qrcode

Arnasguneetako gazteen sormena saritu dute jendetza artean Arnasetik lehiaketaren sari banaketan

2024-11-29

Atzo, azaroaren 28an Bergarako Seminarixoa aretoan ospatu zen arnasguneetako gazteei zuzendutako Arnasetik bideo lehiaketaren hirugarren edizioaren sari banaketa.

  • 250 pertsona baino gehiagok bete zuten Seminarixoa aretoa bart.
  • Sei sari banatu ziren: kategoria bakoitzeko bat (LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 kategoriak), publikoaren saria eta Bergarako Udalaren sariak (guztira bi).
  • Arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten 10 ikastetxetako lanak izan dira finalistak: Bergara, Berriatua, Lekeitio, Lesaka, Zumaia, Azkoitia, Gaztelu, Zarautz, Ondarroa eta Zaldibiako gazteek sortu dituzte lan hauek.
  • Sariak azkenik, Berriatuako, Bergarako, Azkoitiako, Ondarroako eta Zaldibiako ikasleentzat izan dira.

Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioari amaiera borobila eman zaio bart, azaroaren 28an, Bergarako Seminarixoa aretoan ospatutako sari banaketa ekitaldiarekin. Arnasetik, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. Arnasa Gara proiektuaren xedea euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Sari banaketa jendetsua

250 pertsona baino gehiago bildu ziren bart Arnasetik lehiaketaren sari banaketan Bergaran. Amaia Ruiz de Galarreta eta Esti Curielek gidatutako ekitaldian, UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Bergarako Udalaren ordezkariek guztira sei sari banatu zituzten. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria jaso zuen (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu zen, bozketa bidez hautatua. Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan zituen, eta 250€ko sari bana eman zien herriko bideo irabazleei.

Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, Martin Aramendi UEMAko lehendakariaren eskutik, Berriatua HLHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria  Elizpeko Arbola bideoagatik. Bergarako Udalak, kategoria honetan lehiatutako herriko bideo onena ere saritu nahi izan zuen eta Txokorako Bidean lanarengatik Aranzadi Ikastolako ikasleek jaso zuten Eider Usobiaga Euskara Arloko Zinegotziaren eskutik saria.

DBH 1-2 kategorian, Paula Kasares Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariaren eskutik, Azkoitia BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria  Gabon Maiteak bideoagatik.

DBH 3-4 kategorian,  Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako  sailburuordearen eskutik, Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Leokadi lanagatik. Bergarako Udalak, kategoria honetan lehiatutako herriko bideo onena ere saritu nahi izan zuen eta Nor Miresten duzu zuk? lanarengatik Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleak izan ziren sarituak.

Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Txokorako Bidea bideoak irabazi zuen.

Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira. Aurtengo edizioan, epaimahaiak inoiz baino lan zailagoa izan du irabazleak hautatzerako garaian, izan ere hirugarren edizio honetako parte hartzea inoizko handiena izan da.

2024ko edizioan 260 lan jaso dira, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 40 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan. Zehazki:

Aduna

Baliarrain

Goizueta

Ondarroa

Aizarnazabal

Bergara

Hernani

Orio

Amasa-Villabona

Berriatua

Ikaztegieta

Tolosa

Anoeta

Elizondo

Irura

Usurbil

Aramaio

Elorrio

Ispaster

Zaldibia

Arantza

Errezil

Leitza

Zarautz

Aulesti

Etxarri-Aranatz

Lekeitio

Zizurkil

Azkoitia

Gaztelu

Lekunberri

Zubieta

Azpeitia

Gernika-Lumo

Lesaka

Zumaia

 

Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak

Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.

Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra. Bertako herritarrak ahalduntzea da proiektuaren helburuetako bat euskaldun ahaldunduak dauden lekuetan euskararen aldeko arau soziala aldatzea askoz zailagoa izango delako.

Arnasguneak balioan jartzea bereziki garrantzitsua da euskararen alde egiten duten lanagatik. Izan ere, Edozein hizkuntza gutxituren indarberritze prozesuan hiztun dentsitate handiko guneek, euskararen kasuan arnasgune deitu direnek, izaera berezitua dute, eta ekarpen esanguratsua egiten diote indarberritzen ari den hizkuntzari. Era berean, arnasguneetako pertsonek gainerakoak euskaraz hitz egiten jartzeko badute gaitasuna. Beraz, arnasguneetako biztanleen hizkuntza-ohiturek badaukate garrantzia berezia.

Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-2-3-4ko ikasleak). Egia da, arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat garrantzitsuak dira ere eskualde-buruak, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen nagusitasuna bermatzeko.

Lehiaketaren inguruko informazioa hemen.

Euskararen arnasguneak: definizioaren eta erronken berrikuspena dokumentua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak