Berriak
Eu

Akitania-Euskadi euroeskualdeak laguntza programa martxan jarri du proiektu komunak egiteko.

2012.eko martxoak 24

Atzo Akitania–Euskadi euroeskualdea LLETaren bilera izan zen Akitaniako Eskualde Batzordeko presidente eta Euroeskualdeko egungo presidente Alain Rousset-en gidaritzapean, 2012ko aurrekontua eta ekitaldiko jarduera ildoak onartzeko

Euroeskualdeak ekitaldi honetan burutuko dituen jardueraren ildo nagusiak honakoak dira: mugaz gaindiko proiektuetarako Akitania–Euskadi Funts Erkidearen laguntza deialdia ateratzea, plan estrategiko bat egitea eta Baiona-Donostia ardatzaren mugikortasun iraunkorrari buruzko osoko diagnosia egitea.

Akitania-Euskadi Funts Erkideak 900.000 euro izango ditu eta hainbat jarduera arlotan mugaz gaindiko ia berrogeita hamar proiektu finantzatzen ditu urtero hainbat arlotan, besteak beste, berrikuntzan, garapen ekonomikoan, hezkuntzan, kulturan, folklorean, eta abarretan. Aurtengo ekitaldian, eta lehenengo aldiz, euroeskualdeak berak bakarrik kudeatuko du funts hori eta horrela eskabideak aurkeztea erraztuko du leihatila bakarra izango denez eta ez bi orain arte bezala mugaren bi aldeetan.

Proiektuen kudeaketa ere erraztuko da, arduradun baten esku utziko baitute lehengo bi leihatilen zuzendaritza. Egun bizi dugun abagune ekonomikoa aldekoa ez bada ere, bi erakundeak funts hori mantentzearen aldeko apustu garrantzitsua egin dute, funtsa tresna estrategikotzat hartzen baitute lurralde lankidetzarako eta oinarrizkotzat eremu komun bat sortzeko proiekturako.

Bestalde, euroeskualdeak plan estrategiko bat burutuko du eragile guztien inplikazioaz, denbora perspektiba 2020ra arte zabalduz eta hiru lerro nagusi hauen menpe: mugikortasun iraunkorra; hazkunde iraunkorra, adimentsua eta barne-hartzailea; eta eskualde identitate indartua. Plan horren esparruan euroeskualdeak Baiona-Donostia ardatzaren mugikortasunari buruzko diagnosi osoa egingo du, trena mugikortasun horren egiturazko tresnatzat hartuta.

Akitania-Euskadi euroeskualdea abenduan eratu zen Gasteizen Patxi López lehendakariak eta Alain Rousset Conséil Régional d´Aquitaine-ko presidenteak estatutuak izenpetu zituztenean. Europan leku esanguratsua betetzeko bi eskualdeen arteko lankidetza indartu gisa eratu da Akitania-Euskadi euroeskualdea eta honako helburu nagusi hauekin: modu globalean eta zeharka lanean aritzea, europar ikuspuntuko lurralde lankidetza garatzea eta Europa mailan bi eskualdeen ikuspena nabarmenago egitea.

Hemendik aurrera, bi administrazioek bat eginda ari dira lanean, mugaz gaindiko hainbat erakundetan duten presentzia antolatu eta eraginkortasun handiagoa izateko helburuak lortzen eta baliabide publikoak kudeatzen.

Iruzkin bat
  • @EGTCPlatform
    2012.eko apirilak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: The Basque Country-Aquitaine Euro-region unveils the grant programme for common projects. http://t.co/ludDUtpP

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)