Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak ardura partekatuaren eta lankidetzaren alde egin du bihar-etziko erronka ekonomikoei aurre egiteko

2024-12-09
  • Gaur, Imanol Pradalesek El Correo-k eta Banco Santander-ek antolatutako "Expectativas Económicas" Foroan parte hartu du
  • "Arrakasta lortzeko sekretu bakarra dago: denon lan bateratua. Herri bezala traineru bakarrean arraun egitea. Gure gaitasun politiko eta sozioekonomikoak aktibatu eta zabaldu behar ditugu, Europa osoko ekonomiaren eta industriaren etorkizunerako une garrantzitsu honetan. Ausartak eta zorrotzak izan behar dugu.”, esan du

Gaur goizean, Lehendakariak "Expectativas Económicas" Foroan parte hartu du. Bertan, gaur egungo eta etorkizuneko desafio ekonomikoei erantzuteko ardura kolektiboaren alde mintzatu da Imanol Pradales. Lehendakariak azpimarratu duenez, orain hartzen ari garen erabakietan berebiziko garrantzia du erakundeen eta ekimen pribatu eta sozialen arteko lankidetzak; izan ere, orain hartzen diren akordioak etorkizunerako erabakigarriak izango baitira.

"Arrakasta lortzeko sekretu bakarra dago: denon lan bateratua. Herri bezala traineru bakarrean arraun egitea. Gure gaitasun politiko eta sozioekonomikoak aktibatu eta zabaldu behar ditugu, Europa osoko ekonomiaren eta industriaren etorkizunerako une garrantzitsu honetan. Ausartak eta zorrotzak izan behar dugu.” Horixe azaldu du Lehendakariak.

Ildo beretik, Imanol Pradalesek funtsezko hiru gai izan ditu mintzagai: kudeaketa publikoa, Europaren etorkizuna eta Euskadirentzako aukerak.

Kudeaketa publikoari dagokionez, Administrazio eraginkor eta arinaren alde egin du, eta zerbitzu publikoen kalitatearekin eta epe luzerako iraunkortasunarekin konprometituta dagoen Administrazioa defendatu du. Administrazioak gehiegi esku hartzea eta gastu publikoan "gehiagorako gehiago" bideratzearen politika baztertu ditu; zentzu horretan, fiskalitatean zuhur jokatu eta inbertsioak lehenetsi behar ditugula azaldu du. Era berean, lankidetza politiko eta sozialaren garrantzia azpimarratu du, parean dauzkagun erronkei heltzeko, besteak beste, osasunari, etxebizitzari eta migrazioari.

Europaren etorkizunari dagokionez, Imanol Pradalesek Europak bizi duen eraldaketa politiko eta ekonomikoaren prozesuaz hitz egin du, eta Euskadik prozesu horretan aktiboki parte hartu behar duela argudiatu du. Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi du Europak estrategia industrial jakin bat hartu behar duela elikagaien, energiaren eta digitalaren segurtasuna bermatzeko, eta Euskadik eremu horretan duen zeregina nabarmendu du, izan ere, Euskadik gaitasun industriala du enplegu kualifikatua sortzeko eta inbertsioak erakartzeko.

Azkenik, Lehendakariak erronka globalen aurrean Euskadik dituen aukerak nabarmendu ditu, esate baterako, klima-aldaketari erantzuterakoan. Zentzu horretan, trantsizio energetikoa Euskadirentzako aukera estrategikoa dela argudiatu du, eta sektore ekonomiko guztiak barne hartzen dituen ahalegin kolektiboa egin behar dela azaldu du. Era berean, ekintzailetzak, berrikuntzak eta enpresa txiki eta ertainei laguntzak ematea Euskadiren eraldaketa ekonomikoaren funtsezko motoreak direla nabarmendu du.

Imanol Pradalesek azpimarratu duenez, politikak bidea erraztu behar du, hain justu ere, sorkuntza, berrikuntza eta ekintzailetza aurrerapenerako motore izatea ahalbidetuz. Era berean, Lehendakariak argi eta garbi utzi du Euskadiren erresilientzian eta sormenean sinesten duela, erronkak gainditu eta bihar-etziko belaunaldientzako etorkizun oparoa eraikitzeko.

Lehendakariak mezu baikor batekin amaitu du bere hitzaldia, zehazki, erantzukizunean, lankidetzan eta ongizate kolektiboarekiko konpromisoan oinarritutako etorkizun komuna eraikitzen laguntzeko deia luzatu du.

"Sofaren erosotasunetik jaiki behar dugu, gure etxeko bertako babesgunetik irten eta bidea azkartu, horrela, aurrean dugun trena ez galtzeko. Etorkizuneko tren horri esker, gure seme-alabek askatasunez eta segurtasunez garatu ahal izango dituzte beren bizi-proiektuak", adierazi du Imanol Pradales Lehendakariak.

5 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-12-11

    Ideia hau gustatzen zait, esate baterako, tenperatura altuko tenperatura xehatu finisimoetan, tenperatura altuko hauts lehergarri bat sortzeko, eta altzairua ekoizteko, ikatz erreduktore labe alturik erabili gabe. Errekuntzarantz ale finetan xehatutako ikatza ukipen-azalera handitzen denean gogorarazten dit. Ideia bat aspaldikoa izan zen labeetan, eta orain erditu egiten da iraunkortasunari begira.

  • Argazkia Xaver
    2024-12-11

    Me gusta la idea de obtener recursos de menas bajas por ejemplo carbonatadas para a alta temperatura desmenuzado en finisimos granos provoque un polvo explosivo a alta temperatura y producción acero sin empleo alto horno carbón reductor. Me recuerda cuando hacia la combustión el carbón desmenuzado en finos granos aumenta la superficie de contacto. Una idea estuvo de hace tiempo en los hornos y se saca a luz ahora mirando por la sostenibilidad.

  • Argazkia Xaver
    2024-12-09

    Zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta gehiago irabazi behar da prezioen neurrigabeko igoerarekin batera, eta horrek ez du produktibitate eta lehiakortasun ona eragiten merkatu irekietan, balio duten mugarik gabe.

  • Argazkia Xaver
    2024-12-09

    Zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta gehiago irabazi behar da prezioen neurrigabeko igoerarekin batera, eta horrek ez du produktibitate eta lehiakortasun ona eragiten merkatu irekietan, balio duten mugarik gabe.

  • Argazkia Xaver
    2024-12-09

    Cuantas más cosas se tienen se supone más se ha de ganar junto con el aumento desmesurado de precios no hacen buena ecuación productividad y competitividad mercados abiertos sin peros que valgan

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak