Azaroak 25 kanpaina
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, oposizioaren proposamenak jaso, eta aurrekontuari 34 zuzenketa egitea aintzat hartu du

2024-11-29

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak agerraldia egin du gaur, orain arteko negoziazio-prozesuaren berri emateko eta gaur hasiko den fase berria azaltzeko. Eusko Jaurlaritzaren entzuteko borondatea eta elkarlanerako nahia berretsi ditu. Jarrera horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritza babesten duten alderdiek 34 zuzenketa aurkeztu dizkiote aurrekontu-proiektuari, 15,5 M €-ko balioarekin, oposizioaren iritzi kritikoa aintzat hartu eta aurrekontu-proiektua hobetzeko. Honako arlo hauetako zuzenketak dira: osasuna, lana eta enplegua, etxebizitza, segurtasuna, lehen sektorea eta euskara.

3 bilera egin ditugu SUMAR, 4 PPrekin eta 5 EH BILDUrekin.

Azaroaren 11n Legebiltzarreko taldeekin bilerak egiten hasi, eta 3 bilera egin dira SUMARekin, 4 PPrekin eta, oraingoz, 5 EH BILDUrekin. “Eskerrak eman nahi dizkiet talde guztiei egin duten lanagatik. Euskadin errespetua gorde behar dugu, konfiantza eraikitzera begira”, aditzera eman du.

Sumar izan zen negoziaziotik aldendu zen lehen alderdia, Eusko Jaurlaritzaren ereduaren “eredu antagonikoari” eutsiz. Horrenbestez, abiapuntu horretatik, eta 760 M€-tik gorako eskaerekin, ez da bideragarria izan aurrera egitea, talde horrek hala nahi izan baitu. Taldeak irmo eutsi die bere eskaerei.

PPk 180 milioi euro inguruko proposamena egin zuen, bi eremutan soilik eragiteko, eta beste konpromiso batzuk baloratu gabe. Eusko Jaurlaritzak haien intereseko 30 ekimen inguru eskaini zituen, honako arlo hauetan besteak beste: familia, hezkuntza, garraioa, pertsona zaurgarriak eta ingurumena. Eskatu zituztenak baino 28 gehiago, baina aurreko eskaera ekonomiko ez bideragarriei eutsi diete eta bi gaitara mugatu dira. “Ez da posible izan eta errespetatu egiten dugu”, adierazi du d’Anjouk.

Bestalde, EH Bilduk lau arlotako lehen eskaintza egin zuen, honela laburbil zitekeena:

  1. Etxebizitza: 350 M€-ko kostua
  2. Lanbide-arteko gutxieneko soldata: estatuaren eskumena
  3. Zaintza: foru-eskumena
  4. Fiskalitatea: foru-eskumena.

Hau da, lau puntu horietatik hiru ez zegozkion aurrekontu-negoziazioari. Borondate oneko keinu gisa, bi kendu zituzten, fiskalitatea eta zaintzak, eta hirugarren bilera batean bigarren proposamena aurkeztu zuten, hirugarren eta laugarren ardatza kenduz eta lehenengo bien literaltasunari eutsiz.

Eusko Jaurlaritzak berrogeita hamar proposamen baino gehiagoko negoziazio-esparrua planteatzeko ekimen ausarta izan zuen, eta prestakuntzarako interesgarriak diren gaietan akordio-esparruak zabaldu ahal izateko asmo zintzoa erakutsi zuen.

Aste honetan bertan, hilaren 25ean, negoziazioan sakontzen jarraitzera begira, zenbait gai bazterrean uzteko egindako eskaera aintzat hartu zen.

Eusko Jaurlaritzaren bigarren eskaintza horretan, 20 ekimen zehatz eta ekonomikoki bideragarritan baino gehiagotan akordiorako aukerak eskaini ziren, baita beste arlo batzuetan elkarlanean aritzeko konpromisoa ere, hala nola gazterian, hezkuntzan edo pertsona zaurgarrien babesean.

Asteazkenean, azken orduan, EH BILDUk hirugarren proposamena helarazi zion Eusko Jaurlaritzari, soilik bere bi puntuei eutsita, baina ez zituzten zerga-gai guztiak ezabatu, esan zuten bezala. “Gure iritziz, atzerapausoa izan zen”, adierazi du sailburuak.

 “Asteazken gauean lanean aritu ginen jaso genuen eskaintza aztertzeko, eta atzo arratsaldean gure hirugarren proposamena bidali genien. Bertan, haien proposamenetako batzuk jaso genituen eta EH Bildurekin bat egiteko topagune izan daitezkeen beste elementu batzuk gehitu genituen, haien planteamenduak kontuan izanik”, erantsi du.

D’Anjouk argi utzi du oraindik ez dagoela akordiorik eta negoziazioa beste fase batean sartzen dela. Negoziazioak irekita jarraitzen du.

 “Bildu oso urruneko posiziotik abiatu zen, eta orain hurbildu egin da. Une honetan, behar beharrezkoa da diskrezioa —eskatu du sailburuak—. Negoziazioaren xehetasunek mahaian geratu behar dute, negoziazioa serioa bada”.

 “Eusko Jaurlaritzak dena emango du”, adierazi du amaitzeko.

D’Anjouk EH Bilduren jarrera eskertu du, bidea hori dela sinetsita.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak