San José sailburuak Martxoak 3 Memoriala Fundazioaren konpromisoa aurreratu du sarraskiaren 50. urteurrena dela eta
- Fundazioaren Patronatuak bilera egin du gaur, erregistro-prozeduran atzemandako azken administrazio-arazoak konpondu ondoren
Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék gaur aurreratu duenez, 2026ko sarraskiaren 50. urteurrena dela eta, Patronatuak Martxoak 3 Memoriala Fundazioa abian jartzeko konpromisoa hartu du, baita biktimen erreparazioa eta errekonozimendua bilatzekoa ere.
San José izan da gaur Fundazioaren Patronatuak eratu zenetik egin duen lehen bileraren buru, erregistro-prozeduran zehar atzemandako oztopo administratiboak konpondu ondoren. Bertan parte hartu dute Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Maider Echevarria Vitoria-Gasteizko alkateak, Juan Carlos Elizalde Elizbarrutiko gotzainak eta erakundeen eta gizarte ekimenaren ordezkari diren gainerako kideek (Memoria Gara eta Martxoak 3 Elkartea).
Sailburuak Legebiltzarrean egin zuen lehen agerraldian azaldu zuenez, “sailaren zuzendaritzara iritsi nintzenetik, nire lehentasunetako bat prozesu hori konpontzea izan da”. Otsailean hasi zen prozesu hori, Fundazioak notario aurrean eskritura publikoa eman eta ondorengo izapideak egin zituenean, eta moteldu egin da hauteskunde-deialdiaren eta Eusko Jaurlaritzako sailen osaera berriaren ondorioz.
Behin izapide horiek konponduta, ziurtatu duenez, “dena aurten bertan osatuta edukitzea da gure helburua, Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioak 2025eko lehen hiruhilekoan errendimendu osoa izan dezan”. Ildo horretan, sailburuak gogorarazi duenez, “datorren urtea garrantzi handikoa izango da Fundazioarentzat, ahalegin guztiak egin beharko baititu sarraskiaren berrogeita hamargarren urteurrena, 2026ko martxoan, prestatzeko”.
Patronatuko kide berriak
Patronatuaren gaurko bileran, aurreko hauteskundeen ondoren izendatutako Eusko Jaurlaritzako ordezkariak karguez jabetu dira: María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, patronatuko sortzetiko kide eta presidente gisa; Alfredo Retortillo Giza Eskubideen sailburuordea, bokal gisa; eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Alberto Alonso, bokal gisa.
Era berean, Patronatuak onartu egin du José Antonio Rodríguez Ranz Fundazioaren idazkari kargutik kentzea, izendatua izan zeneko kargua utzi zuelako, eta José Luis Aramendia Justizia eta Giza Eskubideen arloko aholkularia izendatzea.
Bilkura egin ondoren, Patronatuak notarioari jakinaraziko dizkio erabaki horiek, eta Fundazioen Babeslaritza bildu beharko da fundazioari buruzko aldeko irizpena emateko eta Eusko Jaurlaritzaren Fundazioen Erregistroan inskribatu ahal izateko.
San José sailburua pozik agertu da “Vitoria-Gasteiz hiriarentzat hain garrantzitsua” den Martxoaren 3ko Memoriala martxan jartzeko egin diren urratsengatik. San Josék gogorarazi duenez, Fundazioak martxoaren 3ko biktimen memoria berreskuratu, duindu eta transmititu nahi du, baita langileen borroka demokratikoaren eta 1976ko martxoko gertakari traumatikoen memoria ere.
Ildo horretan, ziurtatu duenez, “biktima politikoen egiaren, justiziaren, aitortzaren eta erreparazioaren printzipioak zabaldu nahi dira”, baita bizikidetza eta giza eskubideen kultura sustatu ere. Amaitzeko, San Josék nabarmendu duenez, “biktimek ia berrogeita hamar urtez pazientzia izan dute. Orain jakin behar du erakundeak elkarrekin ari garela lanean beren oroimena duintzeko”.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 28a
-
2024-11-28
Comentario de X:
Gaur Martxoak 3 Memoriala Fundazioa martxan jartzeko konpromisoa aurreratu dut, sarraskiaren 50. urteurrena dela eta.🔗 Irakurri albiste osoa hemen: https://t.co/FFPMtdkcmy
-
2024-11-28
Comentario de X:
Hoy he avanzado el compromiso con la puesta en marcha de la Fundación Memorial 3 de Marzo ante la conmemoración del 50 aniversario de la matanza.🔗 Lee la noticia completa: https://t.co/tZNdB0O7DF