
Ondarroa: Portuko Udal Kontseilua eratu da, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita
- Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoa da
- Amaia Barredo: “Ondarroan asko dira gizarte-eragileak, alturako eta baxurako ontzidiak, kofradiak, arrainak eta deribatuak merkaturatzen dituen sare handi bat dago eta udalerriaren zati handi bat portu-eremua da”
- Mutrikun eratutakoaren ondoren, Getariakoa, Elantxobekoa eta Eakoa eratuko dira, 205eko lehenengo hiruhilekoan, gainerakoak: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentziakoa
Ondarroa, 2024 11 22
Ondarroan gaur goizean eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren Portuko Udal Kontseilua, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian jakinarazi zuen bezala. Eusko Jaurlaritzak joan den irailean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabiltzen dituen eskumenen esparruan, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita daude.
“Portu batek hartzen duen espazio fisikoa hori kokatuta dagoen udalerriaren zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Ez da lurralde-zati isolatua. Portuko esparruan interes ugari elkartzen dira. Hori dela eta, beharrezkoa da, beraz, eragileek parte hartzea errazteko mekanismoak eta tresnak ezartzea”, zehaztu du Amaia Barredok.
Amaia Barredok adierazi duenez, Ondarroaren kasuan, “asko dira gizarte-eragileak eta alturako eta baxurako ontzidiak, bertan daude kofradiak ere, arrainak eta deribatuak merkaturatzen dituen sare handi bat dago, udalerriaren zati handi bat portu-eremua da, inbertsio handiak hartzen dituen portua da, eta hor dago Egidazu kaia konpontzekoa. Oraindik ere, aisialdiko nautika EKPri transferitu gabe dagoen arren, dagoeneko ari gara bere kudeaketa berria aztertzen. Ondarroako Portuko Udal Kontseilu berriak lan handia du aurrean”.
Parte hartzeko printzipio hori betetzeko, egun hauetan Portuko Udal Kontseiluak eratzen joango dira, Eusko Jaurlaritzako Leandro Azkuek, Koldobika Goitiak eta Edurne Egañak lagunduta. Gaur Ondarroakoari egokitu zaio.
“Kontseilu horietan hartzen diren erabakiak ez dira lotesleak izango, baina elkartzeko eta Euskadiko portu bakoitzean esku hartzen duten eragileak kezkatzen edo arduratzen dituzten gaiak aztertu eta eztabaidatzeko lekuak izango dira. Portuetako instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzeko jarduerak proposatzeko foroak izango dira”, nabarmendu du Barredok.
Portuko Udal Kontseiluak honako portuetan eratzen ari dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. Ondarroako ekitaldiaren ondoren, datozen asteotan, 2024a amaitu arte, jada deituta daude Getariako, Elantxobeko eta Eako Portuko Udal Kontseiluak. 2025eko lehenengo hiruhilekoan, gainerako kontseiluak deituko dira: Hondarribia, Donostia, Orio, Zumaia, Deba, Lekeitio, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia.
-
2024-11-22
Comentario de X:
🚢 #Ondarroa-ko Portuko Udal Kontseilua eratu da. Udalerriaren zati handia portu-eremua da, eta han gizarte-eragileak, alturako eta baxurako flotak, kofradiak eta merkaturatzaileak batzen dira.Mutrikukoaren ondoren sortutako bigarren Kontseilua da.
-
2024-11-22
Comentario de X:
🚢 Constituido el Consejo Municipal Portuario en #Ondarroa, donde gran parte del municipio es zona portuaria y confluyen agentes sociales, flotas de altura y bajura, cofradías y comercializadoras.Se trata del segundo Consejo creado tras el de Mutriku.



