Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

KAPITAL SOZIALARI BURUZKO INKESTA 2007

2010.eko urtarrilak 27

 

Euskal biztanleria nahiko zoriontsu eta osasuntsu agertzen da, “oso ongi” (7,1 puntu) da batez bestekoa


Senide eta lagunen sarean 22 pertsona izaten dira, baina lagunak homogeneoak izaten dira

 

Euskal biztanleria neurri handi batean zoriontsu eta osasuntsu agertzen da, Eustatek egindako Kapital Sozialaren gaineko Inkestaren arabera, 10etik 7,1 puntuko batezbestekoa dute.

 

Kapital soziala baliabide moduan ulertzen da, arlo ekonomiko eta sozialetan modu aktiboan parte hartzeko aukera ematen duten sare pertsonal zabalak edukitzean lortzen dena. Parte hartze hori, hain zuzen, konfiantzazko giroan egiten da eta norberaren garapenean, garapen sozialean eta gizarte baten garapen ekonomikoan lagun dezake.

 

Zehazki, Eustatek egindako inkestan, kapital soziala harremanei eta gizarte parte hartzeari lotutako dimentsio multzoa da, eta horien adierazleetako batzuk hurrengo grafikoan laburtzen dira, batez besteko puntuazioekin.

 

graf0005654_01_e.png

Zorionaren atalean osasunari buruz eta bizitzak eta diru-sarrerek ematen duten zoriontasunari buruz galdetu da.

 

Ildo horretan, zoriona, bizitzak ematen duen poza, diru-sarrerei lotuta egon daiteke eta, hain zuzen, horri lotuta dago. Gizarte klasea aldagai garrantzitsuena izateak erakusten du aipatutako lotura; gizartearen beheko klasearen (6,2) eta gizartearen goiko eta erdi-goiko klasearen (7,7) arteko aldea handia da.

 

Biztanleria jardueraren arabera aztertzean, lotura hori ez da hain estua: zoriontsuenak ikasleak (7,5) eta landunak dira (7,3) eta, beste aldean, ez dira hain zoriontsuak pentsiodunak (6,4) eta erretiratuak (6,8). Osasunak garrantzia du autoebaluazioa egitean.

 

Familia mota eta familiaren tamaina aldagaiek garrantzia dute bakarrik egotea ere kontuan hartzen delako poztasuna neurtzean: bakarrik dauden bikoteak (7,2) edo seme-alabak dituzten bikoteak (7,1) dira zoriontsuenak eta ez dira hain zoriontsuak pertsona bakarreko familiak (6,6) eta kolektiboetan bizi direnak (6,6).

 

Elkarren artean lotura handiena duten adierazleak kohesio soziala eta segurtasuna dira. Kohesio sozialak 6,3 (kohesio txikia) eta 7,5 (kohesio handia) arteko zoriontasun maila ezartzen du; segurtasunak, aldiz, pixka bat altuagoa: 5,8 (segurtasun txikia) eta 7,2 (segurtasun handia) artekoa.

 

Senide eta lagunen sarea handia da baina ez du heterogeneotasun handirik

 

Euskal biztanleek batez beste 22,5 pertsona (senideak eta lagunak) dituzte inguruan. Horietako dozena bat hurbilenekoak, harremanik estuena horiekin izaten da.

 

Aldagai sozio-ekonomikoen artean familia mota bereziki baztertzailea da; establezimendu kolektiboetan bizi diren pertsonen senide eta lagunak 14 pasatxo dira, bakarrik bizi diren bikoteenak 24 eta pertsona bakarreko familienak 18,7.

 

Ondoren jarduerarekiko harremana dator, pentsiodunek batez beste 19,7 senide eta lagun izaten dituzte eta ikasleek 24,1etik gora.

 

Tamaina hori sareekiko konfiantzari lotuta dago. Konfiantza txikia duenak konfiantza handia duenak baino senide eta lagun gutxiago ditu (18,3 eta 24). Antzeko zerbait gertatzen da zorionaren eta osasunaren adierazlearekin, oso zoriontsuak direnek (23,5) hain zoriontsuak ez direnek (17,9) baino sare handiagoa baitute.

 

Lautik batek sare txikia du (0-14), erdiak sare ertaina (15-29) eta gainerakoek sare handia (30 eta gehiago). Azken talde horretan, familia mota eta jarduerarekin alderatuta ezberdintasun handiak daudela ikus dezakegu, baina beste batzuekin alderatuta ere bai. Sare handienen % 26,6 gizartearen goiko eta erdi-goiko klaseek dute; % 18 gizartearen beheko klaseak du. Atzerrian jaiotakoen % 14,3k sare handia du; bestalde, Bizkaian jaiotakoen % 26,5ek eta Araban jaiotakoen % 24,5ek dute sare handia. Aldi baterako soldatakoen % 7,3k eta enpresaburuen % 28,2k dute sare handia.

 

Lagunak bakarrik kontuan hartuta, inkestan lagunak homogeneoak edo heterogeneoak diren aztertu da. Biztanleriarentzat oro har, homogeneotasunaren batezbesteko balioa 6,0 da; hau da, ia hiru pertsonatik bik, sinesmen erlijioso, naziotasun, gizarte maila edo joera politikoari buruz euren antzean pentsatzen duten lagunak besterik ez ditu.

 

Sare heterogeneoenak batez ere atzerrian jaiotakoek izaten dituzte, begi bistako arrazoiengatik, eta unibertsitateko ikasleek, profesionalek eta zuzendariek, gizartearen goiko eta erdi-goiko klaseek eta enpresaburuek.

 

Beste muturrean, sare homogeneoagoekin, honakoak: lehen mailako ikasketak dituztenak eta horietara heltzen ez direnak, etxeko lanak egiten dituztenak, 55 urte edo gehiago dituztenak, pertsona ez-aktiboak, beste probintziaren batean jaioak, eta alargunak, bananduak nahiz dibortziatuak.

 

Lagunen sarea homogeneoa izatea gizarte eta politikan parte hartzearekin ere badago lotuta. Sarea ez da hain homogeneoa izango parte hartze handia egiten denean (3,3), hau da, parte hartzea txikia denean sarea homogeneoagoa izango da (6,2). Era berean, sarea ez da hain homogeneoa izango emandako laguntza txikia izan beharrean (7,0) handiagoa denean (4,6).

 

Konfiantzak balio apalagoak ditu, ozta-ozta “nahikoaren” gainetik

 

Euskal biztanleek ez dute konfiantza bera jende arruntarengan (5,8), lanbideetan (5,1), senide eta lagunengan (6,9) edo erakundeetan, azken hauekiko konfiantza nahikoaren azpitik (4,7) geratzen delarik.

 

Instituzioen artean Herri Administrazioaren mailak sartzen dira, baita ere sindikatu eta alderdiak, polizia, armada, bankuak, eliza katolikoa eta GKEak. Haiekiko konfiantza aldakorra da: txikiena alderdiek, 3,1 eta armadak, 3,4. Handiena GKEek, 6,1, Ertzaintzak, 5,6 eta erakunde ongileek (Caritasek, esaterako) 5,5. Tartean sindikatuek, 4,6 eta justizia-epaimahaiek, 4,7.

 

Herri-administrazioetan, konfiantzarik handiena Eusko Jaurlaritzak (5,4) du; udalek ondoren (5,1), NBEk (4,8), Europar Batzordeak (4,7), eta, azkenik, Espainiako gobernuak (4,2).

 

graf0005654_02_e.png

 

Atzerrian jaiotakoek dute instituzioekiko konfiantzarik handiena (5,7). Espainiako beste probintzietan jaiotakoek, erretiratuek, pentsiodunek eta etxeko lanak egiten dituztenek, lehen mailako ikasketarik ez dutenek eta 65 urte eta gehiagokoek “nahikoa” ematen diete.

 

Beste muturrean, konfiantzarik gutxien dutenak hauek dira: euskaldunak (inkesta euskaraz bete zutenak), 25-34 urte arteko helduak, ezkongabeak, laguntza teknikariak, landunak, Gipuzkoan jaiotakoak eta lanbide-ikasketak edo unibertsitatekoak dituztenak.

 

Instituzioekiko konfiantza oso lotuta dago lanbideekiko konfiantzarekin eta konfiantza orokorrarekin; hau da, lanbideekiko konfiantza handia bada, instituzioekiko konfiantza ere handia izaten da (6,9), eta bestela, txikia (2,8). Konfiantza orokorrari dagokionez, 3,2 (konfiantza txikia) eta 5,5 (konfiantza handia) arteko balioak agertzen dira. Ustelkeriari lotuta ere badago: ustelkeria asko dagoela uste dutenek (3,8) gutxi dagoela uste dutenek baino konfiantza txikiagoa baitute (5,5).

 

Hauteskundeetan da gizarte partaidetzarik handiena, eta elkarteetan txikiena

 

Euskal biztanleek hauteskundeetan parte hartze handia dute, batez beste 7,6koa; hau da, azken 4 hauteskundeetako 3tan bozkatu dute. Biztanleek interesa dute eurei lotutako gizarte eta politika gaietan (5,8), baina gizartean eta politikan parte hartze txikia dute (1,2 puntu batez beste), eta elkarteetan ezdeusa (0,8 puntu).

 

Gizarte eta politika arloko jardueretako parte hartzea aintzat hartuta, aldagai baztertzaileenak heziketa maila eta adina dira. Heziketa mailari dagokionez, lehen mailako ikasketak dituztenek eta horietara heltzen ez direnek dute parte hartze txikiena (0,7 puntu) eta unibertsitate mailako ikasketak dituztenek handiena (2,0).

 

Adinari dagokionez, parte hartze txikiena (0,5) 65 urteko eta gehiagoko pertsonek dute eta handiena (1,5) 15-50 urte arteko pertsonek.

 

Elkarteetan parte hartzeari dagokionez, zuzendari eta profesionalak, unibertsitarioak eta gizartearen goiko eta erdi-goiko klaseetakoak besterik ez dira heltzen 1eko batez bestekora.

 

Gizarte eta politikako parte hartzea eta elkarteetako parte hartzea argi eta garbi lotuta daude, batak bestea ekar dezakeelako edo bata bestearen ondorio izan daitekeelako. Baina, horrez gain, komunikabideetarako sarbidearen adierazlearekin ere lotuta dago, biak doazelako txikitik (0,5) handira (1,0).

 

Iturri ugari eta informazio gutxi gai publikoez

 

Euskal biztanleek haien interesekoak diren gai publikoei buruz erdipurdi (5,2 puntu, batez beste), daude informatuta, nahiz eta lurralde bakoitzean informazio-iturriak ugari diren (7,5 batez beste) eta komunikabideak asko erabiltzen diren (6,7).

 

2007.ean, aldiz, Internet eta harreman birtualak oraindik ere gutxi erabiltzen ziren (1,6 puntu, batez beste).

 

Gizarte taldeen artean alde handiak agertzen dira, batez ere adina eta jarduera aldagaiak aintzat hartuta. Adinaren arabera, 65 urtetik gorakoen batez besteko balioa 0,2 da; 15-24 urte artekoena 3,6 eta zenbat eta zaharragoa izan gradiente handiagoa da. Bestalde, jardueraren arabera, etxeko lanak egiten dituzten pertsonek, erretiratuek eta pentsiodunek balio txikiena dute (0,4) eta gero eta balio handiagoa dute landunek (2,1), langabetuek (2,2) eta batez ere ikasleek (3,6).

 

graf0005654_03_e.png

 

Internet eta sare birtualen bidezko harremanak zuzenean daude lotuta harreman pertsonalen intentsitatearekin: 0,9 puntu dituzte harremanak eskasak direnean eta 3,4 harremana estua denean, harremanetan egoteko bide bat baita hori. Hain agerikoak ez diren arrazoiak direla medio, elkarteetan parte hartzearekin ere badaude lotuta: 1,6 puntu dituzte parte hartzea txikia denean eta 3,5 handia denean.

 

Euskal biztanleak oso seguru sentitzen dira, baina 6 puntu eskaseko kohesio soziala dute

 

Kohesio soziala, segurtasuna eta ustelkeria (edo halakorik ez egotea) kapital sozialeko dimentsio garrantzitsuak dira. Euskal kasuan, gainera, seguru sentitzea bereziki garrantzitsua da, batez beste ia 8 puntu lortu baititu. Kohesio sozialak 6 puntu inguru lortu ditu, hurbiltasuna, gatazkak eta ezberdintasunen onarpena batuta. Ustelkeriaren gainean, aldiz, balorazioa negatiboa da; 5,9 puntu lortu ditu, beraz, gehienek uste dute boterea gehiegikeriaz erabiltzen dela.

 

Hiru dimentsioek dute gizarte homogeneotasun handia, baina segurtasunari dagokionez aldeak handiagoak dira. Segurtasunaren barruan honakoak sartzen dira: benetako delituak, delituren bat izateko beldurra, enplegu segurtasuna, gaixotasunak, bikoteen banantzeak eta elkartruke komertzialak.

 

Ez dira hain seguru sentitzen gazteenak (7,3), 25-34 urte arteko helduak (7,4) eta langabetuak eta ikasleak (7,4); baina denen segurtasuna oso ona da. Seguruenak honakoak dira: erretiratuak (8,3), 65 urtetik gorakoak (8,2), etxeko lanak egiten dituzten pertsonak (8,2) eta inkesta euskaraz bete dutenak (8,2).

 

Kapital sozialaren gainerako adierazleen artean segurtasunetik hurbilen daudenak kohesio soziala (zenbat eta kohesio handiagoa orduan eta segurtasun handiagoa: 6,9 - 8,3 artean), zoriona eta osasuna (zenbat eta zorion handiagoa orduan eta segurtasun handiagoa: 7,2 - 8,0 artean) dira. Baina honetan alderantzizko kausazko zentzua har daiteke.

 

Oharra: Kapital Sozialaren gaineko inkesta egiteko, BBVA fundazioarekin eta zenbait erkidegotako eta Espainiako estatistika-institutuekin harreman estuan aritu da Eustat.

 

Eustatek eragitaren aurkezpena egingo du, Soziologiako VIII euskal biltzarrean, otsailaren 12an.





Argibide gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Enrique Morán Aláez
Tel.:+34-945-01 75 35 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.es/bancopx/euskara/indice.asp

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskal Estatistika Erakundea