Berriak Herrizaingoa
Eu

Narriadura kognitiboak gidatzeko gaitasunean duen eraginaren inguruko ikerketa bat egin du Trafiko Zuzendaritzak

2012.eko martxoak 23

Euskadiko Traumatismo Kraneo-entzefalikoen eta Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteen Federazioarekin (FEATECE) elkarlanean

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ikerketa-proiektu bat babestu du hartutako kalte zerebrala duten pertsonek jasaten duten narriadura kognitiboak gidatzeko gaitasunean duen eragina aztertzeko. Igor Bombin Psikologian doktore, neuropsikologo eta Oviedoko Unibertsitateko irakasleak egin du lana, Prometeo Innovationsek koordinatuta. Ikerketak agerian utzi du alterazio kognitiboek mugatu egin dezaketela ahalmen fisiko, ikusmen-gaitasun eta pertzepzio-ahalmen osoa duen pertsona baten gidatzeko gaitasuna, eta ebaluatzeko protokolo fidagarri bat diseinatzeko oinarriak finkatu ditu.

Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) terminoa garapen arrunta izan duen burmuin batek hartutako lesioa aipatzeko erabiltzen da, traumatismo kraneo-entzefalikoek eta garuneko hodietako istripu edo iktusek eragiten dute, eta lokomozio-aparatuari, sentimen-aparatuari, funtzionamendu kognitiboari, komunikatzeko gaitasunari eta jokabidea eta emozioak kontrolatzeko gaitasunari eragiten die.

HKZren ondorioz, gidatzeko ezintasuna edo zailtasuna urritasun fisikoek edo mugitzeko urritasunek eragiten dutenean, errazak dira identifikatzen eta autoetan jartzeko laguntza teknikoak eta moldaketak daude gidatu ahal izateko.

Aitzitik, alterazio kognitiboek edo intelektualek ere seguru gidatzea zail dezakete, eta arazoa da egun gidabaimena lortzeko eta berritzeko egiten diren test psikoteknikoak ez direla beti egokiak aldaketa kognitiboak ebaluatzeko. Gaur egun, ez dago ebaluatzeko protokolorik alterazio kognitiboak dituzten pertsonen artean gidatzeko gai direnak eta gidatzeko gai ez direnak bereizteko.

Arazo horri irtenbidea emateko, Trafiko Zuzendaritzak, Euskadiko Traumatismo Kraneo-entzefalikoen eta Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteen Federazioarekin (FEATECE) elkarlanean, ikerketa-proiektu bat jarri zuen martxan. Bertan, guztira 60 boluntariok hartu dute parte. 

Balorazio neuropsikologikoa, simulagailuaren proba eta gidatze azterket

Parte-hartzaileei hiru ebaluazio egin zizkieten. Hasteko, gidatze proba bat diseinatu zuten, simulagailu batean egiteko (turismo batek dituen moduko aulki bat, bolante bat, pedalak eta abiadura aldatzeko palanka zituen). Ingurune birtual batean egin zuten, arreta-gaitasunari, informazioa barneratzeko abiadurari, eta kontrolatzeko eta zeregin ugari batera egiteko gaitasunari eragiten dieten balizko alterazio kognitiboak aztertzeko.

Horrez gain, azterketa neuropsikologiko sakona egin zieten gidatze eraginkorrarekin lotutako gaitasun kognitiboak neurtzeko. Eta azkenik, benetako gidatze-proba bat egin zuten, gidatzeko aginteak bikoiztuta dituen auto batean, auto-eskolako irakasle batek lagunduta.

Irakaslearen ebaluazioa azken eta behin betiko irizpidea izatea pentsatu zuten, eta simulagailuan lortutako balorazioak eta balorazio neuropsikologikoak emaitza bera ondorioztatzea; izan ere, fidagarritasun hori auto-eskolako irakaslearen laguntzarik gabe lortzea zen helburua, protokolo horri jarraituta, medikuek edo horretarako kualifikatuta dagoen beste profesional batek erabaki ahal izateko seguru gidatzeko gaitasunik duen edo ez.

Irakaslearen ebaluazioaren arabera, 60 parte-hartzaileen % 40 (24 pertsona) ez dira modu seguruan gidatzeko gai. Ez-gai izateko arrazoi nagusia aipatutako alterazio neuropsikologikoak dira. Gainera, agerian geratu da zaila dela kaltetuek eurek euren urritasunaren larritasuna neurtzea; izan ere, ebaluatu eta ez-gaitzat jo zituzten pertsona gehienen ustez, badira gidatzeko gai, eta horien % 16k maiz gidatzen dutela esan zuten. 

Proba neuropsikologikoek nabarmendu zutenez, HKZ izateagatik gidatzeko gaitasunik ez duten pertsonek kalte kognitibo handiagoa dute prozesatzeko arintasunari, arretari eta oroimenari dagozkien alorretan. Simulagailuan alde handiak nabaritu zituzten gidatzeko gai direnen eta ez direnen artean, gidatze eraginkorrari eta neurri arriskutsuak hartzeari lotutako lau aldagaitan bederen. Probak eta simulagailua baliatuta, sailkatzeko eredu bat egin ahal izan dute. Bi balorazio horietatik ateratako bost aldagai kontuan hartuta, pertsona bat % 75,6ko fidagarritasunarekin ebalua daiteke (auto-eskolako irakaslearen irizpidearekin alderatuta). 

Lege-esparrua aztertzea bultzatu

Félix Samaniego Salazar FEATECEko presidenteak ikerketaren garrantzia nabarmendu du, eta baita bere entitatearen kolaborazioa ere, ikerketan laguntzeko profesionalak eta bertan parte hartu zuten boluntarioak jarri baizituen. Ikerketa horrek gidatzeko gaitasun kognitiboaren balorazioa egin ahal izateko tresna fidagarri bat sortzeko balio izatea espero duela azpimarratu eta Federazioak horretan interes handia duela aitortu du.

Amparo Lopez Trafiko zuzendariaren esanetan, berriz, "prebentzioari begira lan egitea eta, horretarako, ezagutza sakontzea da Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren helburu nagusienetako bat. Ildo horretan, ezinbestekoa iruditu zitzaigun kalte zerebrala jasan duen kideren bat duten eta lege-esparruan segurtasun-berme nahikoak ez dituzten familien arazoei aurre egiteko lanean jarraitzea. Ikerketak agerian utzi digu gaur egun egiten diren test psikoteknikoak ez direla nahikoa gidatze seguru bati eragiten dioten alterazio kognitiboak ebaluatzeko. Horregatik, Trafiko Zuzendaritzatik, lege-esparrua sakon aztertzea eta horren balizko erreforma bultzatu nahi ditugu, ebaluazio egokia bermatzeko, gaixoaren zein gainerako erabiltzaile guztien segurtasuna bermatuz gero gidabaimena izaten jarraitzea ahalbidetze aldera".

2 iruzkin
  • @mgmrosa
    2012.eko martxoak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @dc_menni: Estudio sobre el efecto del deterioro cognitivo en la capacidad de conducción http://t.co/hfhY2mL3 vía @Irekia #dañocerebral

  • @dc_menni
    2012.eko martxoak 26

    Comentario de Twitter:
    Estudio sobre el efecto del deterioro cognitivo en la capacidad de conducción http://t.co/hfhY2mL3 vía @Irekia #dañocerebral

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan