Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak “herri honen alde apustu egiten duten pertsonak eta enpresak” babestuko ditu

2010.eko urtarrilak 28

Arriolaren esanetan, krisi garaian Euskadiren alde apustu egiteak “konpromisoa erakusten duen balio erantsia” dauka.

Etxebizitza Herri Lan eta Garraio sailburuak Euskontrol laborategiaren instalazio berrien inaugurazioan parte hartu du. Bere esanetan, “Euskontrol bezalako enpresak dira norabide zuzenean aurrera egitea ahalbidetzen digutenak”.

“Krisi garaian herri honen alde apustu egiteak konpromisoa erakusten duen balio erantsi bat dauka eta hori oso positibotzat jotzen dute gizarteak eta Gobernu honek”. Hitz horiekin zuzendu zaie gaur Iñaki Arriola Etxebizitza Herri Lan eta Garraio sailburua Euskontrol bezalako enpresei, Euskontrolek Zornotzan martxan jarritako instalazio berrien inaugurazioan.

Iñaki Arriolak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak “herri honen alde apustu egiten duten pertsona guztiak babestuko ditu beti”, eta hori da, hain zuzen, Euskontrolen kasua. Eraikuntza lanetan (obra zibiletan zein eraikuntzetan) erabilitako materialen kalitatearen kontrolerako entsegu-laborategi bat sortzeko eratutako enpresa bat da Euskontrol.

Sailburuak esan duenez, Euskontrol enpresak ikerketa geologikoak, geoteknikoak eta eraikuntza proiektuak egiten dihardu, “gai konplexua, izan ere, obra baten gorabeherarik gabeko garapena ikerketa horien gauzatze egokiaren araberakoa izango da”.

Arriolak gogorarazi du Garraio eta Herri Lan sailburu gisa Euskadiko trenbide-azpiegiturak eraikitzeaz arduratzen den enpresako, Eusko Trenbide Sareko,  burua dela; azpiegitura horien artean, besteak beste, Bilboko Metroa, Bilboko edo Gasteizko tranbiak, Euskal Y-aren Gipuzkoako tartea, edo Donostialdeko Metroa daude. Lan horren ondorioz, hain zuzen, obren gauzatze egokiaren garrantzia ulertzen duela jakinarazi du. “Nahitaezkoa da lurraren ikerketa zehatza, askotan egunerokoa, egitea. Ikerketa geoteknikoek eskaintzen dizkiguten datuen interpretazio egokiak dira gorabeherarik gabe aurrera egitea ahalbidetzen digutenak”.

Sailburuak Euskontrolek Euskadirekiko duen konpromisoa  azpimarratu du. “Bere apustua herrialde honen etorkizunarekiko konpromisoa da eta enpleguaren eta aberastasunaren sorrera bultzatzen du”, ondorioztatu du.





 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola sailburuak