Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du Zuzenbidearen Euskal Akademiarekin eta IVAPekin hitzarmen bat sinatzea arlo juridikoan euskararen erabilera normalizatzea lortzeko helburuz.

2010.eko urtarrilak 26

Justizia eta Herri Administrazio Sailaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du Zuzenbidearen Euskal Akademiarekin (ZEA) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin hitzarmen bat sinatzea arlo juridikoan euskararen erabilera normalizatzea lortzeko helburuz.

Lankidetzarekin bi helburu lortu nahi dira: Komunikazioaren teknologien bidez zuzenbide orokorra eta bereziki euskal zuzenbide zibil eta autonomikoa euskaraz eta gaztelaniaz jendarteratzen laguntzea. Zuzenbidearen munduan euskararen erabilera normalizatzen.

Lehenengo helburua lortzeko, Justizia Sailburuordetzak eta IVAPek bultzada handia emango diote ZEAk egindako www.forulege.com web orriari, zainduta eta eguneratuta egon dadin. Euskal zuzenbide zibilari buruzko datu-basea da hori, eta erabiltzaileen esku jartzen ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoen legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarriak izan daitezkeen formularioak. Web hori oso tresna baliagarria da euskal foru-zuzenbidearen munduan euskararen erabilera sendotzeko, eta bultzada emango diogu administraziotik.

ZEAk, gainera, bere esperientzia eta jakituria eskainiko ditu informazio juridikoari buruzko euskarazko wegbune berri bat sortzeko. Webgune horren izena iusplaza.com izango da, eta zuzenbidearen arloko profesionalek eta oro har herritarrek formularioak eta ereduak azkar aurkituko dituzte bertan, demandak, exhortoak eta edonolako agiri administratibo eta judizialak euskaraz egin ahal izateko. Zuzenean edo Justizia Sailaren eta IVAPen orrietako esteken bidez sartu ahal izango da webgunera.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan hizkera juridikoaren batasuna lortzeko, gaiari dagozkion oinarrizko kontzeptuen hiztegi juridiko bete-betea egingo du ZEAk euskaraz eta gaztelaniaz. Zuzenbidearen Euskal Hiztegia/Diccionario Vasco de Derecho izena eta 500 bat sarrera izango ditu hiztegi horrek, eta IVAPek bidaliko dio ZEAri terminoen eta unitate lexikoen zerrenda adostua, hura baita hizkera juridiko-administratiboa finkatzeko eskumena duen organoa.

Hiztegia egiteko, lankidetzarik ahalik eta handiena bilatuko dugu euskararen arloan lan egiten duten erakundeekin eta batez ere Euskaltzaindiarekin.

Adierazitako proiektu guztiak Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrekontuekin finantzatuko dira; urte honetan, hain zuzen ere, 30.500 euro bideratuko dira lan horietara.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-01-26n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Hitzarmena Zuzenbidearen Euskal Akademiarekin eta IVAPekin.