Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren segurtasuna zainduko du

2024-11-24
  • Azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren zaintza indartuko du
  • Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako seinaleztapena eta laguntzailearen presentzia egiaztatuko dituzte

Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu Euskadin azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen bide-segurtasuna zaintzeko.

Alde batetik, egiaztatuko dute garraio horrek administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta beste hainbat alderdiri buruz legez ezarritako baldintzak betetzen dituen. Beste alde batetik, adingabeek, gidariak eta laguntzaileak segurtasun-uhala erabiltzen duten ere egiaztatuko dute. Horrez gainera, eskola-umeen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia.  

Estibalitz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak esan duenez: “Adingabeak dira bide-segurtasunaren arloko kolektiborik ahulenetako bat, eta bereziki zaindu behar ditugu. Eskola-garraioaren kontrolak indartzeak kolektibo horri eragin diezaioketen istripuak prebenitzen laguntzen du”.  

Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpora ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura.

Kontrolak, ahal izanez gero, ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iristen denean eta ikasleak jaisten direnean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak