Lehendakariak "azeleragailua zapaltzeko" deia egin du, Euskadik Europan ahots propioa izan dezan
- Imanol Pradalesek MONDRAGON Korporazioak antolatutako elkarrizketa eta hausnarketa foro batean parte hartu du
Lehendakariak "azeleragailua zapaltzeko" deia egin du gaur, Euskadik Europan jarrai dezan eta ahots propioa izan dezan. Imanol Pradalesek gaur goizean Donostian egin den VII. Mondragon Foroan parte hartu du.
Elkarrizketarako eta hausnarketarako gune horretan, Imanol Pradalesek aste honetan bertan Europako erakundeetara egin duen bidaia ekarri du gogora, eta Europaren diseinu berria taxutzen ari den une honetan "gure etorkizuna herrialde gisa jokatzen ari garela" ziurtatu du. Horregatik guztiagatik, Mondragon taldeari eta EAEko ekonomia- eta enpresa-sare osoari dei egin die Europan egoteko, eztabaida irekietan parte hartzeko eta aliatu estrategikoekin sareak ehuntzeko. "Mugiaraztera eta gure kartak jokatzera", esan du.
"Nire ustez -adierazi du-, Europaren ongizatea eta Europaren etorkizuna industria-sareari eragiten dioten erabakietan asmatzea da. Hori da Bruselan argi eta garbi inposatu den bidea, euskaldunok aspalditik defendatu eta praktikatu duguna ".