Berriak Justizia eta Herri Administrazioa

Itzarri BGAE-k 2011ko ekitaldia 425 milioi euroko ondarearekin itxi du

2012-03-26

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 92.402 langile hartzen ditu

Itzarri BGAEk 425 milioi euroko ondarearekin amaitu zuen 2011ko ekitaldia. Urteko kudeaketa-balantzea eman da gaur ezagutzera Gasteizen egin den Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen Ohiko Batzar Nagusian eta beronen gobernu-organo nagusiaren babesa eta onarpena jaso du.

Zor subiranoaren urtea izan zen 2011. Halakotzat joko dute aditu askok, izan ere errenta finko publikoak lehengo urtean inbertsiogileen artean izan zuen protagonismoak ez baitauka parekorik. Portugalek erreskatea eskatu zuen apirilean eta, horrek, areagotu besterik ez zuen egin herrialde periferikoek eragiten duten zalantza; zehatz esanda, nazioarteko erakundeei oraindik laguntzarik eskatu ez zieten bi herrialdeen, hau da, Espainiaren eta Italiaren inguruko zalantza areagotu zen. Ziurgabetasun horrek bere isla izan zuen eurogunean: alde batetik, euroguneko herrialdeek zor subiranoa izan zuten (inoiz ezagutu gabeko errentagarritasunak ordaintzera iritsi ziren, bai gorantz eta bai beherantz, kasuaren arabera). Bestetik, berriz, arrisku-primek gaindiezinak ziruditen mugak gainditu zituzten, eta horrek oso ondorio kaltegarriak ekarri zizkien errenta finkoko zorroen balorazioei.

2011. urtea ez zen espero bezalakoa izan, ez baitzen ekonomiaren suspertzea finkatu. Alderantziz baizik: ekonomia aurreratuen desapalankatze-prozesuen eta eurogunearen barruko zor subiranoaren krisiaren eraginez, BPGaren hazkunde-tasek beheranzko profila erakutsi zuten urtean zehar. Horrek guztiak beste arlo ekonomikoei begira ezarrita zeuden asmoak kutsatu ditu.

Oso urte zaila izan da Espainiako ekonomiarentzat, baita Euskal Autonomia Erkidegokoarentzat ere. Errentagarritasun negatiboa izan dugu (2008ko ekitaldian gertatu zen bezala), errenta aldakorreko merkatuek oro har portaera negatiboa izan dutelako eta Europaren zor subiranoak krisia eragin duelako.

Krisi horren eraginez, gainera, arrisku-primek izugarrizko igoera izan dute (herrialde periferikoetan batez ere), gaindiezinak ziruditen mugak gainditu dira, eta horrek oso ondorio kaltegarriak eragin dizkio gure erakundearen zorroko errenta finkoko tituluen balorazioari. Horregatik guztiagatik, Itzarri BGAEk % 3,26ko errentagarritasun negatiboarekin bukatu zuen 2011.

Bestalde, eta Gobernu Batzordeak onartutako inbertsio-politikarekin bat etorriz, aipatutako ekitaldian zehar Itzarri BGAEk errenta finkoaren mailari eutsi dio oro har. Era berean, errenta aldakorreko batez besteko inbertsioa % 20koa izan zen urte horretan, inbertsio politika kontserbatzailea aplikatuz.

Itzarri BGAEk 2005eko apirilean hasi zuen bere jarduera 10.166.198 euroko ondarearekin, eta 2011ko abenduaren 31n 424.530.431 euroko ondarea zuen; hau da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 9,07ko igoera lortu zuen.

2012an aldiz, hazkunde esponentzial hori moztu egingo da. Hazkundeari eutsiko zaio, bai (inbertsioek emaitza positiboa izango dutela aurreikusten denez, 2012a ixterakoan 455 milioi euroko ingurukoa izan liteke BGAEaren ondarea), baina aurreko ekitaldietan baino erritmo askoz ere motelagoarekin, krisialdi ekonomiko larriak ukitu egiten baikaitu eta bere eragina izango baitu (esate baterako, bazkide babesleek ekarpenak eten dituzte aldi baterako).

Defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretua argitaratu zen 2011ko abenduaren 31ko BOEn. Arau horren 2. artikuluko 3. idatz-zatian ezarrita dago artikulu horren 1. idatz-zatiak aipatzen dituen administrazioek, entitateek eta sozietateek 2012ko ekitaldian ezin izango dutela ekarpenik egin enpleguko pentsio-planetan edo erretiro-gertakizunaren estaldura barne hartzen duten aseguru-kontratu kolektiboetan. Era berean, aipatutako 2. artikulu horren 7. idatz-zatiak ezartzen du artikulu horren 3. idatz-zatia oinarrizkoa dela eta Konstituzioaren 149.1.13 eta 156.1 artikuluen babesean emana dagoela. Ondorioz, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere erakunde autonomoek, Jaurlaritzako sailen menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 7. artikuluak aipatzen dituen gainontzeko erakundeek beharrezkoak diren neurriak hartu dituzte 2012ko ekitaldian Itzarri BGAEri egin beharreko ekarpen instituzionalak eteteko. Neurri horiek abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuko 2.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko hartu dira eta, beraz, aldi baterakoak dira eta 2012ko ekitaldian bakarrik aplikatuko dira.

Gizarte-aurreikuspeneko erakundeak guztira 53.983.706 euroko ekarpenak jaso ditu amaitutako ekitaldian. Prestazioen kopurua guztira 5.129.836 eurokoa izan da (ondarearen % 1,2): erretiroagatik, 3.890.460 euro; ezintasunagatik, 652.033 euro; heriotzagatik, 547.504 euro; eta langabeziagatik, 39.839 euro.

Halaber, azpimarratu behar da egitura- eta kudeaketa-gastuek ondarean duten portzentajea murriztu egin dela aurreko ekitaldiekin alderatuta (bost urtetan herena baino gehiago murriztu dira). Ondarearen % 24koa izan da 2011ko gastua.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 92.402 langile hartzen ditu, 2010ean baino % 3,76 gehiago (3.353 bazkide gehiago). 2012. urte honi begira, kolektibo eta langile berriak sartuz bazkide osoen kopurua gorantz joatea espero da.

Itzarri BGAE, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean hartutako Akordiori esker sortutako Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde bat da. Akordioaren arabera, Administrazioaren erakunde eta sozietate guztiek, bazkide babesleak direnez, 2004ko ekitalditik aurrera soldata-kostu osoaren portzentaje bat zuzenduko dute Itzarri BGAEri egin beharreko ekarpenak finantzatzeko.

Itzarri BGAEren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

- Helburu nagusia, erretiratze, ezintasun iraunkorra, heriotza edo epe luzeko langabezi kasuen ondorioz langileei dagozkien prestazio publikoak osatzea baino ez da.

- Langileek ekarpenerako duten eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan edo bere erakunde eta baltzu publikoetan bi urteko zerbitzualdia eman ondoren sortuko da.

- Bazkide babesleen ekarpenak derrigorrezkoak dira eta langileen lansariekiko proportzionalak.

- Langileen ekarpenak borondatezkoak izango dira eta Administrazioak egindako ekarpenaz gainerakoak.

- Bere aginte organoak Administrazioa eta sindikatuen artean parekideak dira. BGAEren Batzar Nagusian, langileen ordezkarien kopurua sindikatuen ordezkarien arabera zehaztuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko