
Lehendakariak erritmo biziagoa eskatzen du 2025ean, etorkizunerako aukerak ez galtzeko
- Imanol Pradalesek nabarmendu du Gobernu Programan jasotako ekintzen % 27 abian jarri dela
- "2025a funtsezko urtea izango da. Ezinbestekoa da elkarrekin norabide berean arraun egitea”
Imanol Pradales lehendakariak Jaurlaritzaren lehen sei hilabeteen balantzea egin du gaur goizean, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean Ajuria Enea Jauregian egin duen agerraldian. Eta 2025 "funtsezko urtea" izango dela nabarmendu du, eta, beraz, "ezinbestekoa da elkarrekin norabide berean arraun egitea".
"Lehen sei hilabete hauetan Eusko Jaurlaritza berria osatu dugu. Abiatu gara eta gurutze-abiadura lortu dugu. Orain, erritmoa handitu behar dugu. Anbizioak eta autoexijentziak abiadura eskatzen dute. Pausoa bizkortzea eskatzen dute ", nabarmendu du.
Pradalesek azaldu duenez, lehen sei hilabete hauetan Gobernu Programako ekintzen % 27 jarri dira martxan. "Funtsezko akordioak bultzatu ditugu, hala nola Osasunaren aldeko Ituna, Lehen Mailako Arreta hobetzea eta osasun-sistemako itxaron-zerrendak murriztea, bai eta hezkuntza-eremuan soldata-berdintasuna sustatzeko neurriak ere". Eta autogobernuaren garapenean egindako aurrerapenak ere nabarmendu ditu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan akordio historikoak lortuta.
Lehendakariak berretsi du arrakastaren gakoa elkarrizketan eta lankidetzan datzala. "Egungo erronkek batasuna eta konpromiso kolektiboa eskatzen dute", esan du. 2025ari begira, Eusko Jaurlaritzaren estrategia industriarako proiektu estrategikoen erritmoa bizkortzea, zerbitzu publikoak indartzea eta gizarte-kohesioa bultzatzea da.
2025erako ardatzak: zerbitzu publikoak, industria-eraldaketa eta komunitatea
Pradales lehendakariak hiru arlo nagusitan multzokatu ditu datorren urterako lehentasunak:
- Zerbitzu publikoak indartzea: Itun sozial baten bidez osasuna hobetzea, etxebizitza publikoko politiketan eta araudietan aurrera egitea, hezkuntzako eskola-segregazioari aurre egitea eta giza baliabide eta baliabide tekniko gehiago bultzatzea, herritarren segurtasun integrala bermatzeko.
- Eraldaketa estrategikoak: Europako berrindustrializazioan aktiboki parte hartzea, berrikuntza sustatzea eta euskal ekonomiaren funtsezko sektoreak sendotzea.
- Komunitatearen zentzua indartzea: Berdintasuna sustatzea, indarkeria matxistaren aurka borrokatzea, euskararen erabilera sustatzea eta belaunaldien arteko elkartasuna bermatzea.
"Horixe da gobernu-taldeari helarazi diodan enkargua: bizkortasuna, autoexijentzia, ikuspegi orokorra eta epe luzerako begirada. Huts egiteko beldurrik gabe. Ausardiaz eta kemenaz, baina beti Euskadiko pertsonengan pentsatuz ", adierazi du.
Konpromisoak eta epe luzerako ikuspegia
Lehendakariak konpromisoa hartu du Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta autogobernua indartzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna gisa. Gainera, epe laburreko interesak alde batera uzteko eskatu die eragile sozial eta politiko guztiei, eta laguntza eskatu die "Euskadirentzat oparoa izango den etorkizun baten alde elkarrekin lan egiteko".










