
Alberto Martinez: “Euskadi osasun eredu berri baterantz doa, irisgarria eta gertukoa, prebentzio indibidualean eta kolektiboan oinarritua"
LEHEN MAILAKO ARRETA ETA OSASUN KOMUNITARIOA 2024-2025
- Osasun sailburuak, Osakidetzako zuzendaritza-taldearekin batera, Lehen Mailako Arretarako eta Osasun Komunitariorako jarduerak aurkeztu ditu, pertsonen, familiaren eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko helburu estrategikoarekin, osasunaren gizarte-determinatzaileak, sentsibilizazioa eta prebentzioa, eta pazienteentzako osasun-asistentziaren eraginkortasuna kontuan hartuta
- Datozen hilabeteetan amaituko da plantilla handitzeko prozesua, 358 plaza berri gehituko baitira Lehen Mailako Arreta indartzeko. Osakidetzak 5 urteko epean praktika aurreratuko 63 erizain eta ospitale-loturako 25 profesional izango ditu
- 2025 eta 2030 bitartean 120 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten da osasun-zentro berriak sortzeko eta lehendik daudenak hobetzeko, eta Osakidetzaren eraldaketa digitalera 100 milioi euro baino gehiago bideratuko dira
- Sailburuak iragarri du Gasteizen San Martingo EAGa abian jarriko dela urteko lehen hiruhilekorako eta Gasteizko Alde Zaharreko osasun-zentro berrian aurrera egiteko hitzarmena desblokeatuko dela
- Gainera, gripearen txertoa hartzeko deia egin du berriro, batez ere emakume haurdunei eta arrisku-kolektiboei, eta Osakidetzak Gabonetako jaiegunen ondorengo aldirako bere ospitaleetarako eta lehen mailako arretarako duen errefortzu-plana azaldu du, egun horretan aurreikusten baitira birusaren intzidentzia altuenak
Euskadi osasun eredu berri baterantz doa, irisgarria eta gertukoa, prebentzio indibidualean eta kolektiboan oinarritua, paradigma berri gisa. Hala ziurtatu du Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak bere sailak eta Osakidetzak legealdiaren hasieran lehentasun nagusi gisa abian jarri zuten Lehen Mailako Arreta eta Osasun Komunitarioa 2024-2025: osasuna eskura, arreta gertu dokumentuan jasotako ekintzak aurkezteko gosari informatibo batean.
Hedabideekin egindako topaketan, sailburuarekin batera ekintza horien diseinu eta garapenean parte hartu duen profesional-taldearen ordezkaritza bat egon da. Sailaren aldetik, Enrique Peiró, Osasuneko sailburuordea; eta Gontzal Tamayo, Osasun Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendaria; eta Osakidetzaren aldetik, zuzendaritza-talde berria aurkeztu du, eta honako hauek izan dira: Susana López Altuna, Osakidetzako zuzendari nagusia; Maite Martínez, Asistentzia Sanitarioko zuzendaria; Jorge Romeo, Lehen Mailako Arretako Koordinaziorako zuzendariordea; Josune Retegi, Giza Baliabideetako zuzendaria; Xabier Ibarzabal, Ekonomia- eta Finantza-zuzendaria; Benjamin Juez, Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordea; Elena Fernández, Erizaintzako zuzendariordea; eta Koldo Berganzo, Ospitaleko Atentzioko koordinaziorako zuzendariordea.
Dokumentuak “osasuna eskura, arreta gertu” epigrafea du goiburu. Sailburuaren hitzetan, “ez da lelo hutsa, baizik eta euskal gizartearekin hartzen dugun konpromiso formala, lehen mailako arreta sendoa lortzeko eta egungo Euskadiren erronkei eta beharrei erantzuteko gai izango diren ekintza zehatzak gara daitezen”. Sistema proaktibo, prebentibo, integratu eta komunitario baten ardatz izango da, eta bat etorriko da Imanol Pradales lehendakariak bultzatutako Euskadiko Osasun Itunak finkatutako lan-ildoarekin.
Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek dokumentuaren filosofia eta edukia zehaztu dituzte, baita hedatutako eta aurreikusitako jarduerak ere. Jarduera horien guztien helburua da pertsonen, familien eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetzea, kontuan hartuta osasunaren gizarte-baldintzatzaileak, beharrezko sentsibilizazio- eta prebentzio-neurriak eta pazienteentzako osasun-laguntzaren eraginkortasuna. Xede horiek lortze aldera, jarduerak elkarri lotutako 4 zutabetan oinarritzen dira: osasun-arreta irisgarria eta gertukoa; gaixotasunaren prebentzioa eta osasunaren sustapena; diziplina anitzeko taldeetan garatuko diren pertsona profesionalen politika berria; eta eraldaketa digitalean eta azpiegituretan inbertitzea.
OSASUN-ARRETA IRISGARRIA ETA GERTUKOA
- Irisgarritasuna, Herritarrentzako arreta. Sistemarako irisgarritasuna hobetzea, gutako bakoitzak behar duen arreta jaso dezan denboran eta forman.
Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromiso irmoa dute pertsona guztien osasunerako eskubidearekin, osasun-sistema unibertsal eta kalitatekoarekin. Konpromiso hori elikatzen duten balioak ekitatea, irisgarritasuna eta pazienteenganako hurbiltasuna dira. Ildo horretan, 2 arlotatik planteatzen da irisgarritasunaren hobekuntza:
Osasun-arretarako irisgarritasuna. Bai aurrez aurreko arretan —oraindik ere aurrera egiten ari da espazio fisikoen eta zentroetarako sarbideen hobekuntzan, eta batez ere desgaitasuna eta irisgarritasun murriztua duten pazienteei zuzendutako soluzio teknologikoen garapenean—, bai telefono bidezko arretan —langileak indartzea aurreikusten da—, bai web bidezko aurretiko hitzorduan (24x7) —aplikazio informatikoa hobetuko da eta hitzorduak bikoiztea saihestuko da, besteak beste—.
Desburokratizazioa. Eskaria kudeatzeko eredu bateratu baten ezarpena garatzen ari da, eskaerak identifikatu eta lanbide-profil egokienera bideratzen dituena. Horretarako, kontsulta eta hitzordu taxuzkoena eskainiko du eta tramitazio kliniko-administratibo oro osasun-zentro bakoitzeko administrarien esku utziko du. Eredu berri horri laguntze aldera, tresna digitalen integrazioan ere aurrera egiten da, hala nola Aldundiekiko elkarreragingarritasunean —Gipuzkoan osatuta dago, eta Euskadiko gainerako lurraldeetara hedatuko da—.Horrez gain, hobekuntzak egingo dira osasun-karpetan, sinadura biometrikoaren erabileran, anbulantzien kudeaketan, pazienteen esleipenean, farmazia-preskripzioaren berritze automatikoan eta altaren ondorengo zainketen jarraipenean, besteak beste.
- Hurbiltasuneko arreta. Gaixotasunaren prebentzioa eta osasunaren sustapena. Prestazio berriak
Haurrentzako arreta. Euskadiko Haurren Osasunerako Programa haur eta nerabe guztiak osasuntsu haziko direla eta jaiotzen direnetik nerabezarora arte ahalik eta arretarik onena jasoko dutela bermatzeko diseinatutako ekimena da. Programaren helburua da gaixotasunak prebenitzea, osasun-arazoak garaiz hautematea eta familien artean ohitura osasungarriak sustatzea, betiere asistentzia integrala, bikaina, ekitatiboa eta segurua eskainiko dien eredu baten bitartez. Horren barruan zenbait arlotako programak sartzen dira: haurren osasuna —prebentziorako, arazoak garaiz hautemateko eta ohitura osasungarriak sustatzeko—; egoera aringarrian dauden pediatriako pazienteei eta paziente kronikoei arreta ematea; gehiegizko pisuaren eta obesitatearen tratamendua; ospitalez kanpoko larrialdi pediatrikoen arloko asistentzia; eta pediatriako prestakuntza eta ikerketa.
Kronikotasuna. Osakidetzak pluripatologia duten pertsonei eta haien senideei arreta integrala eta diziplinartekoa emateko asistentzia-bide korporatiboa du. Esparru horretan, funtsezkoa da erizaintzako rol berriak barne hartzea. Hori dela eta, Osakidetzak praktika aurreratuko 63 erizain eta ospitale-loturako 25 profesional izango ditu datozen bost urteetan. Gainera, bihotz-gutxiegitasuna duten pertsonentzako beste asistentzia-bide integratu korporatibo bat hedatzen hasi da, eta 2025 eta 2026 artean beste bat zabaltzea aurreikusi da biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa dutenentzat. Horiei gehituko zaizkie giltzurrun-patologia kronikora edo gaixotasun mental nagusienera bideratutakoak. Horietan guztietan genero-ikuspegia hartuko da aintzat. Bestalde, Osasun Eskola, Osasun Aholkua eta Osasun Karpeta ere funtsezkoak dira paziente kronikoen asistentzian.
Fisioterapia. Lesioak sendatzeko eta eboluzio luzeko minari aurre egiteko ez ezik, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko ere bai. Osakidetzaren sare osoan zabaldu da jada espezialitate hori. Funtsezko profil profesionala da osasuna bizimodu osasungarri eta aktiboaren bidez sustatzeko eta komunitatearen esparruan esku hartzeko.
Odontologia. Aho-hortzen osasunerako zerbitzu-zorro berria abiarazi dugu. Zerbitzu-zorro hori pixkanaka ezartzen hasi gara, 0 eta 6 urte bitartekoen taldera, haurdun dauden emakumeen taldera eta paziente onkologikoen taldera zabaltzearekin. Desgaitasun mugatzailea duten 15 urtetik gorakoen taldera ere hedatuko da. Horretarako, dentisten eta hortzetako higienista teknikarien plaza kopurua handitu da, eta 12 dentista eta 11 hortz-higienista berri sartu dira, eta 14 eta 15 izango dira, hurrenez hurren, 2025ean (2 dentista plaza Arabako Errioxan eta Mungian, eta 4 hortz-higienista plaza Arabako Errioxan, Mungian, Eibarren eta Bidasoan). Gainera, beste 2 hortz-kontsultategi jarriko dira abian Oionen eta Mungian.
Arlo soziosanitarioa. Osasuna ikuspegi komunitariotik jorratzeko estrategia abiarazi dugu —lehen mailako arretako unitateetatik, eta osasun publikoarekin eta eragile komunitarioekin elkarlanean—. Horretarako, beharrezko profesionalen errefortzua izan dugu: 37 erizain komunitario 2024ko bigarren seihilekoan. Hain zuzen, profesional horiek funtsezkoak dira herritarrekin eta beste eragile eta erakunde batzuekin izan beharreko konexioan. Hori zenbait ekimenetan islatzen da, hala nola Osakidetzaren biztanleria-baheketen hobekuntza, “Tabako-kerik gabeko Euskadi” programa, zahartze osasungarria sustatzen duen Adinekoen Arreta Plana, edo ahotiko antikoagulatzaile bidezko tratamenduan dauden pertsonen autokontrola.
Pazientea eta haren familia ahalduntzea. Funtsean, bi ildotan: batetik, Osasun Eskola, hau da, herritarrei informazio zehatza eta aldi berean ulergarria eskaintzen dien Osakidetzaren eta Osasun Sailaren osasun-eskola, zainketa hobea ahalbidetze aldera. Eta, bestetik, Paziente Bizia-Paziente Aktiboa ekimena, hau da, herritarren, pazienteen, zaintzaileen eta osasun arloko profesionalen eskura tailerrak eta prestakuntza-ikastaroak jartzen dituen ekimena, gaixotasunaren autokudeaketarako gaitasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna areago daitezen eta haien autonomia eta bizi-kalitatea susta dadin.
Farmazia. Ekintza-ildo nagusiak dira: herritarren, bereziki herritar zaurgarrien (pluripatologia duten pertsonak eta polimedikatuak), tratamendu farmakologikoen egokitzapena bermatzea; sendagaien preskripzioan inplikatutako arlo asistentzialen eta komunitarioen sareko lana optimizatzea; sendagaien erabilera arrazionalari buruzko informazioa eta prestakuntza eskaintzea; eta preskripzioari lotutako asistentzia desburokratizatu eta arintzeko neurriak hartzea.
Ikerketa. Funtsean, prebentzio-jardueren sustapenari, sistemaren irisgarritasunari edo asistentzia-prozesuak desburokratizatu eta arintzeari buruzko ezagutzaren sorreran oinarritzen da.
PERTSONEN POLITIKA BERRIA. Entzutea, akordioa, egonkortzea eta fidelizazioa
- Guztira 358 plaza gehituko dira Lehen Mailako Arretaren esparruan
Datozen hilabeteetan amaituko da Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako Lehen Mailako Arretako Estrategiarekin hasitako plantillaren hazkundearen hedapen osoa. Estrategia horren ondorioz, 358 plaza gehitu dira asistentzia-maila hori indartzeko.
Pertsonen politikari dagokionez, Osakidetzaren osotasunerako indarrean dagoen politikan sartuta badago ere, zenbait neurri espezifiko hartzen ari dira, lehen mailako arretaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta. Neurri nagusien artean daude:
-Plantillen dimentsionamenduaren azterketa, zerbitzuak eta unitateak behar bezala estaltzen direla berma dadin.
-Betetzen zailak diren medikuen lanpostuetarako lehiaketa bidezko enplegu-eskaintza publikoa lehen mailako arretaren esparruan, familiako eta pediatriako medikuentzat, Euskadiko Aurrekontuen Lege berriaren xedapen gehigarriak gaitua.
-Barneko mediku egoiliarrak eta profesional seniorrak fidelizatzeko kontratazio-programak. Kontratazio egonkorreko baldintzak dituzten kontratazio-programa espezifikoak ezarri ditugu, amaitzen duten barneko mediku egoiliarrak fidelizatzeko. Zehazki, Euskadin prestatutako barneko mediku egoiliarren % 83 fidelizatu da, eta beste autonomia-erkidego batzuetan prestatutako medikuen % 18 erakarri da; hartara, prestatzen duguna baino gehiago estali da.
-Espezialitate berriak edo beste titulazio profesional batzuk barne hartzea, medikoez edo erizaintzakoez gain. 2025eko lehen hiruhilekoan, optometrista eta psikologo komunitarioak barne hartuko dira.
-Enplegu-eskaintza publikoaren eredu berria, behin-behinekotasuna % 8ra murriztea eta lehen mailako arretako talde guztietako plantillak egonkortzea ahalbidetuko diguna, lehiaketako eta oposizio-lehiaketako sistema arinagoen bidez (gaur egun Mahai Sektorialean negoziatzen ari da).
-Profesionalen talentua erakartzea eta garatzea, 3 ildoren bitartez: ezagutzaren kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa; garapen profesionalerako eredu berria, giza kapitala indartu dadin; eta lidergo eraldatzaileko eredu korporatibo berria.
AZPIEGITURETAN ETA ERALDAKETA DIGITALEAN INBERTITZEA
Lehen mailako eta komunitateko arretari dagokienez, legealdi honetan bi plan korporatibo aurreikusten dira:
- Azpiegitura Plana 2025-2030. Erosotasun, konfort eta jasangarritasuneko espazioak. Lehen Mailako Arretan lehentasunezko ikuspegia duten inbertsioak.
LEHEN ARRETAKO ZENTRO BERRIAK: Araban, Vitoria-Gasteizko Alde Zaharrean eta Laudion; Bizkaian, Boluetan (Bilbo), Arrigorriagan eta Urdulizen; Gipuzkoan, Txomin Enean (Donostia), Irun erdialdean eta Oñaurren, Elgoibarren eta Lazkaon. Aurrekontu zenbatetsia: 67,4 milioi euro.
LEHENDIK DAUDEN LEHEN MAILAKO ARRETAKO ZENTROAK HANDITZEA: San Inazio (Bilbo) eta Sondika. Aurrekontu zenbatetsia: 14,8 milioi euro.
LEHENDIK DAUDEN LEHEN MAILAKO ARRETAKO ZENTROEN BIRGAITZE INTEGRALA: Santutxu (Bilbo) eta Bergara. Aurrekontu zenbatetsia: 7 milioi euro.
LEHENDIK DAUDEN LEHEN MAILAKO ARRETAKO ZENTROEN ZAHARBERRITZE PARTZIALAK. Aurrekontu zenbatetsia: 22,5 milioi euro.
EKIPAMENDUA HOBETZEA. Aurrekontu zenbatetsia: 9 milioi euro.
- 400 osasun-gune baino gehiago egunero irekita, herritar guztientzako hurbiltasuna eta laguntza bermatuz.
- Eraldaketa digitaleko plana. Asistentzia-prozesu berriak: teknologia eta digitaliazioa, aliatu gisa
Helburua da osasun-arreta publikoaren eraldaketa digitala indartzea, pazientea ahalduntzea eta herritarrei zerbitzu seguruak eta baliozkoak egitea, sistema sendo eta elkarreragingarrien bidez. Osakidetzak guztira 75 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako.
Hauek dira gaur egun garatzen ari diren eta pertsonekin harreman berriak ezartzea ekarriko duten lehen mailako arretarako eta arreta komunitariorako proiektuak:
-IRUDIGILTZA. Irudi medikoko azterketak pazientearekin partekatzeko plataforma.
-IRUDIGUNE. Irudi medikoen aplikazioa.
-ERANTZUNAK. Herritarrei arreta emateko kanala.
-TXANDAKA. Pazienteen harreraren kudeaketa.
-OSASUN ESKOLA +. Herritarrak osasun-arloan ahalduntzea helburu duen plataforma digitala.
-MALETIK. Telemedikuntza eramangarriko sistema.