Azaroak 25 kanpaina
Berriak Hezkuntza
qrcode

Begoña Pedrosa: “Hezkuntza sistemaren eraldaketa aurrera doa ekimen berriak martxan jarriz”

2024-12-18

Ekimen zehatzak, hala nola Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua, eta baliabide berriak sortzeko dekretuak, Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa eta Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasuna Kudeatzeko Zentroa sortzekoak, Hezkuntzari buruzko Legearen esparruan abiatu dira.

Hezkuntza Saila arian-arian eta etengabe ari da betetzen Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak 2022ko apirilaren 7an Euskal Hezkuntza Sistemari buruz onartutako akordioa, legebiltzarkideen %90aren babesa lortu zuena. Pedrosa sailburuak agerraldia egin du gaur goizean, duela urtebete onartutako Hezkuntzako Euskal Legearekin eta akordioarekin lotutako ekimenen berri emateko. Pozik agertu da orain arte egindako bidearekin, eskerrak eman dizkio hezkuntza-komunitateari aldaketa-, hobekuntza- eta konpromiso-garai berri batean parte hartzeagatik, eta adierazi duenez, “hezkuntza-sistema eraldatzeko iraunkortasuna, egonkortasuna eta ilusioa behar dira”.

Hezkuntzako arduradunaren deskargua izan da lau eremu bereiziren inguruan hartutako konpromisoen ondoriozko ekimenak zehaztea.

Hezkuntza-sistemaren ikuspegi estrategikoari dagokionez, sailburuak azaldu du lehentasunetako bat izan dela Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoaren prozesua abian jartzea. Plana 2025eko lehen seihilekoan aurkeztuko da Legebiltzarrean, eta sare publikoaren, haren hobekuntzaren eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzearen aldeko apustua indartzen du.

Pedrosak Haurreskolen sendotzea azpimarratu du, sarbide unibertsala adierazten baitu hezkuntza-sistema doako eta kalitatezkora. Joan den irailean 5.033 haurrek hasi dute ikasturtea, hau da, duela bi urte baino ia % 50 gehiagok.

Abian jarritako ekimenen beste esparru bat ekitatea eta gizarte-kohesioa dira. Segregazioaren aurkako Itun Sozialerantz aurrera egiteko neurriak hartzen ari dira. Halaber, sarbidean berrikuntzak aplikatu dira: ikasle kalteberentzako plazak erreserbatzea, eta konplexutasun handiko ikastetxeentzako programa integralak. “Erantzunkidetasunean urratsak eman behar ditugu, ikasleen eskolatzea inklusiboa, heterogeneoagoa eta ekitatiboagoa izan dadin”, azaldu du Pedrosak.

Etengabeko hobekuntza eta hezkuntza-eraldaketa

Hain zuzen ere, hezkuntzaren kalitatea eta eraldaketa jasotzen dute datozen hilabeteetan garatu beharreko ekimen eta dekretu gehienek.

Digitalizazioak, ikastetxeei laguntzeko egitura berriek eta sistemaren prestakuntza eta ebaluazio integralerako politika berriak bidea ireki dute dagoeneko aktibatu diren Euskal Hezkuntza Sistema hobetzeko tresna gisa. Hezkuntzako sailburuak Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren sorrera eta zentro berriak sortzeko dekretuak aipatu ditu, hala nola Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, berrikuntza metodologiko, teknologiko eta digitalera bideratua, edo Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, sistemaren hobekuntza eta eraldaketa bultzatzeko ekimen garrantzitsu gisa.

Aurrerapenak jasotzen dituen laugarren eremua Gobernantzari dagokio. Pedrosa sailburuak nabarmendu du dekretu berri bat jarri dela abian Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua sortzeko, eta tokiko administrazioekin lankidetzan aritzeko apustua egin duela funtsezko esparruetan, hala nola familiak eskolatze orekatuaren aldeko prozesuan orientatzeko, herritarren arteko komunikazioa eta sentsibilizazioa aniztasunari balioa emateko, bizikidetza positiboa sustatzea ikastetxeetan eta ikastetxeetatik kanpo, eta euskararen erabilera bultzatzea.

Ondorio gisa, jakitun “hezkuntza-hobekuntzak epe ertain eta luzera ikusten direla”, Hezkuntzako sailburuak eskatu du “denbora eta egonkortasuna eta, aldi berean, malgutasuna eta gaitasuna hurrengo aldaketetara egokitzeko”. “Lege berria eta horri lotutako ekimen guztiak lagungarri izango dira Euskal Hezkuntza Sistemak datozen hamarkadetan izango dituen hezkuntza-erronketarako bidean”, esanez amaitu du.

Negoziatzeko benetako borondatearekin

Eragile sindikalekiko negoziazioei buruzko agerraldiaren ondoren hedabideek egindako galderei erantzunez, Begoña Pedrosa sailburuak ziurtatu du Hezkuntza Sailak jarrera irekia duela akordiorako. “Sindikatuek badakite negoziatzeko borondatea zein den, badakite eztabaidagai izan diren hobekuntza asko onartu direla. Negoziatzeko borondate horren erakusgarri da Hezkuntza Bereziko mahaian akordioak lortu direla, eta aste honetan bertan hitzarmena sinatzeko prest gaude”, azaldu du Pedrosak.

Abuztuaz geroztik, kolektibo guztietako mahaien negoziazioei eutsi zaie, eta aldebiko bilerak egin dira sindikatu guztiekin. Hezkuntza Sailak sindikatuek egindako aldarrikapen guztien inguruko egungo akordioa hobetzea proposatu du. “Berriz ere diot, akordioak lortzetik oso gertu gaude, eta, ziurrenik, kolektiboek ez dakite oraindik”, azaldu du. Egoera horren aurrean, sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak komunikazio bat egin diela irakasleei, proposamenen berri izan dezaten. Aste honetan bertan sindikatuekin sei negoziazio-mahai edo mahai tekniko deitu dituela gaineratu du.

“Hezkuntza herri-erronka bat da, eta erantzukizunez jokatu behar dugu, guztiok, herritarren borondatearen ordezkari gisa. Kezkatuta ikusten dut nola egin nahi den erabilera alderdikoia, Hezkuntzaren arloko gatazka artifizial bat islatuz”, adierazi du Pedrosak.

Sailburuak iragarri duenez, Hezkuntza Sailak lanean jarraituko du, bai gizarte-eragileekin negoziatzeko mahaietan, bai hezkuntza-sistemak behar dituen aldaketak sustatzen. “Konpromiso bera eskatzen diegu gainerako eragile sinatzaileei”, esan du.

“Zeri erantzuten dio jarrera horrek negoziazioak aurrera doazen, bilerak programatuta dauden eta akordioak gertu dauden testuinguru honetan?” galde egin dio bere buruari Pedrosak.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-12-19

    Edukiz betetzeak baino gehiago ahanztura ekar dezake eduki erabilgarriagoa eta praktikoagoa duen berdintasunezko sistema bultzatzeak, batez ere hurbileko baliabideak ezagutuz, eta euskaraz errespetatu behar da bestela ez goaz inora.

  • Argazkia Xaver
    2024-12-19

    Más que de llenar de contenido pueda dar lugar al olvido impulsar sistema igualitario con contenido más útil y práctico conociendo sobre todo los recursos cercanos y en euskera hay que respetar sin respeto no vamos a ninguna parte.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak