
Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala. Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna (Gobernu Bilera 2024-11-19)
Datorren astelehenean, azaroak 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi nahi ditu eta deia egiten dio gizarteari denok batu gaitezen emakumeen kontrako indarkeria geldiarazteko.
Eusko Jaurlaritzarentzat emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzea lehentasuna da, eta hori lortzeko beharrezkoa den batasun sozial eta politikoarekin bat etorriz, euskal erakundeek bat egin dute azaroaren 25ean elkarrekin egindako kanpaina batean, indarkeria matxista ukatzen edo hutsaltzen duten mezuak kolektiboki geldiarazi behar direla ohartarazteko. Izan ere, Nazio Batuek ohartarazten digutenez, feminismoaren eta berdintasunaren aurrerapenen aurrean mundu mailako erreakzio baten aurrean gaude, eta horrek misoginia gero eta normalizatuagoa izatea dakar, batez ere esparru digitaletan, eta gazteria hartzaile nagusia izanik.
Eusko Jaurlaritzak badaki berdintasunaren aurrerapenei erantzuna dela, eta euskal herritar gehienek aurrera egiten jarraitu nahi dutela indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz. Horregatik, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, batez ere etorkizuneko belaunaldi berriei begira, hauek berdintasunaren belaunaldia izatea nahi baitugu.
Azkenik, indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu nahi ditugu, emakume biktimei gure babes eta elkartasun guztia adierazi, eta gogoratu nahi diegu Gobernu honek dituen baliabide eta zerbitzu guztiak eskura dituztela, eta 900 840 111 telefono zenbakia dela hauetara heltzeko sarbide nagusia.
Era berean, herritarrak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean antolatuko diren deialdietan indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena publikoki adierazi dezaten, horrela emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela erakutsiz.


