Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskadirentzat aliantza berriak lantzeko, kultura-diplomaziak duen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak

2024-12-18
  • Albaola Itsas-Kultur Faktoriara egindako bisitan, Imanol Pradales Lehendakariak azpimarratu du “Euskadiren eta Kanadaren arteko ondare historikoa XVI. mendearen hasieratik dokumentatuta dago”-ela eta gogorarazi du “Ardatz Atlantikoa lankidetzarako esparru naturala” izan dela historikoki
  • Ibone Bengoetxea, Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Ander Caballero, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia ere bertan izan dira

Imanol Pradales Lehendakariak Albaola Itsas-Kultur Faktoriaren Pasaiako instalazioak bisitatu ditu, Ibone Bengoetxea, Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ander Caballero, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia eta, Jeffrey Marder, Kanadako enbaxadorearekin batera. Xabier Agote lantegiko arduradunaren eskutik, biek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte faktorian garatzen diren jarduerak, eta Kanadako Red Bayko kostaldean 1565ean hondoratutako San Juan itsasontziaren erreplikaren eraikuntzaren bilakaera.

“Gure herriaren historia ezin da ulertu itsasorik gabe. Mendeetan zehar, itsasoari ekin diogu bizimodua ateratzeko, arrantzan egiteko, merkataritza-loturak irekitzeko eta beste herri batzuekin harremanak izateko. Gure ontziolak eta ontzigileak munduko onenen artean zeuden. Haien lana euskal manufakturaren adibide bikaina da, gaur egun oraindik mantentzen dugun eta bereizten gaituen indargunea. Harro gaude ondare, ezagutza eta lan egiteko modu honekin. Askotan errepikatu dugu, gure tamainan, Euskadik Europako industria-berpizkundearen motorra izan behar duela. Ziur nago garai hartako ontzigileek asmatu zuten bezala asmatzen badugu, gure aukerak biderkatu egingo direla”, adierazi du Lehendakariak.

“Itsasoarekin dugun harremanari esker -gaineratu du-, balioa eman diguten loturak ezarri ahal izan ditugu. Ez bakarrik balio ekonomikoa: kulturala, zientifikoa eta humanoa ere bai. Denbora asko igaro da euskal arrantzaleak Ternuan eta Labradorren finkatu zirenetik. Presentzia hori eta Kanadaren eta Euskadiren arteko ondare historiko komuna dokumentatuta daude XVI. mendearen hasieratik. Lotura hori, beraz, oso urrutitik dator. Oraindik ere harrotasunez gordetzen ditugun loturak sortu genituen”.

Horren adibide gisa, San Juan itsasontzia aipatu du, “Euskadiren eta Kanadaren arteko lankidetzan erreskatatu, piezaz pieza atera eta sakon aztertu zena”. Informazio horrekin egindako planoak erabiliz, Albaolak erreplika zehatza eraikitzen dihardu garai hartako metodoekin. Pradalesek azpimarratu duenez, “proiektu hau behin-betiko fasean sartzen da orain. Azken bultzada eman behar diogu. Eta elkarlanean egin behar dugu, orain arte egin dugun bezala. Bukatutakoan, ontzia Kanadara abiatzen eta arrakastaz iristen ikusteko ametsa beteko dugu”.

“Arrantzale haiek bezala, determinazio osoarekin egin nahi diogu aurre etorkizunari. Ekaitzen eta zailtasunen beldurrik gabe. Ziurgabetasunaren olatuei indar eta ilusio guztiarekin aurre eginez. Munduan protagonista izaten jarraitu nahi dugu. Munduko beste herri eta lurralde batzuekiko lotura aberasgarriak landuz”, dei egin du Lehendakariak gogoraraziz “historian zehar frogatu dugun bezala, Ardatz Atlantikoa lankidetzarako esparru naturala” izan dela “Euskadirentzat, lehen eta orain. Eta lankidetza hori biziberritzeko, kultur diplomaziaren bidetik aliantza berriak lortzeko, gure itsas ondarea oso tresna garrantzitsua da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jeffrey Marder Kanadako Enbaxadorea