Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzaren enpresa-misioak Indiako merkatuaren ateak ireki dizkie Euskadiko konpainiei

2012.eko martxoak 23

 

  • Jaurlaritzak, 9 clusterrek, 78 enpresak eta lehendakariak zuzendu duen bidaian parte hartu duten beste erakundeek misioaren balantze ona egin dute.
  • Bidaia horretan, 200 bilera inguru egin dira (hiru ministrorekin, besteak beste), euskal enpresa baten lantegi bat inauguratu da, Mondragon Korporazioarekin hitzarmen bat sinatu da ezarpen berriak ahalbidetzeko.
  • Euskadik gaitasun handiko, sektore lehiakorreko eta jarduera industria handiko herrialde-irudia eskaini du.

 

Euskadi eta India duela astebete baino hurbilago daude elkarrengandik. Patxi López lehendakariak zuzendu duen enpresa-misioari esker, Asiako herrialdeko merkatuaren ateak ireki zaizkie Euskadiko konpainiei. Hori zen bidaiaren helburu nagusia, eta behar bezala bete da; horrez gain, euskal konpainien gaitasunak ezagutzera eman dira eta Euskadiko eta Indiako enpresen artean merkataritza-harremanak hasi egin dira kasu batzuetan, eta finkatu egin dira besteetan.

Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek, hainbat sektoretako 78 enpresak, 9 clusterrek, Confebaskek, Tecnalia zentro teknologikoak, Bilbao Exhibition Center-ek, Bilboko Portuak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak osatu dute. Ganberen eta enpresa-elkarteen artean bezala, eragile guztien arteko lankidetza funtsezkoa izan da Indiako erakundeen aurrean irudi sendoa emateko.

Ordezkaritzako kideek izan dituzten 200 bileretan, Indiak sektore batzuetan duen hazkuntza-gaitasun erraldoia egiaztatu ahal izan dituzte, eta euskal enpresak sendoak eta lehiakorrak dira sektore horietan, hain zuzen ere. Dagoeneko 43 euskal enpresa daude ezarrita herrialde horretan, eta, aurki, gehiago izango dira.

Misioaren unerik garrantzitsuenetako batzuk, instituzio-mailan, hiru ministroekin egin diren bilerak izan dira: Hiri Garapenekoarekin, Zientzia eta Berrikuntza ministroarekin eta Indiako Energia Berriztagarrien ministroarekin egin direnak, alegia, eta aipatzekoa da, era berean, Maharashtra estatu garrantzitsuko lehen ministroarekin egindako batzarra. Eta, gainera, ordezkaritzak India-Espainia Tribuna foro garrantzitsuan ere parte hartu du. Ekitaldi horiek guztiak egin dira lehendakariaren zuzendaritzapean.

Jaurlaritzak Ganberekin lankidetzan antolatu duen misioan, Indian ezarrita dauden euskal enpresa batzuen sendotasuna egiaztatu da. Adibidez, Punen instalatutako bi enpresa aipa daitezke: Danobat, batetik, Mondragon Korporazioaren kooperatibakoa, taldea gune horretan dituen poligonoetako batean lantegi bat bukatzen ari da; eta RPK, bestetik, enpresa gasteiztarrak aste honetan bere ekoizpen-lantegi berria inauguratu du, atzerrian ezartzeko oso eredu lehiakorrarekin.

Halaber, Bernabé Unda sailburuak New Delhi eta Indira Gandhi nazioarteko aireportua lotzen dituen metroan bidaiatzeko aukera izan du; hori da India bisitatzen duten askok herrialde horretan topatzen duten lehenengo azpiegitura. Bagoiak Beasaingo CAFek eraiki ditu, eta zerbitzuak behar bezala funtzionatzen du duela urtebetetik baino gehiagotik.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak soilik, Bernabé Undaren zuzendaritzapean, askotariko 33 bilera profesional izan ditu. Besteak beste, gailentzekoak dira Indiako patronalarekin (Confederation of Indian Industries), merkataritza-ganberen federazioarekin (FICCI), herrialdeko siderurgia-enpresa handienarekin (SAIL, 1,5 milioi langile ditu), Indiako Teknologia Institutuarekin nahiz Plangintza Batzordearekin (herrialdeko erakunderik boteretsuenetako bat) egindako batzarrak.

Bidaia honi esker, SPRIk eta Mondragon korporazioak hitzarmen bat itxi dute, eta horren bidez, José María Aldecoa presidente duen taldetik kanpoko euskal enpresak taldearen jabetzako Andorio parke industrialean (Pune) instalatu ahalko dira aurrerantzean. Mondragon korporazioak Punen dituen 220.000 metro karratuetako (160.000 Antorin) 40.000 metro kudeatu ahalko ditu SPRIk.

Eusko Jaurlaritzaren kideen agenda ofizialez gain, ordezkaritzako enpresek eta erakundeek ere agenda lanpetua izan dute.  Horretarako, funtsezkoa izan da SPRIk Bombayn duen bulegoaren lana, baita Bombayko eta New Delhiko espainiar Enbaxadaren bulegoena eta Francisco Javier Elorza enbaxadoreak pertsonalki egin duena ere.

Horren harira, Eusko Ganberakek astelehenean lankidetza-akordio bat sinatu du Indiako Merkataritza Ganberarekin. Azpiegiturekin lotutako sektoreko euskal enpresek (eta trenarekin lotutakoek, batik bat) Bombayko Eskualde Metropolitarraren Garapen Agintaritzarekin negozio-bide bat irekitzeko aukera izan dute. Bilera horretan SPRIk, logistika clusterrek, Mafex trenbidearen elkarteak eta sektoreko enpresek parte hartu dute, eta, bertan, euskal enpresa batzuk lehiakorrak izan daitekeela eta beren lehiakideek baino eskaintza merkeagoak egin ditzaketela egiaztatu dute. 2008a eta 2031 bitartean, garraio publikoaren eta autopisten gaineko inbertsioa 50.300 milioi eurokoa izango da eskualde horretan.

Sektorerik aktiboenetako bat makina-tresnarena izan da, AFM, nazioartekotuenetako bat. Puneko Merkataritza Ganberaren aurrean oso arrakasta handiarekin aurkeztu da. Une honetan sei enpresa dituzte Indian, eta aurten zazpi izango dira. Automobilgintzaren sektorekoak ere, Acicaek, agenda lanpetua izan du Tata, Maruti-Suzuki eta Volkswagen erakundeen lantegi nagusietara egin duen bisitekin.

Siderex-ek (siderurgiaren arloko preclusterra) herrialde horrekin lotutako aukerak sor daitezkeela ikusi du SAIL erakundearekin batzartu ondoren, eta Habic-ek, contract-aren preclusterrak, Bombayko 20 arkitekto garrantzitsu bildu ditu bere enpresak aurkezteko.

Trenbideen arloko enpresak barne hartzen dituen Mafex erakudnea, berriz, apirilean eginkizun propioarekin itzuliko da. Beste horrek bidea erraztu dio. Duela aste batzuk, SPRIk Bilbon duen egoitza zentralean, prestakuntza-jardunaldi bat egin zen, Indiako erakundeak joan ziren bertara, eta arrakasta handia izan zuen. Eraikunek eraikuntzaren arloko enpresak barne hartzen ditu, eta bere hirugarren enpresa-misioaren balantze positiboa egin du.

Energia da aukera gehien dituen sektoreetako bat. Energia Berriztagarrien ministroak proposatuta, clusterrak eta Jaurlaritzako kideek Moser Baer xafla fotovoltaikoen enpresa bisitatu dute, eta harekin lankidetzan aritzeko bideak bila litezke. Halaber, India ongien ezagutzen duen clusterretako bat GAIA da, IKT sektorekoa, Bangalore eskualdean (Karnataka) dagoena, batik bat.

BEC ere protagonista izan da egunotan. Makina-tresnaren bi urtez behingo biltzarra dela eta, bilera ugaritan izan baitute hizpide. Eragin positiboa izango omen duten kontaktu ugari egin dira.

Tecnaliaren kasuan gauza bera gertatu da, lehenengoz joan da Indiara, eta Europako erreferentziazko zentro teknologikoetako bat dela frogatu du. Bestalde, Orkestrak, Lehiakortasunaren Euskal Institutuak, harremanak estutu ditu Indiako lehiakortasun erakundeekin, eta urrian Euskadin egingo den The Competitiveness International nazioarteko biltzarrera gonbidatu ditu.

Euskal enpresek, era berean, SPRIk Indian eskaintzen duen laguntzaren berri izateko aukera izan dute. Horietako 35 joan dira Bombayko bulegora, eta hango negozio-zentroak hiru enpresari eskaintzen dizkie zerbitzuak dagoeneko.

India, halaber, Eusko Jaurlaritzako nazioartekotze bekadunentzat xede garrantzitsua da, une honetan bederatzi baitaude enpresetan, erakundeetan, organismoetan eta SPRIn bertan Indian.

2 iruzkin
  • @ESKLDN
    2012.eko martxoak 27

    Comentario de Twitter:
    00.0763: The #Basque Government's trade mission opens the gateway to the Indian market for Basque companies: http://t.co/jfpz6t7i

  • 2012.eko martxoak 24

    ¡Felicidades! Esto son viajes productivos y no otras cosas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)