Trafiko Zuzendaritzak atzerriko ibilgailuei isunak kobratzeko prozedura bat jarri du martxan
Arau-hausle atzerritarrek euren herrialdetan jasoko dituzte trafiko-isunak
2011ko ekaina eta 2012ko otsaila artean, EAEko errepideetan gehiegizko abiadura jasotzen duten ekipo automatizatuek matrikula atzerritarra zuten 46.510 ibilgailu detektatu zituzten baimendutako abiadura gaindituta. Zifra horrek arau-hauste hori egindako ibilgailuen (133.044) % 34,96 suposatzen du. Isun guzti horiek ez ziren heldu arau-hausleen eskuetara euren datuak ez zeudelako ibilgailuen erregistroan. Arazo hau konpontzeko, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak atzerriko arau-hausleei salaketak jakinaraztea ahalbidetuko duen prozedura bat jarri du martxan.
Atzerriko matrikula duten gidariei isunak jakinarazteko lanean laguntzeko zerbitzu bat kontratatu du Trafiko Zuzendaritzak. Titularren datuak jasotzea eta titular horiei egindako arau-haustea jakinaraztea izango da zerbitzu horren eginkizuna. Sortutako espedienteen tramitazioa Trafiko Zuzendaritzako funtzionarioen esku egongo da, isunen kontrol eta kobratzeen kudeaketarekin batera (izaera publikoko diru-sartze guztietarako ezarritako kontabilitate-bide eta bide legal ohikoa jarraituko dute).
Salaketak jartzeko eta telefono bidezko atentzioa eskaintzeko honako hizkuntzak erabili ahal izango dira: ingelesa, alemana, gaztelania, italiera, portugalera eta nederlandera. Palman trafiko-autoritateak ekimen honetan lan egiten ere hasi dira eta euren esperientziaren arabera, salatuen erdia baino gehiagok (% 60-70) borondatezko denboraldian ordaintzen du.
Bestalde, Europar Batasuna Zuzendaritza bat prestatzen ari da herrialde kideen Ogasunek datuak elkartrukatu ahal izateko salaketen kobratze exekutiborako. Hala, bide-exekutibo bidez kobratu ahal izango zaie arau-hausle atzerritarrei, nazionalekin egiten den moduan eta edozein diskriminazio mota ezabatuz.
Arau-hausteak Lurralde Historikoaren arabera
Trafikoko Arau-husteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren sorrerarekin 2011ko ekainean, Trafiko Zuzendaritzak arazo honen benetako dimentsioa aztertu ahal izan du zaintze-politika zigortzailea eta ibilgailuen kontrola sistema automatizatuen bidez modu egokian koordinatuta. Abiadura-mugak gainditzen dituzten matrikula atzerritarreko ibilgailuei dagokienez, emaitza esanguratsuak utzi ditu agerian azterketak.
2011ko ekaina eta 2012ko otsaila artean, gehiegizko abiadura zeramatzaten 133.044 ibilgailu detektatu zituzten ekipoek; horietatik, 46.510 ibilgailuk matrikula atzerritarra zuten eta ezin izan ziren prozesatu.
Istripuen % 13an inplikatuta
Ezbehar-kopuruari dagokionez, 2011an, atzerritarren bat gidatutako 1.460 ibilgailuk jasan zuten istripuren bat EAEko errepideetan (errepidean emandako istripuen % 13). Istripu hauetan, 5 hildako eta 37 zauritu larri egon ziren.
Atzerritarren presentzia duten istripuen % 55 Gipuzkoako errepideetan ematen dira, % 27 Bizkaian eta % 17 Araban. AP-8a, % 17arekin, eta N-1a, % 15arekin, atzerritarren inplikazioa duten istripu gehien hartzen dituzten EAEko bi errepideak dira.
Aste Santuko trafiko operazioa
Trafiko Zuzendaritzak operazio berezi bat abiatuko du datorren asteazkenean (apirilak 4). Aurreikusi dutenez, Aste Santuan 491.000 joan-etorri inguru egingo dira EAEko errepideetan. Ertzaintzaren trafikoko 200 agentek zainduko dute zirkulazioa egunero errepideetatik bertatik. Era berean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operadore gehiago jarriko ditu lanean eta 011 telefonoaren bidez gidariei ematen zaien informazioa ere areagotu egingo du.
-
2015-05-25
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: La Dirección de Tráfico pone en marcha un procedimiento para cobrar las sanciones a vehículos extranjeros. http://t.co/aXdAgiD6