Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Martxoaren 29ko greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak

2012.eko martxoak 23

Datorren ostegunerako, 2012ko martxoak 29, deitutako greba orokorrean gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla bermatzen duen Agindua onartu du gaur Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak. Lanuzte horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileen eta funtzionarioen jarduera guztietan eragingo du. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da bihar.

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko funtsezko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri beharra dauka, agindu honen bidez.

1) Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:

a.- Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

b.- Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku 1 zentroan, pediatra 1, etxeko arretako mediku 1, arretako erizain 1 zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak.

c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak: % 100.

2.- Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale-barneko larrialdiko garraioa eta Basurtoko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.

3.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

4.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

5.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, hori betetzeko pertsona bat baino gehiago duten zentroetan, 2 pertsonek lan egingo dute gutxienez. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun‑ahalmenera egokituta.

6.- Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

7.- Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza, publikoa eta/edo itunpekoa: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

8.- Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalak, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.

9.- Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

10.- Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

11.- Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.

12.- EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.

13.- Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

14.- Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.

15.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

16.- Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, ZUZENEAN zerbitzuaren bidez, ondoko egoitzetan: Araba: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea, 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbo, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egongo du egoitzako eta txandako.

17.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero. Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO EZINBESTEKO ZERBITZUAK

Justizia Administrazioan greba eskubidea baliatu ahal izango da, baina ondoren zehazten diren nahitaezko prestazioak eta gutxieneko zerbitzuak bermatuz, betiere:

  • Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
  • Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
  • Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
  • Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake berekin.
  • Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
  • Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatz-zatian aipatutako zirkunstantzietako bat gertatzen bada.
  • 2012ko martxoaren 29rako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:

              - Zigor-arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.

               - Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.

              - Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.

             - Arlo guztietan, funtsezko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.

  • Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
  • Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
  • Pertsonak barneratzea.

 

AGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da. (EHAArako lotura)

AGINDUA, 2012ko martxoaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko martxoaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean Justizia Administrazioaren esparruan erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da. (EHAArako lotura)

Iruzkin bat
  • @puntocom
    2012.eko martxoak 23

    Comentario de Twitter:
    Servicios minimos decretados por el gobierno vasco para la huelga general del proximo 29 de marzo http://t.co/uhs2Z9d3

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan