
Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Nagusiari eskatu dio toki-administrazioetarako idazkari, diruzain eta kontu-hartzaileak hautatzeko prozesuaren kautelazko etetea kentzeko
Aste honetan, Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Espainiako Elkargo Profesionalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean inpugnatu ditu Eusko Jaurlaritzak Euskadiko udaletan gaikuntza nazionala duten funtzionarioen hainbat kategoriatako lanpostuetara sartzeko deialdiak.
Ondoren, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak deialdi horiek kautelaz etetea erabaki du eta Eusko Jaurlaritzari helegiteak aurkezteko aukera bakarrik eskaini dio, hiru eguneko epean, gaur izanik alegazioak aurkezteko azken eguna.
Erabaki horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordeak, Xabier Ochandianok, adierazi du gaur bertan helegiteak aurkeztuko dituela Jaurlaritzak, “ez gatoz bat hautaketa prozesua kautelaz eteteko erabakiarekin, ezta erabaki hori hartzeko emandako argudioekin ere; horregatik kautelazko etetea kentzeko eskatuko dugu".
Auzitegi Nagusiak etetea bi arrazoi nagusitan oinarri du: eskumen-eremuan, batetik, eta funtzionario horiek hautatzeko eskakizun gisa euskara eskatzean, bestetik.
Horren harira, Ochandianok azpimarratu du Euskadik eskumena duela udal-lanpostuak hautatzeko prozesuak deitzeko, eta adierazi du atzo bertan Diputatuen Kongresuak eskumen hori berretsi zuela Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko Legea onartuta.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko herritar guztiek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea defendatu du, baita euskal erakundeek prozesu horiei ekiteko duten eskumen-zilegitasuna ere. "Euskara hizkuntza ofiziala da, eta funtzionario horiek hautatzeko eskatzen diren baldintzak udaletan onartutako lanpostuen zerrendan jasotakoak dira", azaldu du, eta azpimarratu du: "Legeak dio Euskadik eskumenak dituela eta euskara hizkuntza ofiziala dela".
Hortaz, Ochandianoren hitzetan udalentzat "ezinbestekoa" den eta duela hamarkada bat deitu gabeko Enpleguaren Eskaintza Publiko honen kautelazko etetearen aurrean, Eusko Jaurlaritzak etetea kentzeko eskatuko du.
-
2024-12-20
Comentario de X:
📝 El Gobierno Vasco solicita al Tribunal Superior el levantamiento de la suspensión cautelar del proceso de selección de secretario/a, tesorero/a, interventor/a para la administración local.Más información en Irekia: https://t.co/7PGXYPkIKY https://t.co/mjk1vPDxIu
-
2024-12-20
Comentario de X:
📝 Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Nagusiari eskatu dio toki-administrazioetarako idazkari, diruzain eta kontu-hartzaileak hautatzeko prozesuaren kautelazko etetea kentzeko.➕ Informazio gehiago Irekian: https://t.co/RlTeUKCZMG https://t.co/IFSsdPeIUJ