Euskaraldia
qrcode

Denis Itxaso: “Datorren larunbateko manifestariak ulertzen ditut eta Jaurlaritzak etxebizitzaren krisiaren aurrean duen jarrera berresten dut”

2024-12-12
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak atsekabez hartu du EH Bildurekin izandako aurrekontu-negoziazioak hautsi izana, eta azpimarratu du etxebizitzaren arloan euskal erakundeen artean partekatutako diagnostiko zabala dagoela

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gaur arratsaldean SER Euskadiren La Ventana irratsaioari eskainitako elkarrizketan adierazi du ulertu egiten dituela larunbat honetan Bilbon etxebizitza-eskubidearen alde manifestatuko diren 200 kolektibo baino gehiagoren aldarrikapenak. “Guztiz bat nator kezkarekin, arazo transbertsala baita, klase behartsuenei ez ezik, klase ertain guztiei ere eragiten diena. Gure lehiakortasuna oztopatzen duen erronka bat da, eta familien errenten ehuneko handiegia hartzen du”, adierazi du Itxasok.

Sailburuak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak arazo horri aurre egiteko “borroka-jarrerari” eusten dio, hainbat politika publikoren bidez, hala nola: eremu tenkatuetan alokairuaren prezioak erregulatzea eta etxebizitza-eskaintza sustatu eta handitzeko neurriak hartzea, gazteentzako zuzkidura-bizitokiak eraikita, merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtuta edo hutsik dauden etxebizitzak mobilizatuta. Alokabide Eusko Jaurlaritzaren alokairu-agentzia publikoak kudeatzen duen herrialde honetako alokairuko parke publikoa handitzera bideratutako politikak dira. Elkarrizketan zehar, sailburuak Alokabidek egiten duen kudeaketaren balioa nabarmendu du, “Estatuko alokairuko parke publiko handiena kudeatzen baitu: 17.000 etxebizitza”.

EH Bildurekiko haustura: “Dezepzioa”

Itxasok, era berean, atsekabez hartu du EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzeko akordiorik ez izatea, baina adierazi du etxebizitzaren arloan alderdien arteko diagnostiko partekatu bat eta praktikan eutsi egiten zaion lankidetza instituzionala dagoela. “Dezepzionatu egin nau akordiorik adostu ez izanak. Proposatzen zituzten 90 milioiek alokairu babesturako 500 etxebizitza eskuratzeko aukera emango ziguten, baina ez zuten euro bakar bat ere ematen eraikuntza berrirako. Uste dut benetakoa baino desadostasun-maila handiagoa irudikatzen ari dela; izan ere, praktikan, EAJk, PSEk eta EH Bilduk gidatutako udalak aktiboki lankidetzan aritzen baitira etxebizitza-politiketan, hala nola eremu tenkatuen deklarazioan”, azaldu du.

Eremu tenkatuak eta lurzoru-mobilizazioa

Eremu tenkatuei dagokienez, Itxasok nabarmendu du 2025ean hiru euskal hiriburuak egongo direla figura horren pean, baita beste udalerri batzuk ere, hala nola Irun, Errenteria, Lasarte-Oria, Zumaia, Galdakao eta Barakaldo. Eremu horiek alokairuaren prezioak erregulatzea eta maizterrak babestea ahalbidetuko dute, etxebizitza-eskaintza handitzeko lan egiten den bitartean. “Euskadin 75.000 etxebizitza eraikitzeko lurzorua dago, baina lurzoru hori mobilizatu egin behar dugu, eta hirigintzaren epeen aurretik jardun, epe horiek askotan herritarren itxaropenak zapuzten dituztelako, zortzi urteko itxaronaldiak ere izaten baitira giltzak entregatzeko.

Horregatik, asteartean Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea eramango dugu Gobernu Kontseilura. Foro hori funtsezkoa gunea izango da erritmo biziagoan aurrera egitea ahalbidetuko duten egiturazko aldaketak inplementatzeko”, iragarri du Itxasok. Sailburuak nabarmendu du, halaber, Visesa etxebizitzaren sustatzaile publikoari eskatu zaiola % 40 igo dezan urteko eraikuntza-erritmoa, alokairuko 500 etxebizitza babestutik 700 izatera igarotzeko, gobernu-programaren helburuak betetzea helburu hartuta.

Azkenik, Itxasok berretsi egin du Foroa erabat operatibo egongo dela urtarrilean (asteartean onartuko da hura sortzea), eta lan-mahaiak deituko dituela gai estrategikoei heltzeko, hala nola 2006ko Euskadiko Lurzoruaren Legea berrikusteari eta lurzorua mobilizatzeari. “Diagnostiko argi eta partekatu bat dugu: funtsezkoa da etxebizitza gehiago eraikitzea, eskaintza handitzea eta euskal herritar guztiek etxebizitza duina eskuratu ahal izatea bermatzea”, esanez amaitu du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak