Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintza alemaniar Poliziarekin koordinatuko da euskal zaleen segurtasuna bermatzeko

2012.eko martxoak 27

Ertzaintzako hainbat agente Gelsenkirchenera joango dira, segurtasuna alemaniar poliziarekin koordinatzeko

Ertzaintzako hiru agente Alemaniako ipar-ekialdeko Gelsenkirchen hirira joango dira bihar (asteazkena), Athleticek ostegunean jokatuko duen partidaren inguruko segurtasun neurriak Alemaniako Poliziarekin koordinatzeko. Aurreikuspenen arabera, mila bat zale bertaratuko dira Euskaditik partida ikusteko asmoz; hori dela eta, Ertzaintza duela zenbait egun hasi zen koordinazio lanetan bi klubekin eta Gelsenkircheneko Poliziarekin, dena segurtasun maila handienaz joan dadin.

Ertzaintza alemaniar polizia taldearekin harremanetan jarri zen, bi partidetako segurtasun neurriak koordinatzeko. Lehenengo norgehiagoka Veltins-Arenan jokatuko da, datorren ostegunean (martxoak 29), eta itzulerakoa apirilaren 5ean, San Mamesen.

Bihar, asteazkena, Athleticen partidetako segurtasuna koordinatu ohi duen ataleko hainbat ertzainek izango dute Alemaniako hirira Bilboko taldearekin batera joateko ardura, Gelsenkircheneko Poliziari bertatik bertara laguntzeko eta segurtasun lanetan lankidetza eskaintzeko. Bihar bilera bat izango dute lehenengo norgehiagokaren segurtasun neurriak zehazteko. Ostegunean goizean, partida baino lehen, UEFAko segurtasun zerbitzuekin bilduko dira.

Aurreikuspenen arabera, mila bat zale bertaratuko dira Euskaditik partida ikusteko asmoz. Gehienak hegazkinez helduko dira, baina 200 bat lagun autoz eta autokarabanaz bertaratuko dira, eta gutxienez bi autobus iritsiko dira Alemaniako hirira. Bueltako partidan, 1500 jarraitzaile aleman inguru Bilbora hurbilduko direla uste dute.

Polizia alemanak ez ditu gomendio berezirik bidali Ertzaintzari euskal zaleentzako. Gelsenkirchen hiri segurua da eta alemaniar poliziak bakarrik gogorarazten du estadiora ezin dela alkoholik eta bengalarik sartu. Horrez gainera, lema erradikalak, xenofoboak edota delituzkoekin zerikusia duten pankartak debekatuta daudela adierazi dute, baita aurpegia ezkutatzen duten buru-berokiak ere. Alemanek gai honetan enfasi berezia jartzen dute.

Veltins-Arena estadioaren metro gutxira aparkaleku bat dago eta handik oinez joan daiteke estadioraino. Autorik erabiliko ez duten zaleentzat Estadiotik gertuen dagoen tren (strassenbahn) geltokiak Kurt-Schumacher-Strasse du izena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko