitaldi instituzionalekin osatuko da.

Horregatik guztiagatik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak garrantzitsua ikusi du proiektu hau diruz laguntzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko