Eusko Jaurlaritzak liberatu egin ditu Euskadiko garraio-datuak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak iragarri du gaur Euskadiko garraio publikoaren datuak liberatu egin direla Moveuskadi (http://www.moveuskadi.com/) eta Open Data Euskadi (http://opendata.euskadi.net) plataformen bidez. Horrek esan nahi du beste urrats bat egin dugula urte hasieran Jaurlaritzak hiru foru aldundiekin batera aurkeztutako Moveuskadi plataforma arrakastatsuaren garapenean.
GTFS datuak liberatzea eta Moveuskadiren garatzaileentzat API sarbidea jartzea ikaragarrizko jauzia da mugikortasun iraunkorra osorik hartuko duen sistema bat sortzeko, eta horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Open Government politikarekin lortu nahi dena. Aplikazio hau garatzeko egindako inbertsioarekin balio gehiago sortzeko aukera dago, hirugarren pertsona batzuek bestelako produktu eta zerbitzuak garatzeko aukera ematen baitu, eta horiek ere aldi berean, mugikortasun iraunkorra lortzen lagunduko dute, era berean, beste negozio-eredu batzuk sortuz.
Gaur gaurkoz, 27 enpresa, ikertzaile, unibertsitate eta partikularrek eskatu dute datuetarako sarbidea, eta datu horiekin aplikazioak, azterlanak eta ikerketak egiteko asmoa agertu dute.
Moveuskadi proiektua MovITransit hodei-teknologia berritzailea erabiliz garatu du i2Mapp enpresa gipuzkoarrak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin (Nets programa), eta horri esker, posible izan da Euskadiko garraioari buruzko datu guztiak oso diru gutxirekin, teknologia tradizionalak erabiliz eta denbora errekorrean, integratzea.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritzaren laguntza izan du aplikazioa garatzeko, eta orain plataforma hobetzeko lanean jarraitzen du, beste zerbitzu batzuk ere integratzeko asmoarekin, hala nola, bizikletak.