Berriak Osasun saila
qrcode

Lehendakariak euskal meteorologia zerbitzua eta prebentzio sistemak modernizatzeko bost milioiko inbertsio gehigarria iragarri du

2024-11-22
  • Imanol Pradalesek nabarmendu du Segurtasun Sailak koordinatu eta zuzenduko duela, aginte berarenpean, krisi-mahaia, larrialdi-egoerak gertatzen direnean

Lehendakariak bost milioi euroko inbertsio gehigarria iragarri du gaur goizean, euskal meteorologia-zerbitzua eta prebentzio-gaitasunak "modernizatzeko eta indartzeko".

Legebiltzarrean emandako erantzunean, Imanol Pradalesek aurreratu du datozen asteetan Gobernu Kontseiluak argi berdea emango diola inbertsio horri, euskal meteorologia- eta prebentzio-zerbitzuak azken teknologiekin hornitzeko, hau da: radar meteorologiko berri bat, Kapilduirena ordezkatuko duena; 120 plubiometro eta azken teknologiako 40 disdrometro; bideo-monitorizazio eta erradiosondeaketa automatikozko sistemak; haize ultrasonikoko 10 sentsore; tenperatura eta hezetasuneko 150 sentsore; 9 estazio automatiko; ingurumena behatzeko 40 kamera gehiago; iragarpena hobetzeko eredu berriak; hirugarren belaunaldiko satelite bidezko Meteosat eskuratzeko sistema; adimen artifizialerako konputazio-sistema; edo I+G+b, zaintza eta iragarpenerako ekipo profesionala indartu eta zabaltzea.

Lehendakariak nabarmendu du Segurtasun Sailak koordinatu eta zuzenduko duela, aginte berarenpean, krisi-mahaia, larrialdi-egoerak gertatzen direnean.

"Horrek izugarri errazten du lana. Denbora eta koordinazio egokia urrea dira muturreko egoeretan", azpimarratu du.

"Egun hauetan SOS Deiak eta Euskalmet bisitatzeko aukera izan dut, eta bertan lan egiten dutenek helarazi zidaten esaldi batekin geratzen naiz: euskal zientziaren eta teknologiaren onena Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren zerbitzura daude.

Informazio propioa izatea funtsezko tresna da. Xehetasun handiagoz lan egiteko aukera ematen digu, eta ezagutzen dugun errealitate bati egokitutako erantzunak ematen dizkigu.

Izan ere, Euskalmet ez da ohiko meteorologia agentzia bat, baizik eta fenomeno meteorologiko jakin batek herritarrengan izango duen eragina bere iragarpen eta alertetan integratzen duen agentzia bat. Prebentzioa aktibatzen duen aurreikuspena. Gure protokoloak eta baliabideak etengabe berrikusi eta eguneratu behar ditugu ", esan du Imanol Pradalesek.

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-11-22

    Herritar guztiei alertak helaraziz, hedabideak daude, mundu guztia ez dago digitalizatuta. Arrisku-eremuak jartzea, artifizialki satelite-kontrolarekin eta fauna uxatzailearekin sortutako soinu-irudiekin ahal den arte, arrisku-eremuan sartzen da.

  • Argazkia Xaver
    2024-11-22

    Haciendo llegar alertas a toda población, hay medios, no todo el mundo está digitalizado. Poner zonas de riesgo hasta si cabe con imágenes sonoras creadas artificialmente con control satelital y repelentes fauna entra en zona riesgo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak