
EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren bosgarren proposamena baztertu, eta negoziazioa utzi du
Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak gaur jakinarazi duenez, EH Bilduk ez du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako bosgarren proposamena onartu. Euskadiko 2025eko aurrekontuentzat gehiengo osoak ematen dien babesa baino babes handiagoa lortzeko ahaleginean aurkeztutako bosgarren proposamena izan da. Hartara, EH Bilduk ez du onartu Jaurlaritzak bidalitako azken proposamena, eta negoziazioa utzi du.
Negoziazio biziko asteen ondoren, eta, azken egunera arte, akordiorako bide guztiak jorratu ostean, Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren asmoa zein den egiaztatu du, ez baititu azken dokumentuan planteatutako gaiak onartu, nahiz eta koalizioak adierazitako esparruak jasotzen dituen, hala nola etxebizitza eta lanbide arteko gutxieneko soldata.
Jaurlaritzak, aste hauetan zehar, 5 proposamen jarri ditu mahai gainean, eta beti mugitu gara akordioaren bila. Aldea izan da EH Bilduk bi gai oso zehatzetan jarri duela arreta: lanbide arteko gutxieneko soldata eta etxebizitza.
D’Anjou sailburuak adierazi duenez, “gure proposamena desberdina izan da, gure ustez Jaurlaritzak erantzun globala eman behar baitie herrialdearen erronka nagusiei. Jakina, planteatutako bi horiek hala dira, baina Hezkuntza, Segurtasuna, Trantsizio Ekologikoa, Industria, Gazteria edo Euskara ere badira, adibide batzuk jartzearren”.
“EH Bildu, legealdiaren hasieratik, ari da herri-mailako erronkei eta itunei buruz hitz egiten. Are gehiago, Batzordean anbizio falta leporatu zigun ia arlo guztietan. Hala ere, negoziatzera joan garenean, itxuraz hain garrantzitsuak diren gai horiek guztiak ez zeuden lehentasunen artean”, eman du aditzera.
Lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokionez, sailburuak jakinarazi du, bere iritziz, akordioa hurbil zegoela, biak bat baitatoz patronalaren eta sindikatuen artean lanbide arteko akordioa lortzearen beharrarekin. Horrela, eskaintzak lanbide arteko akordio hori Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren esparruan bultzatzeko konpromisoa jaso du. “Alabaina, EH Bilduk ez du foro hori aitortzen, eta horregatik ez da akordiorik izan”, azaldu du.
Etxebizitzari dagokionez, Jaurlaritzak herrialdeko erronkatzat hartzen du etxebizitza, eta horrela islatzen da Jaurlaritzaren programan eta datorren urterako aurrekontu-proiektuan. Sailburuaren iritziz, tamaina horretako erronka bati ez zaio neurri puntualen bidez heldu behar; eztabaida serio, zeharkako eta integral baten bidez baizik.
Eusko Jaurlaritza prest egon da EH BILDUk aurkeztutako bi zuzenketak 2025erako 16 milioiko konpromisoarekin eta legealdirako 100 milioiko zenbatekoarekin zuzkitzeko. Edonola ere, bi aurrekontu-partida horietatik haratago, konpromiso politiko argia eskaini da: gai hori unean uneko aurrekontu-eztabaidatik ateratzea, ereduak eta irtenbideak eztabaidatu eta alderatze aldera; eta, batez ere, akordioak bilatzea.
Hori dela eta, Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren barruan, proposatu da Hirigintza eta Etxebizitza Foroa aktibatzea, eztabaida lasaia egin dadin eta Europan eta Estatuan etxebizitza-politikako hainbat eredu aztertuko duen aditu-taldea sor dadin.
Horrez gain, mahai gainean jarri da etxebizitzaren arloan tokiko esparrutik jarduteko beharra, eta, etxebizitza babestuen parkea handitzera begira, lurzoru publikoaren erabilera errazteko beharra edo administrazio-tramiteak arintzeko beharra. “Ildo horretan, inplikazio-konpromiso politikoa eskatzen genien EH Bilduk gobernatzen dituen udalei”, adierazi du sailburuak.
“Hala eta guztiz ere, proposamena ez zaie nahikoa iruditu. Akordioa ez da posible izan. Ahalegin handia egin dugu oposizioarekin espazio komunak aurkitzeko. Azken unera arte saiatu gara horretan”, eman du aditzera.

