
Euskadi Bono Dendak bonuen % 75a kontsumitu du bere lehen astean
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadi Bono Dendaren V. edizioa jarri du abian, tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko, 3,5 milioi euroko ekarpenarekin. 30 eurotik gorako erosketetan 10 euroko deskontua egitean oinarritzen da, eta zuzenean saltokian trukatu behar da. 5.300 establezimenduk baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin.
Hurbileko saltokiak eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak dira, hala nola ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak, garbitegiak, tindategiak, argazki- eta fotokopia-zerbitzuak, markoztatze-zerbitzuak eta konponketa-establezimenduak.
Edizio berri honek harrera ona izan du herritarren artean. Kanpaina azaroaren 15ean hasi zen, eta lehen aste honetan Euskadiko bonuen % 75 trukatu dira, hau da, 261.000 bonu baino gehiago erabili dira, guztira 350.000 bonu banatu direlarik. Lurraldeka, kontsumitutako bonuen % 74 Araban (38.700 bonu) eta Bizkaian (134.300 bonu) kontsumitu dira, eta % 76 Gipuzkoan (88.200 bonu trukatu dira).
Aurreko lau edizioetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 28 milioi euro bideratu ditu deskontu-bonu horietara; horrek 84 milioiko inpaktua eragin du euskal ekonomian, eta, era berean, tokiko merkataritzan kontsumitzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko balio izan du.




