Berriak Segurtasuna
qrcode

Cyberzaintzak gogorarazten du zibersegurtasuna eguneroko lana dela eta adin eta sektore guztiei eragiten diela

2024-11-29
  • Bihar, azaroak 30, Zibersegurtasunaren Nazioarteko Eguna da
  • Cyberzaintzatik azpimarratzen da garrantzitsua dela erakundeek, enpresek eta herritarrek erabilgarri dituzten tresnak ezagutzea
  • Euskadi zibererasoen aurrean erresilientea izatea lankidetza-lana da, eta baterako ekintza erabakigarria da

Bihar, azaroak 30, ospatuko den Zibersegurtasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela prebentzioaren kultura sustatzea bai eremu pertsonalean bai enpresaren eremuan. Gero eta konektatuago dagoen mundu honetan, zibereraso bat jasateko edo tranpa digitaletan erortzeko arriskuak gora egiten du esponentzialki, eta ezinbestekoa da, beraz, norbera babesteko neurriak hartzea. Gainera, erakundeek, enpresek eta herritarrek prebentzioan egindako ekintza funtsezkoa da Euskadin erresilientzia-maila handitzeko, ziberdelinkuentziari buruzko datuak gora egiten ari direla kontuan hartuta.  

Ertzaintzak 18.650 delitu informatiko erregistratu ditu aurtengo urtarriletik irailera bitartean. 2023ko aldi berean 19.464 delitu informatiko erregistratu zituen. Gogorarazi behar da, beraz, zibereraso edo iruzur baten susmoa izanez gero, Ertzaintzara jotzea gomendatzen dela, dagokion salaketa jartzeko.

Jardunbide egokiak Interneten

Cyberzaintzak azpimarratzen du ziberdelinkuentziari aurre egiteko modurik onena ondo informatuta dagoen eta egunerokotasunean aplikatzeko jardunbide egokiak ezagutzen dituen gizartea izatea dela, zibersegurtasuna errutina kontua baita.   

Cyberzaintzaren Instagram eta Tiktok kontu sozialetan, nagusiki, jardunbide orokor eta oinarrizkoenen bilduma bat aurkitu daiteke, herritarrentzat modu errazean azalduta, besteak beste pasahitzak nola indartu, softwarea eguneratuta nola mantendu, bi faktoreren autentifikazioa nola aktibatu, zure identitate digitala nola monitorizatu edo zure gailu mugikorrak nola aseguratu. Horrez gainera, funtsezko gaiei buruzko informazio baliagarria eta erraza ere badago, besteak beste, segurtasuna online erosketetan, kredentzialen erabilera segurua, nola instalatu segurtasuneko firewall edo softwareak edo nola erabili modu seguruan hodeiko zerbitzuak.

Hain zuzen ere, garai hauetan, Internet bidezko erosketekin eta ordainketekin lotutako iruzurren kopura gero eta handiagoa dela dakigun honetan, ezinbestekoa da erne egotea eskaintza onuragarriegien aurrean. Erosketa egitean, garrantzitsua da ordainketa-bide seguruak, autentifikazio bikoitza inplikatzen dutenak, erabiltzea (SMSa horietako bat izan daiteke), eta inoiz ez ematea datu pertsonalik edo kredentzialik bitarteko telematikoen bidez. Erosketaren ondoren, bankuko kontuko mugimenduak behin eta berriz berrikustea gomendatzen da, eta arreta berezia eskaintzea paketeen entrega edo aduanetatik pasatzea datu pertsonalak edo bankuko datuak lapurtzeko aitzakia gisa erabiltzen dituzten mailingei edo SMS mezuei.

Hain zuzen ere, phishing eta smishing deiturikoak dira herritarrei edo enpresei eragiten dieten iruzurrik ohikoenetako batzuk.

Javier Diéguez Cyberzaintzaren zuzendari nagusiak gogorarazten du zibersegurtasunaren kontzientzia hartzea ez dela egun bateko kontua, errutina bat izan behar dela eta “egunero eta adin eta sektore guztietatik landu behar” dela. “Ziberdelinkuentzia ez da adinaren, eremu publikoaren edo pribatuaren edo sektoreen arabera egiten. Edozein mailatan gertatzen diren arriskuak detektatu eta ulertu behar dira, prebentzio-neurririk eraginkorrenak ezarri ahal izateko”, esan du.

Zibersegurtasuna adingabeentzat

Cyberzaintzak, Euskadiko Zibersegurtasun agentziak, gogorarazten du adingabeak kolektibo kaltebera direla teknologia berriak modu intentsiboan erabiltzen dituztelako, gizarte-interakzio handia dutelako zabalkunde handiko hedabideen bidez, besteak beste sare sozialen bidez, eta gurasoen kontrola baxua delako eta, kasu askotan, familia-ingurunean ezjakintasuna izaten delako.  

Sare sozialen erabilerari dagokionez, erabiltzaileek kontuan izan behar dute sare sozial batean ezezagunekin elkarrizketak izateak arriskuak dakartzala: webcama aktibatzea edo norberaren argazkiak bidaltzea amesgaizto baten hasiera izan daiteke; izan ere, erabiltzaileek ez dakite zer egin dezakeen asmo txarreko pertsona batek irudi horiekin, edo webcamean erakusten duguna grabatzen ari den, eta gero xantaia egin nahi digun zerbait egitea exijtuz edo dirua eskatuz material hori ez zabaltzearen truke.

Bai Cyberzaintzatik bai Ertzaintzatik ziberkontzientziaren, hau da, nabigazio kontzientearen, garrantzia azpimarratzen dute. Gailuen segurtasuna wifi publikoen aurrean, deskonektatzen ikastea, ziberdelitu baten biktima izanez gero norengana jo behar den jakitea, informazio sentikorra babestea edo sare sozialak erabiltzean jardunbide egokiak izatea dira kontuan hartu beharreko gaietako batzuk.

Zibersegurtasuna enpresentzat

Euskal enpresak ere arriskuak ditu, batez ere, zibersegurtasunaren arloko zerbitzu espezifikoetara bideratzeko baliabide handirik ez duten enpresa txiki eta ertainen kasuan. Enpresen arloan garrantzi handia du azken kalteberatasunen berri izateak; izan ere, horietako asko erabili ohi den softwarean gertatzen dira (Cyberzaintzak egunero eskaintzen ditu gai honi buruzko azken alertak). Gainera, azken urtean gehien baliatu diren kalteberatasunak edo ziberdelitugileen modus operandia ulertzea abiapuntu egokia da prebentzio-neurri egokiagoak ezartzeko. Horrela, Cyberzaintzak gorabeherak arintzeko neurri ohikoenei buruzko informazioa eskaintzen du bere webgunean.  

Era berean, Cyberzaintzaren webgunean bertan, enpresak modu errazean abiatu daitezke zibersegurtasunari buruzko autodiagnostiko batetik. Lehenengo filtro hori egin ondoren, enpresek modu interaktiboan txekeatu ditzakete zibersegurtasunaren arloan ezarri beharreko neurririk oinarrizkoenak. Eta, modu aurreratuagoan, Cyberzaintzak zibersegurtasunaren arloko ariketa batzuk proposatzen ditu prebentzio-neurririk garrantzitsuenak pausoz pauso ezartzen joateko.

Kontuan izan behar da enpresetan, langile batek mezu elektroniko bat irekitzen duenean eta word edo pdf dokumentu bat edo antzeko bat bistaratzen duenean, edo esteka bat sakatzen duenean, bere ekipoaren infekzioa eta troyanizazioa eragin daitezkeela. Puntu horretan, bertako datu eta jarduera guztiak agerian geratzen dira (mezu elektronikoak, finantza-jarduera, planoak, softwarea, etab.). Horregatik, mundu profesionalean ere beharrezkoa da cyberkontzientzia edo nabigazio kontzientea, ziberdelituen biktima izateko arriskua noiz dagoen jakinda.

Kontuan izan behar da, gainera, garatzeko bidean dauden teknologiek, hala nola, Adimen Artifizialak, delitu-modu sofistikatuagoak eta malwarea sortzeko abiadura handiagoa sortzen dituztela, ziberespazioa leku ez-seguruagoa bihurtuz.  

Gero eta handiagoa den erronka

Javier Diéguezek dioen bezala, “ziberdelinkuentziaren arloko erronka gero eta handiagoa da.  Testuinguru horretan, Cyberzaintzak erresilientziaren aldeko apustua egiten du euskal gizarte osoan, lehenik eta behin erakundeekin elkarlanean lan egiteko konpromisotik abiatuta, ondoren, herritarrak kontzientziaren arloan lanean jarraitzeko, Euskadiko segurtasun digitala bermatzeko helburuarekin. Horren barruan sartzen da, enpresak eta erakundeak babesteaz gain, familiak eta herritarrak, oro har, ahalduntzea bizitza digitalean ohitura seguruagoak har ditzaten”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak